blogak

Katebegia

Jaka horiak eta ideologiak

Gilets Jaunes du jatorrizko izena. Fenomeno eta espresio sozio-politiko berria da. Jaka edo Txaleko Horiak izendatu ditugu euskaldunok. Frantziako Estatua inarrosi du, baita Errepublikaren baloreak ere. Olde hori batek Hexagonoaren kolore gorri-txuri-urdina estali du bospasei astez.

Ideologiak koloretan bereizi ditugu antzinatik. Monarkia, koloregabea, euren odolaren urdinak bereizi izan du. Urdina da, hartara, eskuindarren kolore bereizgarria. Gorria ezkerraren kolorea da. Beltza, berriz, anarkistena. Berdea, ekologistena. Zientziaren aurrerapenak eta teknologiaren garapenak koloreak marguldu dituzte, baita ideologien koloreak ere.

Iraganeko ideologien kolore solidoa urtuz joan da eta likido bihurtu. Ezein ideologiaren estandarteak nekez airera dezake kolore bakar bat duintasunez. Mugimendu feministaren kolorea morea da egungo kolorerik esanguratsuena, salbuespena apika. Oro har, kolore zuria da eskuindar eta ezkertiar klasikoen ideologia hobekien ezaugarritzen duena. Egungo ideologiak, abantzu guztiak, zuriak dira, hots, hipokritak.

Gure historia berriaren ideologietan, kolore horia ez da zuritik arrunt ezberdindua izan. Gogoratu ditzagun iraganeko sindikatu horiak, enpresarien menpekoak. Espainia aldean sindicatos amarillos, Frantzian, syndicats jaunes. Bada, hauxe paradoxa: Syndicalisme jaune Frantzian sortu zen XVIII. mendearen amaieran.

Jaka Horiak mugimendua berezia da, berezia denez, jendartearen adierazpide berria. Erreboltariak izan gabe, ia guztiok jantzi dugu inoiz jaka horia, hau da, errepideko zirkunstantziak direla medio legeak janztera behartuta egon gara.

Fenomenoa bitxia da inondik ere. Teorian enpresa boteretsuek egungo norbanakoak –masa-sozial bereziak– kontrolatzen dituzte sare sozialen bitartez, eta paradoxikoki hau ere, sare sozialek posible egin dute egungo errebolta.

Frantziako Estatuak, Macron buru, ez du mugimendua aintzat hartu nahi, Jaka Horiak ez baitaude ezein alderdik ez sindikatuk kontrolatuta. Mugimendua ez da egungo demokraziaren arauen barnean ari. Areago, erreboltariek, aldez edo moldez, estatuak “aintzakotzat” hartzen duen lengoaia bakarra, bortxaren lengoaia dela demostratu dute –erreboltariek, berriz ere–. Tamalez, historia errepikatzen da. Alabaina, ez da beti modu berean errepikatzen. Gaur egun, inork ez daki mundu berriaren bilakabidearen berri.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07