blogak

Katebegia

Irudi bat, irudikeria uxatu alderat

Tokiko panoramaren irudia egiteko datuak dira, baita analisi politiko soziala egiteko datu lagungarriak ere. Irudi marko bat, gure irudikeria uxatu alderat.

Hendaiatik ari naiz. Euskaldunon panorama politiko sozialari eite eman nahiz. Zein panorama-markoaz ari naiz, baina? Iparraldea-z, naski. Abertzaleentzat Iparraldea beren marko politikoa da. Tokiko militanteek edota hautetsiek ez dute Euskal Herria esaten, Iparraldea edo Ipar Euskal Herria diote. Frantziar hautetsiek aldiz, Pays Basque. Hau da, marko hori Euskal Herri osoa da beraientzat. Eurentzat badaude ere, País Vasco edo La Navarre, baina horiek L’ Espagne d(ir)a. Iparraldeko frantses politikari zenbaiten irudian  Le Royaume de Navarre ere badagoke. Abertzaleen ilusioan, Nafarroako Erresuma.

Aditzera eman dudan eite edo irudi horiek ez dira kolektiboak, ordea. Ez Iparraldean ez Hegoaldean ez dago Euskal Herri osoko irudi kolektiborik. Abertzaleek –Euskal Herri osatua xede dutenek, dugunok– Euskal Herriaren irudia eraikitzen jardun dute azken 60 urteetan –ETA jaio zenez geroztik–, baina urte aldi hori ez da aski izan, historiatik jaso dugun ilusioa “irudikeri kolektiboa” izateaz harago iristeko.

Ene aburuz, hegoaldekoek –egiari zor, abertzaleek baino ez dute hori egiten– Iparraldearen panorama politiko errealaren irudia osatzean kontzeptu lausoak erabili ohi dituzte. Konparazione, badakite gutxi-asko Euskal Elkargoa sortu berri dela, baina hari buruzko informazioa jasotzean ez dituzte buruan oinarrizko estatistika sinpleenak ere. Hona datu soil bakar batzuk:

Hendaiatik hasita: Hendaia Gipuzkoako kornerra da. Hegoaldekoen markoaren irudian sartzeko datu bat: Hendaiak 17.000 biztanle ditu –4.000 bizitoki inguru “bigarren etxeak” dira–  eta udaldian 40.000. Orobat, Hendaia eta Baiona artean 100.000 gara eta udaldian Lapurdi osoan 500.000 jendek ostatu hartzen du. Côte Basque touristique delakoa gara. Aldiz, Nafarroa Beherean –Erresumako seigarren merindadea– 28.000 biztanle dira. Zuberoan berriz, 17.000.

Alderatzeko datu batzuk: Gipuzkoan (1,980 km2) 715.000 biztanle dira, 373 pertsona bizi dira km2  bakoitzean. Zuberoan (815.5 km2) 17.000 biztanle, 17 bzt. km2 . Hendaian (7,95 km2)) Zuberoan bezainbat biztanle gara:. 2.111 biztanle kilometro koadroan.

Hendaia ondoko Irun hirian 62.000 bizilagun dira (42 km2  ditu), 1.453 biztanle kilometro koadroan), Zuberoan 17 biztanle kilometro koadroan.

Irudi ikusgarriago bat izan aldera: Irungo Anaka auzoan (05, km2) eta Zuberoa osoan  jende kopuru bera bizi da.

Besterik gabe, tokiko panoramaren irudia egiteko datuak dira, baita analisi politiko soziala egiteko datu lagungarriak ere. Irudi marko bat, gure irudikeria uxatu alderat.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07