blogak

Katxonderstango Errepublika

Zer jarriko zenuke Porrotaren Museoan?




Suediako Helsinborg herrian ireki berri dute Porrotaren Museoa, eta bertan erabateko porrota izan diren 51 objektu jarri dituzte erakusgai. Samuel West da museoaren arduraduna, eta, objektu gehienak Ebay bidez erosi baditu ere, "badira kale ilunetan eta esku diruz ordainduta eskuratu dituenak ere", Westek aitortu duenez.

Samuel Westen arabera, porrotak ezinbestekoak dira hobetzeko eta garrantzitsuena da nork bere porrotetatik ikastea. 

Baina zein dira museoan erakusgai jarri dituzten objektuak? Hona hemen haietako batzuk:


Plastikozko bizikleta

Bizikleta normalak halako bi balio zuen, eta 80ko hamarkadan Suedian jarri zituzten salgai. Zergatik ez zuten arrakastarik izan? Garestiak izateaz gain, ez zuen batere orekarik, eta haizeak nahierara ibiltzen zituen harat-honat.

Samuel West, plastikozko bizikletarekin.
Argazkia Zona de Noticias webgunekoa da.


Trumpen mahai jokoa

AEBko egungo presidentea protagonista duen mahai jokoaren izena ezin trumpiarragoa da: "Itzuli naiz, eta kanporatuta zaude!". 

1989an merkaturatu zen, eta Youtuben garai hartako iragarkia aurkitu dugu:




Monopolyaren antzekoa da, baina 
billeteetan Trumpen aurpegia ageri da, eta fitxa guztiek T letra dute. Samuel Westen arabera, Monopoly ahalik eta gehien sinpletu zuten, tontorik tontoenak ere jokatu ahal izateko, eta emaitza oso-oso aspergarria da. 

Gaur egun, ez luke porroten artean egon beharko. Amazonen 89,95 dolarrean dago salgai...



Bic for her

Bic markak "bereziki emakumeentzat egokiak" ziren bolilumak merkaturatu zituen, halako argudioak erabiliz: "Karkasa meheagoa dute emakumeen hatzetara hobeto egokitzeko", "Erronbo formakoak dira horrek bat egiten duelako emakumeen estiloarekin"... 

Koloreak ere "femeninoak" dira...

Bai femeninoak direla boliluma hauek! Buf...
Argazkia Forbes webgunetik atera dut.

Bolilumak erabateko porrota izan ziren; besteak beste, Interneteko gune askotan kritika zorrotzak izan zituelako, bai Twitterren, bai bolilumak salgai jarri zituzten Amazon-en webgunean ere. 

Oiartzun handia izan zuen Ellen DeGeneresen kritika. Egin klik hemen ikusteko (ingelesez).

Harley Davidson lurrina

Ez dirudi ideia txarra marka ezagun bat beste alor batzuetara zabaltzea, baina Harley Davidsonen kasuan esperientzia ez zen batere ongi atera. Motozikleta marka ezagunak Haley Davidson izeneko lurrin eta koloniak merkaturatu zituen 1996an.





Kritika bortitzenak Harley Davidson motorren jarraitzaileek egin zituzten, eta irabazi baino galtzeko gehiago zutela ikusita berehala erretiratu zituzten lurrinak eta koloniak merkatutik. Porrotaren Museoan badu tokia. 


Ketchup berdea


Ketchup berdea merkaturatzeko arrazoia hau izan zen: haurren artean ikerketa bat egin zuten, eta ondorioztatu zuten haurrek janarietan kolore gehiago nahi zutela eta berdea zela kolorerik erakargarriena. Gainera, 2000. urtean merkaturatu zen, Schrek-en arrakastaren garaian. Nola ez zen, ba, arrakastasua izango?





Ketchup berdearekin batera, urdina, morea eta laranja ere merkaturatu zituzten. Hamaika kolore...

Baina arrakastarik ez zuen izan. Antza denez, haurrek gurasoei eskatzen zieten kolore horietako kettxupa erosteko baina gero ez zioten janariei botatzen, eta azkenean, gurasoek erosteari utzi zioten.


Kafearen zaporea zuen Coca-Cola
 
Edari energetikoak sortu zirenean, Coca-Cola Blak merkaturatu zuten: Coca-Colaren eta kafearen zaporea zituen edaria. Goizez kafearen ordez hartzeko egokia omen zen, baita esnea gustuko ez duten kafezaleentzat ere.

 

Edaria erabateko porrota izan zen, eta 2006tik 2008ra baino ez zen egon salgai. Ez ziren asko izan zapore hori gustuko izan zutenak, eta zaporea gustuko zutenek, berriz, erremedio erraza aurkitu zuten: Coca-Cola arrunta eta kafea nahastea.

Beste objektu edo asmakizun asko ere badira Porrotaren Museoan, eta pentsatzekoa da hemendik aurrera ere onartuko dituztela gehiago.

Euskal Herrian ere izango ditugu porrot egin duten produktuak... Ezagutzen duzu halakorik? Twitterren #porrota traola erabiltzen ari gara halakoen berri emateko.

"Lluvia de Bilbao" sartuko dugu porroten artean? Bilboko euriaren ura botilaratu eta salgai jarri dute... Honek izango du eroslerik?


Laster dira donostiarrak "Donostiako sirimiria" merkaturatzen.
Argazkia Ana Vegak zabaldu du Twitterren (@biscayenne).

Agian, arrakastatsua izateko, izena aldatzea nahiko da... Begira zer dioten Twitterren:





Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: oprimiturik eta deprimiturik gabeko lurraldea.

Martin Kitto

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07