blogak

Katebegia

La última oportunidad

 

Goizeko 8:00ak irian jo du telefonoak, ozen jo ere.

– Nor da?
– Nor da?–, esan dute ia batera Telmok eta Brigittek.

Gaztelaniaz mintzo da deitzailea, ozen ez ezik garrasika. Ahotsa ezezaguna du, jarduna ez. Haren mintzoa azkarra eta zabarra da.
“Es su última oportunidad, señora Bardot!”.
Begitartea ilundu zaio. Eramanezina zaio Bardot abizena.
– Zer da ama?
– Zer duzu?

Arritxuk sakonetik hartu du arnasa.

– Ezer ez, maiteak. Bukatu gosaria, segituan goaz eta.
Txingudi Ikastolan ari dira seme-alabak. Telmok bederatzi urte ditu, zazpi Brigittek. Hondarribian bizi dira. Abizena senar ohiari “zor dio” Arritxuk. Paristar aberaskumea, aldarera lagundu behar ez zuen playboy ustela. Argien hirian ikasi zuen garaian ezagutu zuten elkar, Eramus-i esker.

Harreman sutsuaren argitan Euskal Herrira etortzea deliberatu zuten. Arritxu ez da etorri izanaz damu, baina “Hendaian bizi banintz sikiera”, pentsatu ohi du. Hondarribian bizi izateaz, damu da.

– “Baietz, Espainian hobe, eta Hondarribian bada xarmanki”, tematu zen Alain.
Estreinako distirak amatatzen sentitu zituen emeki. “Zer ikusi nuen gazte pijo harengan?”, pentsatzen du maiz.
– “Parisko distirak itsutsu zintuen”, esan ohi dio amak.
Alainek goi-mailako diplomak harrotasunez aireratzen zituen orduan. BNP Parisbas-en ongi kolokatuta zegoen. Bestela ere ongi “kolokatu-ta” ibiltzen zen. Emaztekia berandu ohartu zen ordea, baita kasinoetako jokoan ez zebilela maingu ohartu ere.

Seme-alabak jaio ostean jabetu zen senarraren ludopatiaz. Baionako BNPko sukurtsalean ari zen orduan. Ia asteburu oro hau entzuten zion:
– “Gure sukurtsala ixtear dago. Nagusiak berau salbatzeko lan gehigarria eskatu dit”.
Argudioak sinesgaitzak ziren, baina 2007ko krisi finantzariak “gezur potokoenak” estali zituen.
Behinola, errezeloek kitzikaturik, Parisen lagun egin zuen Helena ikaskide hendaiarrarekin BABera irten zen; dendaz denda, larunbat arratsalde pasa. Miarritzeko Casino ondoko terraza batean “harrapatu” zuen senarra, BBren antza zuen Sylvie-rekin mukiak elkarri miazkatzen, bera baino bost urte gazteago zen idazkariarekin, Alain zakila baino hamabost…
Edonola ere, erromantze itxurako Delon&Bardot txalupak agudo jo zuen hondoa. Icebergak Titanic nola, halaxe hondoratu zuen Barrère Biarritz Casinoak handi-mandi andana. Alain eta haren familia barne.
Aitari txikitan entzun ohi zion “jokoa ez da errenta” hobeki ulertu zuen harrezkero Arritxuk.
Berehala dibortziatu ziren. Haatik, erosi zuten apartamenduaren kostu altuari aurre egiteko lan gaitza egin behar izan du. Itzultzaile lanetan ari da, freelance, nekez egiten dio aurre kredituari.
Telefono deiaren biharamunean jaso du Kutxabank-ren gutuna. Urtarrilak 2 dituela utzi behar du apartamendua.
Eguberrietako tristura inoiz baino barrurago sartu zaio.
Urtats biharamuna da, burrunba handiek esnatu dituzte Arritxu, Telmo eta Brigitte. Jende-olde batek atariko sarrera ixten dio Ertzaintzari. Patruila-auto berriak joan-etorrian dabiltza, bertan kontzentratuak, aldiz, irmo paratuta daude etxearen hustearen aurka.
Hondarribiko lagunez gain, hendaiarrak eta zumaiarrak ikusi ditu Arritxuk; negar malkotan leihoan. Eguerdi aldean, ertzain-buruak Helenaren esku utzi du agindua.
“Es una orden judicial para Arritxu Osa Manterola”.
– “Esaiozu, hurrengoan bai, hurrengoa azken aukera izanen duela”, berretsi dio ertzain-nagusiak.

 
Hazila

Oharra: Borderline Fabrika ekimen berria da Hendaian. HaziGazia fanzinea publikatzen dute, besteak beste. Urtarrilean 6. zenbakia zabalduko dute La última oportunidad / Azken aukera / La dernière chance / lemapean.

Hazila goitizeneko lagun batek helarazi dit testu hau.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07