blogak

Katebegia

Maite zaitut, nik ere ez

BAMn egindako euskarari buruzko inkestaren karietara bildutako euskarazaleak. Argazkilaria: Isabelle Miquelestorena. Miquelestorena.

Hegoaldean, euskara abagune bi hauen artean bizi da: Joxan Artzeren “euskara galduko da dakigunok ez dugulako egiten…” eta Bitoriano Gandiaren “euskaraz egiten ez duenak berak jakinen du zergatik ez duen egiten, baina egiten ez duenak ez dit euskaraz egiten uzten” direlakoen artean.

Iparraldean, berriz, euskara aztergai  dugu azken bulta honetan, BAM barrutian, besteak beste. Bidasoaz goitiko euskararen egoera bestelakoa da, legez eta bestez. Egoera hau zailago zait deskribatzea.

Euskara kontu soziala izateaz gain, kontu psikologikoa iruditzen zait Iparraldean. Mendialdeko herrixka bateko irakasle batek honela erran dit berriki: “Aitatxi-amatxi euskaraz mintzo zaizkie bilobei, eta hauek frantsesez erantzun. Gurasoak lorietan daude, beren haurrek euskaraz hitz egiten dutelakoan…”.

Aspaldi gabe, “euskal arazoa” hizpide, Ipar eta Hegoaren arteko aldeaz mintzatzean “muga psikologikoa” adierazpidea erabili zen. Barregura ematen zidan, “arazoa” bi hitzetan ebazten baitzen. Orain, euskarari dagokionean pentsu dut “kontu psikologikoa” izatera iritsi ote den.

Euskara orain gutxira arte ez da eliteen hizkuntza izan, ez Hegoan, ez Iparrean. Tira, Iparraldean lekutan dago horrela izatetik. Frantziak “inprimatutako” hezkuntzak euskararekiko glotofobia txertatu du herritarrengan, bai euskarekikoan bai frantsesez “dorpeki” egiten dutenekikoan.

Euskal Elkargoa eratu zenetik urte bat joan da. Inork uste al du erakunde horren goi-karguek –gehienek– euskarak frantsesaren maila berekotzat –eskubide berekotzat– dutenik? Bada hala bada, bera ez da hemen bizi, edo ni “ez naiz hemengoa”.

“Horren frogarik?”, galdatu ahal dit norbaitek. Nire froga ez da “inkesta soziologiko” baten parekoa, bistan da. Bizi naizenaz mintzo naiz. Eta ez naiz abertzalea ez denarekiko esperientziaz ari, abertzaleez baizik. Ez nirekiko jardunean, prefosta, euskalduna –abertzale izan edo ez– nirekin euskaraz mintzo baita. “Faltaria plus!”.

Ez, ez… “Eliteko” euskaldunak “frantximent”-arekiko egunero izaten duen jardueraz ari naiz. Menpekoa erabat. Errepublikak (in)kontziente kolektiboan sarraraziko glotofobiaren adierazle.

Dena den, bidenabar, bejondeizuela euskararen alde adorez diharduzuen guztiei: ikastoletan, gau-eskoletan, irratietan, bortuetan nola BAMn euskaraz ari zaretenei. Ene oniritzia duzue, ezbairik gabe.

Nork bere afrontua bizi du. Nik euskararen egoera Iparraldean eskizofrenia suerte baten gisara bizi dut. Serge Gainsbourg eta Jane Birkinen Je t’aime… moi non plus kantaren harian eta zurrunbiloan. Hots, “maite zaitut, nik ere ez”.

Serge Gainsbourg eta Jane Birkinen Je t’aime… moi non plus kantaren harian eta zurrunbiloan. Hots, “maite zaitut, nik ere ez”.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07