blogak

Katebegia

Post posthume: isiltasuna

Isiltasuna. Isiltasun adierazgarria.

Apirilaren 20. Ostirala. Goiza. ETAk Euskal Herriari eragindako kalteari buruzko adierazpena agiria ezagutarazi da hedabide eta egunkari guztietan.

Hendaia. Arratsa. Akelarre eta Baleak elkarteen inguruan. Pintxo-potearen ordua da, usaia, ardura, ohitura… 20 eta 70 urte arteko lagunak gara, gazteak eta helduak, andrazko nahiz gizonezkok. Hamar lagunetatik zortzik ETArekin harreman zuzena edo zeharkakoa izan ditu: diktadura frankismoaren garaiko etakideen alaba edota semeak. Hamarkada bi kartzelan izandako pare bat lagun. Europan nahiz Amerikan hamarkadatan iheslari ibilitako beste bi. Aita eta ama hil berriak dituen beste bat, kausaren alde bizitza eta bizia emandakoak biak ala biak (…). Gaztedi berria, aurrekoen semeak-alabak-ilobak-bilobak, Espainian epaitutako Altsasuko Gazteen soslaikoak.

ETAk agirian interpelatzen duen Euskal Herriaren lagina hortxe nonbait.

Solasetan eta hitz-aspertuetan askotariko gaiak entzun daitezke: Sasiko Gaztetxeari buruzko ebazpena, Presoen aldeko urteroko Futbol7 ekitaldia, Altsasuko gazteen aurkako epaiketa, baita Iruñeko Manada-ren inguruan sortaraziko egonezina. Baratzari buruzko berbaldiak hala nola hondartzara joateko nahikariak entzuten dira ere bai.

Kontrastean: ETAren agiria ez da inoren hizpide, hitz bakar bera ez dago inoren ahotan. Isiltasuna. Isiltasun adierazgarria.

Maiatzaren 4a. Ostirala. Goiza. Aurreko egunean, asteazkenean, ETAren agiri filtratu bat. Ostegunean Genevan irakurritako ETAren agiria. Kanboko ekitaldia. Nazioarteko ordezkaritza. Politikari ezagutuak. Bake prozesutan adituak eta arituak.  ETA. Biktimak. Presoak. Bizikidetza. Gaitzespenak. Itxaropenak.

Hendaia. Arratsa. Akelarre eta Baleak elkarteen bueltan. Pintxo- potearen ordua, usaia, ardura, ohitura… 20 eta 70 urte arteko lagunak gara,  gazteak eta helduak, andrazko nahiz gizonezkok. Hamar lagunetatik zortzik ETArekin harreman zuzena edo zeharkakoa izan ditu: diktadura frankismoaren garaiko etakideen alaba edota semeak. Hamarkada bi kartzelan izandako pare bat lagun. Europan nahiz Amerikan hamarkadatan iheslari ibilitako beste bi. Aita eta ama hil berriak dituen beste bat, kausaren alde bizitza eta bizia emandakoak biak ala biak (…). Gaztedi berria, aurrekoen semeak-alabak-ilobak-bilobak, Espainian epaitutako Altsasuko Gazteen soslaikoak.

ETAk azken agirian interpelatzen duen Euskal Herriaren lagina hortxe.

Solasak eta hitz-aspertuak denetarikoak: Manu Aizpurua Sarasola mediku zendu berria gogoan. Arratsaldean Seaskaren alde izandako danborrada manifestazio jendetsua Baionan, Kasu Ikastola Kexu lemapean, baita Manada-ko bortxatzaileei jarritako epai onartezina, besteak beste.

Kontrastean: ETAren agiria ez da inoren hizpide, hitz bakar bera ez dago inoren ahotan. Isiltasuna. Isiltasun adierazgarria.

ETAren existentzia konplexua izan da. Askotariko “obra” izan da. Gorenaren parekoa, baita behe-bekoaren parekoa ere. Irriak iradoki eta negarrak isurarazi ditu, sufrimendu gaitzak eragin ditu, baita jendea izuarazi ere, izuarazi eta hil. Laborria eragin du, haren etsaien artean baita haren aliatuen artean ere. Eta batez ere, ETAk –erakunde armatuak nahiz  fenomeno sozial, kultural eta politikoak– isiltasuna ezarri du. ETA jaio bazen, “nondik” sortu zen ez du ahaztu, baina “zertarako” sortu zen ahanzten joan zen bidean. ETAk “hitza sorrarazi” beharrean “hitza isilarazi” du. ETA denari buruzko isiltasuna gailendu da.

Diktadura frankistaren 40 urtetako ezaugarrietako bat isiltasuna izan zen. Isiltasuna ere izan da ETAren 40 urteetako –ETAren bigarren aldia– jarduna ezaugarritu duena. ETAk interpelatzen duen Euskal Herriak datozen 40 urtetan isiltasun hori hitzez hornitzen badu, funtsaz betetzen badu, Euskal Herria izanen da. Edo Euskal Herria izan liteke.

ETAren agiria ez da inoren hizpide. Isiltasuna. Isiltasun adierazgarria.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07