blogak

Katebegia

Lau libururi aitorpen laua

“Lau libururi aitorpena egin nahi diet, nire esker ona eskaini”

Gelditu zaitezte gurekin / Ana Malagon (Elkar, 2017)

Patagoniara Hazparnen barrena / Kepa Altonaga (Pamiela, 2017)

Ospa / Juan Luis Zabala / (Susa, 2017)

Bihotz handiegia / Eider Rodriguez  (Susa, 2017).

 

 

 

Katebegia, politikaren eta literaturaren (h)egian. Lema horien pean jardun ohi dut gune honetan. Egia hegian ibiltzen da, baina egiago da literaturenean politikenean baino.  Orain gutxi maxima gisako bat  paratu dut orriotan:

Literatura, nire uste zuloan, berez da autonomoa eta burujabea. Literatura berez manifestatzen da. Sistemak ezin du obra baten kalitatea ezbaian ez auzitan ipini, berez eta artez. Besterik da, obraren ibilbidearen ondorioz egile bakoitzaren bilakabidea, baita haren obraren bilakaera eta garapena.

Gure literatura bi alditan plazaratu izaten da, uda osteko larrazken-negualdian, eta udaberrian. Aurtengo primaderako uztak plazaratzen hasi  diren honetan, goian aipatu lau libururi aitorpena egin nahi diet, nire esker ona eskaini.

Lauak aspaldion irakurriak, lauekin gozatua, baina betarik ez, sosegurik ez, hitzen bat eskaintzeko. Testutxo hau ez da liburu hauei buruzko kritikarik, ez inpresio landua ere. Aintzatespen xumea baino ez da:

Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin. Bere lehenbiziko lanak liluratu ninduen, bigarren liburua ez da erraza alabaina. Alta bada, berezkoa sena du literaturako, jendeon baitan murgiltzen da, gure ona zein txarra iradokiz. Gure galerek egiten gaituzte “handi”. Gutaz ari nauzu, pertsonoz naski.

Kepa Altonagaren Patagoniara Hazparnen barrena saioa. Saiogile honek saio apartak eskaini dizkigu dagoeneko, apartak diot, euskal saioekiko bestelakoak baitira bereak. Euskal Arkadia Ameriketan (Argentinan) eraikitzeko asmoa eta ahalegina eskaini digu honako honetan.

Juan Luis Zabalaren Ospa hogeita hiru narrazioz osatuta dago. Idazle zaildua da azkoitiarra. Erraz idazten daki, erraz idaztea jardun literario zailena izaki. Aldian-aldian idatzitakoak dira narrazioak, txitean-pitean, eta nire espresioa hau ez da gutxiesgarri.

Eider Rodriguezen Bihotz handiegia jauzi handia da bere sorkuntza literarioan. Bere istorioetako protagonistei zalantzazko nortasuna, bere ziurtasun faltak ematen dizkielakoan nago. Geroz eta zirraragoak dira euren izaera, baita bere literatura-tasuna ere, tasunak eta asunak barne.

Oharra: Lau idazleon liburuen gaineko iritziak zintzilikatuta dituzu Armiarman. Euskal literaturaren alde diharduten langile prestuen aburuak.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07