blogak

Katebegia

Nagusien bake garaia

Munduko G7koen goi bileraren osteko oihartzunak artean isildu gabe, A-8ko Oiartzungo bide ordainlekuan trabatuta nengoen enegarren aldiz; abuztuaren 29an. Hura bitxikeria: goi-bilerak iraun zuen bitartean –abuztuaren 23, 24 eta 25ean–, urteko oporren itzulera operazio jendetsuenean, Hegoaldeko eta Iparraldeko ordainlekuetan ez zen ibilgailu ilararik egon. Aste bat lehenago eta aste baten ostean, ilarak hamabost kilometrokoak izan ziren. Bitxia eta paradoxikoa.

“Nola egin dezakete goi bilera Euskal Herrian turismo gehien dagoen asteburuan eta ibilgailuek errepideetako trafikoa guztiz blokeatzen duten egunetan?”, galdetzen zuen jende askok. Paradoxikoa ez ezik, baita absurdua izan ere.

Hona datu bazuk: “Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan 5.500 kamioi geldiarazi dute bilkura bitartean. Goi bilerak lau milioi euroren galerak eragin ditu garraio sektorean”. Euskal Herriko garraiolarien Hiru sindikatuko Biktor Galarza idazkari teknikoa “harrituta” zegoen: “Ez dugu ulertzen goi bilerak sortu duen kaosaren inguruan, zergatik ez duten ezer esan bertako agintariek”. Hegoaldeko gobernarien jarreraz ari zen. Iparraldeko agintari zenbaitek zorrotz kritikatu baitituzte goi bilerak eragindako desmasiak. Poliziek goi bileraren aurka aritu diren herritarrekiko izan duten afrontua kritikatu dute, baita galera ekonomikoak jasan dituzten merkatarientzat kalte-ordainak eskatu ere bai. Euskal Elkargoko lehendakari Jean-René Etchegarayk, besteak beste.

Aldiz, EAEko Iñigo Urkullu lehendakariak ez du deus erran, ez goi bileraren inguruan ez eragindako kalteez. Ertzaintzako buru Josu Bujandak hartu du hitza: “Ulertzen dugu garraiolarien haserrea, baina, Eusko Jaurlaritzak Frantziako Gobernuaren aginduak kudeatu baino ez du izan”. Bere aburuz, Afrikatik heldu ohi diren auto gidariek euren etorrera mailakatu dute, eta herritarrek, Biriatuko muga ez erabiltzeko Ertzaintzaren gomendioei kasu egin diete. “G7 goi bilerarako prestatu duten azpiegitura kontuan hartuko dugu, beste irteera eta itzulera trafiko-operazioetan erabili ote litekeen jakiteko”., gehitu du Bujandak,

Frantziako Estatuaren estrategia zorrotza izan da: poliziek izua zabaldu dute lehenik eta baretasun itxura hedatu dute ondoren. Zazpi estatuen nagusikeria begi-bistakoa izan da. Erabili dituzten bitartekoak izugarriak izan dira, indar polizialen zabalpena egin ez ezik, “erakustaldia” eman nahi izan dute. Baita lortu ere: Biarritz hiria setiatu dute, kostaldeko herriak eta errepideak hustu dituzte eta bake itxura eman.

Iragan berri garai gatazkatsu bortitzean, ertzainak Zipaio izen gaitzesgarriaz deitua k ziren. Zipaio “kanpotarren aginduak betetzen dituena” da. Bake garaian ere bai?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07