blogak

Katebegia

Parisek meza bat balio du (*)

 

Presoen aldeko elkartasuna irudikatu dute 11.000 lagunek Parisen (Arg: Lander Arbelaitz)

Politikak eta erlijioak badute ezaugarri anitz komunean. Konbikzioak behar dituzte, zintzotasuna ere bai. Alabaina, politikaren erraietan jukutria dago, makiabelismoa, estatuaren arrazoia izate oroz gainetik dago.

Parisko 2107ko abenduaren 9ko manifestazioaren historia 1958n hasi zen, ETAren sorrerarekin hasi ere. Egungo gatazka politikoa ulertzeko ETAren bilakaeraren hainbat ezaugarri gogoratu behar dira: ETA herriaren erraietatik jaio zen eta sustraiak errotzeko “santutegia” izan zuen Iparraldean. Tokiko Enbata eta IK mugimenduen abaroan, besteak beste.

Egungo bake prozesua eta berau gauzatu ahal izateko funtsezkoa den euskal presoen aldeko askatasuna ekimena ulertzeko, hainbat mugarri gogoratu behar dira: adibidez, 1970eko Burgosko prozesua eta 1977ko Askatasunaren ibilbidea. Biak ala biak garaipenak izan ziren, bai herri honen burujabetasunaren alde, baita horren helburutan borrokatu zutenen alde ere.

Harrez gero, behin ere ez da bi helburu horien xedetan aurrerapauso eraginkorrik eman. ETAk jarduera armatua behin betiko iragarri ostean, ordea, hainbat urrats eman dira. Aieteko Adierazpenak, Luhuso eta Baionako ekitaldiek –ETAren desarmatzea– normalizazio prozesuaren bidea zabaldu dute irtenbide negoziatu gabeko gatazka honetan. Ez da kasualitatea izan, kausalitatea baizik. Lehen urratsa Aieten eman zen, Gipuzkoan. Aldi batez ezker abertzaleak boterea kudeatu zuen lurraldean. Ez da kasualitatea ere bake prozesu moduko hau Ipar Euskal Herrian bideratu izana: gatazkaren eragina bestelakoa izan delako eta “demokraziaren kultura” beste gisa batez errotu delako bertan, bai gizartean bai berau menpe duen Estatuan.

Euskal Herriaren erraietan sustraituta dauden bi estatuen politika jokoan, irudi luke, Frantziak iniziatiba hartu nahi duela behin-behinean. Alta, Espainiak dauka gatazka ebazteko gakoa. Gatazkan aritutako borrokalarien aldeko beharrek (euren  askapena) aspaldian hartu zioten aurre herri honen burujabetasunaren aldeko beharrei. Gatazkako indar korrelazioen adierazle begi-bistakoa.

Euskal presoen aldeko manifestazioa izan zen ordu bertsuan Johnny Hallyday musikariaren hileta elizkizuna izan zen Madeleineko Elizan. 13:00etan, Frantziako hedabideetan hura izan zen berri nagusia eta bakarra. Garai bateko eliza nola, halatsu egungo komunikabideak. Estatuaren zutabeak biak ala biak.

 (*) “Parisek meza bat balio du” erranairua, Frantziako Henri IV. eta Nafarroako Henrike III. Erregearena omen da. Esaldi topikoa eta apokrifoa ere ei da.

Johnny Hallyday musikariaren aldeko hileta elizkizunak Parisko Madeleineko Elizan.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07