blogak

Katxonderstango Errepublika

Eta aginduaren jatorriaz ikertuko bagenu?





Kataluniako egoera sozio-politikoarekin lotuta legea bete beharraz eta desobedientzia zibilaz hainbeste hitz egiten den une honetan, Eduardo Galeanok idatzitako istorio labur hau etorri zait gogora:

Sixto Martinezek Sevillako kuartelean egin zuen soldadutza. 

Kuartelaren patioaren erdian, banku txiki bat zegoen, jarleku bat. Bankutxoaren ondoan, soldadu bat guardia egiten. Inork ez zekien zergatik egin behar zen guardia bankutxoaren ondoan. Guardia egin behar zen egin behar zelako, gau eta egun, egunero-egunero, eta belaunaldiz belaunaldi guargia egiteko aginduari eusten zitzaion eta soldaduek agindua betetzen zuten. Inork ez zuen zalantzarik izan, inork ez zuen inoiz galderarik egin. Horrela egiten bazen, eta betidanik horrela egin bazen, zerbaitegatik egingo zen.

Eta horrela izan zen norbaitek, ez dakit ze generalek edo koronelek, lehenengo agindua zein izan zen jakin nahi izan zuen arte. Artxiboetan asko miatu behar izan zen. Eta asko arakatu ondotik, jakin zen. Hogeitahamabi urte, bi hilabete eta lau egun lehenago, ofizial batek bankutxoaren ondoan guardia egiteko agindua eman zuen; izan ere, bankutxoa margotu berria zegoen, eta ez zuen nahi izan  margotu berria zegoen bankutxoaren gainean inor esertzerik. 

Akaso, aginduak noiztik, norengandik eta zergatik datozen ikertzen hasiko bagina...

Akaso arauak eta legeak bete beharra irtenbidetzat hartu beharrean arazotzat hartuko bagenu...

Martin Kitto

 



Argibideak

Istorioa "El libro de los abrazos" liburutik atera dut, eta "Burocracia/3" izenburua du. Neronek itzuli dut. 

Liburu hori ez dago euskarara itzulita, baina beste hauek bai: "Ispiluak. Mundu ia ororen historia" eta "Hitz ibiltariak". Gainera, Gerardo Markuletak itzulitako Galeanoren hainbat narrazio labur aurki daitezke Istorio hiperlaburrak antologian.

Goiko argazkiaren egilea Leada Gore da (lgore@al.com). Ekaitza izan arren, Arlingtongo soldadu ezezagunaren monumentuaren aurrean (AEB) guardia egiten ari den soldadua ageri da bertan.

jatorrizkoa ikusi

2013-2019
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07