blogak

Katebegia

Nebulosan sortutako kantak

Kantaita enea, 2018

Ospakizun gauean

Benito Lertxundi

Kantaita enea, 2018

 

Preludioa

Urrundik heldu da, bidez bide… Alta, arruntean, hurren izaten da, Orion izan ere. Erranen nuke, ausarki, bere urratsek ez dutela engoitik ortzi-mugarik xerkatzen,  bere gogoa Kasiopea eta Polux konstelazioetan gaindi ibilki dela.

Benito Lertxundik Euskal Herrian gaindi abiatu zuen kantu jarduna, lurrari arras atxikia. Tokiko eta kanpoko hainbat kanta “ondu” zituen, eta hango eta hemengo doinuek eta letrek liluraturik bihurtu zela kantari.

Denborak harrapaturik –erlojugile lanetan hasi zen–, espazioari itzuri egin zion  eta “bide urratzailea” bilatu zuen: kanta eskerga erauzi dio euskal lurrari, eta lurraldeak kanta andana iradoki dizkio berari. Benito itsasturiak nahiz lertxundi menditarrak kanta mundutarrak laga dizkigute bidezidorretan barrena.

Aspaldidanik, itsasoan eta mendian gaindi, haren kantek beste dimentsio batera transzenditu dute. Ospakizun gau batez kantatu daitezke, eta bestondoan, betierekoak bailiran entzun ere. Ez dira inongo ez inoizkoak, eta inoren kantak bilakatu daitezke.

Interludioa

Hamar kantek osatzen dute Ospakizun gauean diskoa; hirugarren kantak izen propioa eman dio diskoari: “Besteen bideetan ibiltzea da ezagutza. Berjabe gogoaren kontzientzia da jakintza”, entzun eta ulertu ondoren, kantarik kanta, bidez bide jarraitzeko berariazko da izena.

Benito Lertxundirenak dira doinu guztiak, Allan Rankin-en Kimu bat zuhaitzan kantarena salbu; letra Jon Maia egile kuttunarena izaki. Hamar kantetako sei letra kantariarenak dira. Bi Fernando Pessoarena. Poeta lisboarra du eleetan eredu oriotarrak. Halaber, Jorge Bucay idazle argentinarraren Isil isilik poemaren eleak hartu ditu eta zilarrezko kanta ondu. Zirraragarria.

Lertxundi, kantaria, musikaria da, baita profeta-poeta gisakoa ere, berezko sena duena. Ibilbide luzea urratu ostean, geroz eta sortzaile on(du)agoa da, gero eta bere-berezko kanta-letra gehiagoa ontzen ditu, berariaz sorturiko doinuetan egoki txertatzen dituena. Haatik, zein ote zeinean txertatuta? Letrak doinuetan edo doinuak letretan? Hori berak baino ez daki.

Ospakizun gauean diskoaren kantak nebulosa batean kausitu ditut hasieran. Lehen entzunaldian kanta inperfektuak iruditu zaizkit –musikarekiko dudan dohain eskasari egozten diot inpresio hori֪–, kantak kaosean ibili zaizkit buruan eta zirimola batean gogoan. Ondoren, hitzak neureganatu ahala, musika-noten artean egokitu ondoren, kantak taxutu ditut.

Olatz Zugastiren laguntasuna eta ahotsa berebizikoa zaizkit esperientzia horretan, Intza Unanuerena emari berria tartekoa. Hala berean, musikari taldea ederto egokitzen zakio kantariaren nahikariari. Diskotik diskora, musikari  bakoitzak soinu doia ematen dio pieza bakoitzari.

Ospakizun gauean entzutea nire-aldiko esperientzia izan zait, ez da Lertxundirekiko estreinako esperientzia –ez zait berarekin bakarrik gertatzen, noski–, oraingoa baina, esperientzia hagitz berezia bizi izan dut –azkena ei da bereziena–.

Bere kanten musika ez da hastapenekoa, kantu moldea ez da iraganekoa. Ez dira lurretik jalgitako kantak, edo ez soil-soilki halakoak. Behialako kantak “herri kantak” ziren gehienak, eta oraingoak “jende kantak” dira.

Bidez bide –esperientziarik esperientzia– esentziazko kantak existentzian txertatuz joan da, esentzia galdu gabe, existentziak funtsaturik.

Kantatzen dituen gaiak ez dira aldatu. Bakea, herria, arima, maitasuna, euskara edota zibilizazioa usaiako gaiak dira egungo kantetan ere. Alabaina, Lertxundiren eleek bere-berezko ahaireak transmititzen dituzte aspaldian.

Doinuak klasikoak dira eta ez dute aberririk. Xumeak dira, baina ez singleak. Euskal folk, country eta rockaren ukituz batera, adibideez, soinu psikodelikoak antzeman ditut Belar Nerabetan kantan. Duela zenbait urte ez (ge)nioke Benito Lertxundiren soinu-jiterik antzemango kanta horri inondik ere; “Inork ezin du une oroz aldakorra eta beti bera… izan”, dio bardoak.

Post ludioa   

Ospakizun gauean kanta bilduman barrena ibilki, Kasiopea edo Pulux konstelazioak antzirudi –Orion kulunkari–, Orioko itsasertzean kulunkatutako doinuek eramaten naute nebulosa batean. Izarrak dir-dir ari dira, eta ortziko bristadak ikusten ditut ene gainean.

Autoan noala entzun ohi ditut kantuok, gauez. Aldian-aldian burua makurtu izaten dut bolantearen aldera, begirada izartegira altxatuz. Lantzean-lantzean, doinu-dirdaiek gatibaturik, izarren hautsa jausi ari ote den sumatzen dut.

Ene senak –animaltasunak– negu gorrian gaudela ohartarazi izatenen nau deblauki. Elurbustia ari da kristalaz beste aldean, bisutsa da ene begiak lausotzen dituena. Kontzientea naiz nire izate transzendentalaren izariaz, baita jakitun ere nire ezagutzaren mugaz.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07