blogak

Katebegia

Uxue Alberdi: “Txapelketako saioei buruz darabiltzagun hitzak irrealak iruditzen zazkit”

Uxue Alberdi idazle bertsolari elgoibartarra.

Uxue Alberdi idazle elgoibartarra elkarrizketatu dugu, Jenisjoplin nobelaren karietara. Nobelak dakarren pasarte bati –bertsolaritzaren ingurukoa– heldu diogu solasean. Aurki argitaratuko dugun ARGIAn irakurri ahal izanen duzu. Horren aitzakian, Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu ez izanaren arrazoiaz galdetu diogu idazle-bertsolariari.

Edonola den ere, bertsolari bezala ez dago txapelketan, baina –Aitzol Barandiaranekin batera– esatari lanetan ari da ETBko zuzeneko emanaldietan.

Hortik abiatu genuen berbaldia:

Nola bizi duzu Txapelketa Nagusia?
Zale baten modura. Bertsolaria izateaz gain, bertso zalea naiz txikitatik, eta asko gustatzen zait bertsoak entzutea. Txapelketa baina, nire gusturako, ez da jarduteko ez entzuteko tokirik naturalena. Nik uste, beste hamaika saio mota daude egokiagoak gozatzeko
Hala ere, kontzientea naiz txapelketan ari diren nire kideentzat oso une garrantzitsua dela.Bertsolarienganako ikusmina izugarria da, daukaten presioa eta beren ahalegina ikusita, bada, zuk ere hala bizi duzu. Zure lagunak diren aldetik, zuretzat ere inportantea da txapelketa.

Esateri lana egokitu zait, eta eginkizun honetan –Aitzolekin batera– ahalik eta zehatzen hitz egiten saiatzen naiz, denbora laburrean dardarazi nauena zergatik dardarazi nauen adierazten. Askotan, ez dago denbora tarteko handirik taxuz zerbait esateko, saiatzen naiz editore batek idazle bati egin ohi liokeen lana, hau da, lehen kolpean dardarazi nauena entzuleei aditzera ematea da nire asmoa, pistaren bat iradokitzen ahalegintzen naiz, hitz batez, pasioa transmititzen.

Zein da, zehatz-mehatz, zuk zeuk Txapelketan parte hartu ez izanaren arrazoia?
Gipuzkoako Txapelketara aurkeztu nintzen orain sei urte, lehen haurra izan berria nintzen, bi hilabete zeukan alabak [Lur eta Xan dira bere seme-alabak], eta oso baldintza txarretan aritu nintzen, asko sufritu nuen, oso gutxi lo eginez.  Aurkeztu nintzen, baina, garbi adierazita: Lekua galtzeko beldurrez. Zein gauza absurdua, ezta? Leku bat gordeta banu edo bagenu bezala pentsatuz, eta inork ez dauka berea denik ezer. Gaizki pasatu nuen. Beraz, ez nuen beldurrez aurkeztu nahi oraingoan, ez nuen galtzekorik ezer. Bertsoa gozatzeko bizi nahi dut, literatura bizi dudan bezala.

Ez da samurra bertsolariaren eginkizuna.
Txapelketako saioei buruz erabiltzen ditugun hitz ederrek oihartzun izugarria hartzen dute, eta txarrek ere bai. Beraz, iruditzen zait biak direla irrealak.

Bertsolaria izugarrizko presiopean ari da Txapelketan, eta ni presio horren aurrean nola jartzen naizen bizitzea ez zait gustatzen. Gustatzen ez zaidan egoeran  jartzen nau, egoak lotuta, besteek nitaz espero dutenak arduratua, egin nahi dudan saioak kezkatua. Bertsoa bizi dut, baina ez ariketa matematikoa bezala, modu efikaz batez ebazteko gisan. Bertsolaritza komunikazio ariketa bat da, jakina, teknika behar duena, baina nahiago dut lanketa hori beste era batez bideratzea.

Bertsotan dudan auto-exijentzia hori saio arrunt batean bizitzearekin nahikoa daukat. Izan ere, bertsolaritza pizgarria da, baina txapelketakoek aldiz gaina hartzen didate. Oraingoz, behintzat.

Lasaiago beraz, esatari lanetan.
Lasaiago baina inbidia ere sentitu dut une batez. Entzuten dituzun kideak kantari, eta zu jartzen zara haien lekuan, patxada osoz noski, baina nahitaez, adrenalina beti hori duzu, txapelketan dauden momentu intentsuak partekatzen eta sufritzen ditugu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07