blogak

Katebegia

Konplexua eta sotila, jendearen erraietatik erauzia

Lander Garro da, nobelaren azalaren egilea.

“Jenisjoplin”  Alberdiren bigarren eleberria da. Arg.: Dani Blanco.

Jenisjoplin

Uxue Alberdi

Susa, 2017

 

 

 

 

 

 

 

 

Jenisjoplin nobelak zer esana eman du dagoeneko. Hainbat kritikarik eman du bere juzkua, baita egilearekin izandako elkarrizketek liburura iristeko hainbat arrasto laga ere. Zer gehitu ote daiteke?

Euskal poeta batek –aspaldion poesia karrikaratu ez duena– behinola erran zuena berrestera heldu naiz: “Dena idatzita dago, baina ez nik idatzita”. Kasuon, dena ez da idatzita, baina esana balio zait “idatzi denaz beste” zerbait gehiago paratzeko.

Liburuaren azaletik hasita: ederra da azala, poliki ageri zaigu Jenisjoplin protagonista. Fruitu honen mamiaren usaina usnatu dukezu, azala begietara eta sudurrera hurbilduz gero. Lander Garroren lana da, nabarmentzeko modukoa. Eta ez da bakarra.

Nagore Vargasen izengoitia da Jenisjoplin. Rafa Vargas aitaren kantari kuttuna izan zen Janes Joplin-i hartua. Aldeak alde, Nagore Vargasek eta Janis Lyn Joplinek badute ere antzeko jite bat, hainbat paralelismo euren jardueran: erreboltariak dira biak ala biak, destino berak parekatuta: hiesa sindromearen eramaileak dira-eta

Horietaz beste zer esan baina? Bada, Janes Joplin bera, Rafa Vargas eta Nagore Vargas, aldeak alde, belaunaldi eta kultura baten kate-begiak izatea. “Kultura baten begiak” diot, hots, mendebaldeko eredu kulturalaren eta sozialaren isla, jendarte kapitalista kontsumistaren “erreprodukzioak”, edota, alderantziz errana, produkzio horren eragileak.

Hots, euskaldunok ere kultura horren parte gara, unibertsaltasun horren geurezko partikulartasun baten adierazleak, adierazleak eta emaileak. Azkeneko mende honetan bizimolde horren elikatzaile eta kontsumitzaileak.

Nagore protagonistaz batera, aitaz gainera, amama Rosa, aitita Manuel, eta euren alaba eta arreba Karmen dago: hiesak mundutik eraman zuen izeba. Arantza Alkorta ama, Luka Moreti bikote-laguna, Irantzu lagun mina ere dira istorio honetako pertsonaiak, bestalde. Hots, bi eta hiru belaunaldien begi-kateak lotzen dituzten pertsona(ia)k, nobelaren egituraren euskarriak.

Nobela ETA fenomeno soziopolitiko armatuaren azken hamarkadetako gain-beherakadaren erretratu bat da. Fenomenoaz egin daitekeen hamaika erretratuetako bat, bistan da. Dena dela, erretratu egokia. Jenisjoplin protagonistak errebolta baten porrota kontatzen digu, sotilki eta bortizki narratua, hitz horiek dituzten adiera guztietan ulertua. Errelatua sotila da, baina pertsona(ia) konplexu baten ahotik kontatua da, eta bortitza da, inboluzio etengabean bizi den jendarte baten erraietatik erauzia delako.

Jenisjoplin nobela inboluzio politiko eta frenetiko baten emaitza da. Identitate kolektiboek elkarren kontra talka egiten duten jendarte amorratu eta sumindu baten adierazlea. Giza bilakabidean gizartearen bizikidetasuna “ezinezkoa” egiten duen belaunaldien arteko talkaren erakuslea.

Pertsonak mugatuak eta kontraesankorrak gara, ahulak funtsean. Ingurumari bortitz batek inposatzen dituen kategorien menpekoak. Gure historia berriaren ispiluetakoa den Jenisjoplin nobelan islaturik antzeman ditzakezu jarrera hierarkiko horien zantzuak.

Emakumea bat da protagonista. Inboluziorik inboluzio, gure herrian eman den inboluzioa ez dela guztiz atzeranzkoan eman, ez dela erregresioa izan, esan dezaket neronek.  Nagore Vargas bere buruarena ez ezik, bere gorputzaren jabe izan nahi duen belaunaldi sendo baten partaidea baita.

Uxue Alberdiren lana azpimarragarria delakoan nago. Oso ongi uztartu ditu bi belaunaldien narrazioak, hots, bi erralatuak, garaian garaiko kontakizunak ongi alderatuz: gibelera-aitzina eta joan-jinean ibilki, ederki  harilkatu ditu guraso eta seme-alaben arteko maitasun adierazpideak, hala nola elkarren arteko eraman ezinak.

Nobelaren dohain bat aipatu aldera, hizkuntzaren doitasuna, solaskideen mintzoaren bizitasuna, protagonisten sen askotarikoaren adiera-bideak eta adierazpideak. Hizkuntza bizia darabil Alberdik, irakurle berriek “behar duten” lengoaia.

Idazleak elkarrizketa batean aitortu duenez, ez da erraza menderatzen ez duzun horretan tematzea, literalki halaxe errana: “Ni oraindik deskubritzen ari naiz zertan moldatzen naizen ongi samar eta zertan ez dudan asmatzen”.

Ez da gutxi hori aitortzea, beti baitago hobetzea. Literatura edota fikzioa faktore eta ezaugarri anitzen menpe dago, horiek ongi eraikitzea eta harilkatzea “pribilegiatu” bakar batzuen esku dago. Horienak ere, lan luze eta tematuaren ordaina izaki. Ongi idaztearen “erregalia” ez baita jainkozko pribilegioa, ofiziozko erregalia baizik.

Historiaren agerbideko istorio duinak eta erakargarriak idaztea ez da edonoren eskura. Uxue Alberdi idazleak, ene uste zuloan, hauxe barneratuta dauka: “Idazlearen ofizioa duina izan dadin, gai izateaz gain, idazleak gaia lantzeko gertu egon behar du egunero”.

Geroak erran beza!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07