blogak

Katebegia

Suhiltzaileen kaserna okupatu ondoren, Sasiko Gaztetxekoak egoitza berriaren iguriki

Asteburua mugitua izan da Hendaian. Sasiko Gaztetxetik kanporatuak izan eta berehala, gazteek suhiltzaileen kaserna zaharra eta hutsa okupatu zuten larunbatean.

Sasiko Gaztetxeko kideak Kotte Ezenarro auzapezaren aginduz kanporatuta izan ondoren, auzapeza bera eta Chantal Kehrig-Cottencon auzapezordea negoziatzeko gertu agertu ziren. Une luze batez mintzatu ondoren, egoitza bat aurkitzeko asmoa azaldu zien gazteei.

Herriko Etxeak hemezortzi hilabeteko epea eskatu die gazteei Sasiko Gaztetxearen segida izanen duen lokal bat eskaintzeko. Udaletxearen eta Gaztetxearen arteko hitzarmena eskuz  egina da, eta bi aldeek sinatua.

Kaserna zaharraren okupazioak eta Kotte Ezenarroren jarrerak oihartzuna izan dute egun hauetan, bai prentsan bai sare sozialetan. Gaztetxeko kide Oneka Jauregiren esanetan, auzapeza “urduri” agertu zen kasernara.

Antza denez, Kotte Ezenarro alkatea hausnartzera gonbidatu zuen gazteen jarrera irmo eta argiak, baita aipatu adostasuna lortzera bultzatu ere nonbait.

Hendaiako Sasiko Gaztetxea Orio auzoko etxe batean egon da bi urtez, etxea Parisko ospitaleena da. Gazteek sostengu zabala ukan dute, baita ekimen ugari egin ere. Hala ere, Baionako auzitegiak etxearen hustea ebatzi zuen.

Iruñeko Maravillas Gaztetxearen afera garai berean gertatu da Hendaiako Sasiko Gaztetxearen mugida. Biek ala biek, elkartasuna adierazi diote azken asteotan. Sare sozialetako mezuetan ageri legez.

Gaztetxeko Oneka Jauregi, Kotte Ezenarro auzapeza eta Chantal Kehrig-Cottencon auzapezordea akordio-agiria eskuetan. (Argazkia: Bob Edme).

Suhiltzaileen kasernaren okupazio unea.

Sasitar gazteak.

Sasiko Gaztetxea Maravillas Gaztetxearekin elkartasunean.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07