blogak

Katebegia

Kontatzea da bide bakarra

Adabaki ekoiztetxeak produzitua, Gastibeltza filmak elkartearen eskutik heldu da Iparraldera.

Gure oroitzapenak 
(Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioa zinemara ekarria)

Hamabi egile
(Nazioarteko hamabi zuzendariren film kolektiboa)

Adabaki, 2108
(Gastibeltza filmak)

 

Adabaki ekoiztetxeak produzitua, Gastibeltza filmak elkartearen eskutik heldu da Iparraldera Gure oroitzapenak. Hendaian ikusi dugu asteartean. Mireia Gabilondo eta Manex Fuchs zinegileek aurkeztua.

Sarrionandiaren unibertso literarioa hamabi piezatan emana da. Alta, zinegileek oinarrian hartutako poema, narrazio eta kantak hamabi baino  gehiago dira. Filma, zinemagintzan ohi denez, jende elemeniak egina dago.

Idazle honen unibertsoa askotarikoa da: sorlekua, militantzia politikoa, borroka armatua, tortura, kartzela, ihesa, erbestea, amodio eta desamodioa, gerra, itsasoa… Sarrionandiari herria, mundua bilakatu zaio. Pertsonak nazioarteko hiri erraldoi bateko herritar errariak dira bere munduan.

Literatura hitzen bitartez egiten da. Irakurle bakoitzak osatzen du idazleak asmatutakoa. Nork bere irudia eraikitzen du, norberaren iruditeria osatu aldera. Zinemagileek ere testuen bidez osatzen dute irudia. Baina irudia, zeluloidezko irudia ikusgarria da, zinezkoa da.

Hamabi ikuska horien oinarrian dauden testuak beste batzuk balira, edota berberak beste hamabi egileen esku izan balira, filma bestelakoa litzateke. Baina horixe bera da literatura. Irakurle bakoitzak bere unibertsoan egokitzen du idazlearena.

Gure oroitzapenak film egokia da oso, hagitz duina. Ez zuten egiteko samurra, ez ekoizleek ez zinegileek. Haatik, asmatu ez ezik, kausitu dute bilatu dutena. Batzuek hobeto beste batzuek baino, baina, denak baturik, Sarrionandiaren unibertso erraldoiaren isla begitandu zait.

Sarrionandiaren unibertso literarioan jendea dago letra larriz, Ideologia guztien gainetik eta erlijio guztien azpitik –ismo guztiez harago, entelega dezagun–, emakumeak eta gizonak daude. Pertsonak dira pertsonaia nagusiak. Bera ari da, baina gutaz ari da batez ere. Filmean alderdi hori ere nagusi da, edo hala uste ikusi dut.

Filma kako-orratza edo eho-ziri lana da. Luze joko luke, ikuska bakoitza xehetzea eta iruzkintzea. Nago baina, filmaren ikusgarritasunaren gakoa, egileek –elemeniak lagundurik– Sarrionandiari dioten begirunea da, baita bere obrarekiko miresmena eta ezagutza.

Izkiriatzen hasi zenean, “suaren inguruan eseritako primitiboak legez, istorio guztiak kontatuta zeudela” uste zuen Iurretako idazleak. Mende erdiren ostean, Habanako idazleak “gaur egun dena kontatzeko dago”, erran berri digu.

Itsasoa da bide bakarra, hots, kontatzea da bide bakarra.

 

P. S.: Gure oroitzapenak

Gure oroitzapenak
Itsas galeretako oholak bezala
Ez dira
Itsas hondoan ezabatzen
Ez dute
Inongo porturik helburu.
Gure oroitzapenak
Itsas galeretako oholak bezala
Ur gainean doaz kulunka
Uhainek eraginak
Ezabatu ezin
Eta xederik gabe.

(Hitzak: Joseba Sarrionandia. Musika: Mikel Laboa)

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07