blogak

Katebegia

“Telebista nork bere txokoan entzutekoa da”

Garrotxako Beget herriko Estelada, esteladetako bat.

Gure lurraldetik harago eraman ohi gaituzte oporrek. Gironako Garrotxan egon gara. Honatx hainbat burutapen, opor osteko buruko armiarma-sarea astintzeko.

Katalunia osoa ez omen da Girona. Garrotxa “Katalunia sakona omen da”. Hizkuntzari dagokionez, elebakarra. Horregatik edo, atzerrian egon gara. Bertako mintzoak, gutiz gehienak, tokiko erakunde, merkataritza-gune, baita multinazionalen testu eta iragarkiak katalanez entzun edo irakurri ditugu, huts-hutsean. Hitz batez, Espainiako legeditik at bizi dira. Ez dute Espainiako Konstituzioak agintzen duen elebitasuna betetzen.

Espainiako EAEko delegatu ohi Carlos Urquijo heldu zitzaidan gogora. Katalanek ez dute betetzen Euskal Herrian aplikatu eta euskaldunok betetzen dugun legedia, Espainiak (Konstituzioak eta bere Gobernuak) ez du bere legedia Katalunian betetzen, hara. Eta pentsu dut, hori indar korrelazioaren ondorioa da, baina ez indar politikoen arteko indar korrelazioaren ondorioa soilik, ez Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko indar korrelazioaren ondorioa soilik, jendarte katalanaren eta berau gobernatzen dutenen arteko harreman korrelazioaren ondorioa baizik.

Tabernetan edo ostatuetan, hots, leku publikoetan telebistak itzalita zeuden. Euskal Herrian, aldiz, festaz festa, kontsumoz blai, telebistak piztuta izaten dira 24 orduz, ozen, algaraka, pantaila bat ez ezik bizpahiru, barra-barra: A3, T5, Cuatro, TV1 eta abar, hots, espainiar kateak nagusi.

Ostatu hartu genuen lekuko langile bati telebista itzalita egotearen arrazoiaz galdetuta: “Telebista nork bere txokoan entzutekoa da. Guk gurean eta leku publikoetan arrazoi bereziren bat izaten denean baino ez dugu pizten”.

Hori neukan gogoan, gaur idazteko. Anartean, Bartzelonan eta Katalunian Estatu Islamikoak egindako sarraskiak ezagutuko ditugu. Hemen ARGIAko lankideen informazioa eta aburuak, zein baino zein interesgarriagoa.

Ez dakit datorren urrian Kataluniako Gobernuak iragarri duen erreferenduma eginen denentz, ez dakit ere Katalunia Estatu independentea bilakatuko den datorren urtean. Politika jarduerak hamaika amarru erabili baitezake jendartea neutralizatzeko, bere armiarma-sarean harrapatzeko. Ugari dira armiarma-sareak, horietako bat Espainiako hedabideek (A3, T5, Cuatro, TV1 eta abar) ehundua.

Edonola dela ere, nago Kataluniako jendarteak –edo Garrotxako jendarteak bederen– berezko sare soziala ehundu duela aspalditik. Atentatuen ondoriozko mina ez dutela A3, T5, Cuatro, TV1 hedabide espainiarrei begira jasan eta pairatu, alafede.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07