blogak

Katebegia

Izatera bidean

Garralda: Xamar-ren argazkia.

Jose Alberto Etxegoienen potreta.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Etxera bidean

Xamar

Pamiela, 2018

Urrundik heldu naiz dio Orioko bardoak, Ez Dok Amairu oroit. Berant ote nabil nihaur? Etxera bidean jarri nintzen aspaldi, 45 urte luze engoitik orain. Eta nor ez? Ba al dago egun, euskaldun osoa den nehor, etxera bidea egin ez duenik?

Xamar idazlearen liburua duzu Etxera bidean (2019), saio aparta. Euskadi Literatura Euskarazko Saiakera Saria. Euskarazko azpimarratu nahi dut, usaian behar ez duen azpimarra duzu: Kasuon, ordea, bai. Euskarak berezko munta baitauka Etxera bidean-en. Aezkera. Uskara!

“Etxera itzuli diren guztiei, bereziki Garraldako bidelagunei”, dio Xamar-ren eskaintzak. Bereziki, seguru. Hain berezia ere, hondamendiaren ondorio zuzenak baizik ez zirenek itzultzeko bidea erakutsi baitzieten ardura orduko gazteei.

Haatik, idazlearen jendemendeko garraldarrek ez zuten lur-goldatze aise:

– Pero… ¿por qué hablas así, mi chico?
(…)
– Baia amatxi… herrian guziek erran dadate zuk badakizula arront ongi Uskaras xardukitzen… bai? Konprenitzen duzu? Eleka zakezu Uskaras?

– No! No entiendo, ya te he dicho que no sé!…

Amatxi Bitorianaren eleak dituzu, 1980ko abuztu beroan, Garraldan freskoa ordurako.

– A dónde vamos, mi chico? Tenemos que volver a casa, tengo mucho que hace…

Frantziako zinema zuzendari François Truffauten Fahrenheit 451 ari omen ziren bizitzen orduko gazteak, Ray Bradburyren eleberrian oinarritutako pelikula.

Bidez bide, Xamarrena etxaldetik fite dago Zerrajeroina etxaldea. Huraxe bihurtu zuten unibertsitatea gazteek: “Harrigarriki librea, gure xuntagunea zen, oraiko gaztetxeen modukoa”.

Garraldako etxeak dira, Juanpritzena, Danbolinena, Apatena, Zerrajeroina, Minondoina, Urtikoina, Landakoina, Domentxoina, Kapitanena, Zubialdekoa, Txirreina, Jakesena, Jakuena, Ernautena… eta Xamarrena… Bertzeak bertze.

Hori doinu-izen zerrenda ederra, hala haien etxetiarren mintzoak nola aireak. Gure ahaideak!

Pero… ¿para que aprendeis el vasco? ¿A dónde vais con eso? Si no vale para nada…

Vale para nosotros!, arrapostua. Engoitik, vasco-ak zirela ohartu ziren.

Euskal Herria ez omen da herri okupatua izan…

– ¿Pero… es que no sabeis que está prohibido hablar en vasco?

Euskara galdua ere, gurdiko behiei aida! ezin agindu. Eta erdaraz nola erran jakin ere ez.

“Garbi zen, hizkuntza ez zen gramatika bat soilik, kultura bat baizik”.

– So eixu, gor duzu Xamarrena… orei fein xira afeitra eta loitra, bai? Nehi duxu? (Xamar iloba).

– Bai! Gori! Gori einen dugu! Afeitra eta loitra fein gira… Bagaza etxera!

(Amatxi Bitorianaren arrapostua).

“Bardburyren istorioa zientzia-fikzioa omen zen. Harena, gurea ez”, diosku Xamar-rek.

Horraino Etxera bidean barna, berau interpretatzeko bidexka batzuk.

Etxe aitzineko katedran jarririk nago, gogoeta, hainbat ideia buruan: gure historia, lurraldetasuna, euskalduntasuna… Definitzen al dugu euskalduna izatea zer den?

Ez da egiteko samurra. Non hasten da euskalduntasuna, non amaitzen? Erranairuen arrastoak hain dira sakonak… Garraldarren adibide bat: “Auri ona, hil ona”.

“Irunean ginen ospitalean, eta erran zuen, “hil behar naiz, eta beitu ze eguraldi ona”, eta gizona kezkatuta zegoela. Eta gero erran zuen, “eta hil egin zen eta euria egin zuen izugarri”. Errateko pozik zela euria egin zuelako. Zen gizon bat, euskara galdua zuena, baina bazuen lehengo sinismen mundua, oraindik berea zen”. (Xamar).

Luze eta pika eta fini:

Baga: Zer da euskalduna?
Ene arrapostua: nahi izatea.

Biga: Amatxi Bitoriana euskara ukanagatik, euskalduna ote zen?

Higa: euskaldun berria eta euskaldun zaharra dikotomiaren eztabaian, absoluturik gabe, Aezkoako euskaldun zaharra berritu gabe, bizirik izanik ere, egungo munduan ez litzateke euskaldunik.

Laga: euskalduna afera politikoa da.

Etxera bidean, euskal basoa sarriegia begitandu zait gazte-gaztetatik: “Urrundik heldu naiz, eta zilegi bekit adiskide, pentsatzea, esatea, baso horrek –euskararik gabe– ez duela goroldio baizik sortuko harrizko buruetan…”.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07