blogak

Katebegia

Hiru asto aski, Enigma deszifratzeko

“Iaz karrikaratu zuen, neguaren atarian”.

Goikoetxearen lehen liburua da, poesia liburua.

 

 

 

 

 

 

 

 

Zer luzea negu hau
Josu Goikoetxea
Elkar, 2018. (Poesia)

 

Zer luzea negu hau du izenburu Josu Goikoetxearen lehen liburuak, poesia liburuak. Iaz karrikaratu zen, neguaren atarian, eta eman zuen zer erranik literatura solastokietan. Haatik, izkiriatzen ari naizen uneak ederto adierazten du bizi izan dugun sasoia, bedatsea izan arren.

Poetaren nortasunaren (C.V.) (h)arian, hona lehen ele sorta: “Literaturan, Lubaki bandako partaidea izan zen (…) baina hauxe du bere lehenengo liburua”. Hainbat negualdi behar izan du poetak lubakitik irteteko. Erran nahi baitut: denok dugu gutxi-asko poeta bat gure baitan, denok dugu gutxi-asko literaturarekiko jaidura, beste kontu bat da berau paperan taxutzeko unea egokitzea.

Ez du alferrik irten Josu Goikoetxeak lubakitik, ezta poetaren baitakoa jalgiarazi ere. Amari eta aitari eskaintzak ohikoa edo topikoa irudi lezake, baina ganorazko munta dauka hain ziur. Leonard Cohen du bidaide: “Galduta nebilen zurekin topo egin nuenean, Larissako bidean zedroen arteko bide zuzenean”. Poeta kantaria Grezian barrena nola,  halatsu Josu Goikoetxea Euskal Herrian. Gernikan nola Larissan, agian.

Udazkena, udaberria eta uda… sasoiek  denek badute udatik, baita negutik ere. Neguan aldiz, nekez izaten da udarik! Horixe iradoki dit Zer luzea negu hau poema liburuak.

Leihoak eta ispiluak dio lehen atalak. Lehoia(k) eta ispilua(k) ere begitandu zait. Poeta lehoia ziega batean, bere buruarekin bis & bis. “Tigrea naiz kaiolan”, dio berak. “Elezaharretako adurra”-ren xerka ari du, “urre tanta bat behar du” ordea. Ez du gutxi eskatzen. Kantauri ertzean dago, alta bada, Mediterraneora ere irekitzen du ziegako leihoa. Lubakiko soldadua jalgi da. Mamarro poeman (22. orria) askatu ditu ume garaiko oroitzapenak: “Mugi! Leiho, pauso, oihu, korri!”.

Etxaldea taxutu eta Laukoak atalak paratu du poeta Lorategia-n (31.). Ogigia (32.) poeman gaztigatu digu; “Agur zuri zaindu haurrok”, Odiseok Kalipsori.

Hau guztia atalaren ezpala Hau guztia poema (38.) duzu: Hau guztia katastrofea da… Lubaki bandakoei ote die? Orobat denoi… Zu nire-n (40.) dago gakoa. “Zu nirea, izan gabe”. Maitearekin ari da. Maitea izan daiteke Euskal Herria bera… Artatxoria-k (41.) poetak baino gehiago daki. Zenbat bizi behar dira horretaz jabetzeko? Orain poema (53.) bizi dezagun: “Zabal ditzagun ezpainak. Orain”. Lehenbizi bizi, eta gero, orain-ean, adierazi.

Anartean, Aitaren berokia (59.) zaintzen du poetak, amak eskaini zion berokia: “Bilbo handia da eta urrun dauka muga”. Negu luzea igarotzen lagun dio poetari. Zaintza elkarrekikoa baita, edo ez dago zaintzarik.

Bila dabiltzanak (galduta zebilen poeta…) Zoroarena (63.) bizi du: “Agian garai terribleak datoz”. Agian, ez ziren inoiz joan, diot neronek. Dena den, galduta dagoenak aurkitzen du bere burua. Bere buruaz ziur denak ez baitu deus bilatu beharrik.

Goiko-etxaldeko azken bi aurrekoen ezpala:Zer luzea negu hau, maitea… (…) Egin dezagun behin betiko barre, gal gaitezen azken udaberriaren marmarrean”.

Galduta ibiliz gero, zure burua aurkitzeko bidaide eta gogaide izan dezakezu Goikoetxearen poesia.

Azken atalasean, azken ezpalak: Hiru asto nahiko d(it)uzu, Enigma deszifratzeko.

* Post Scriptum: Ni ere Lubakian izandu naiz, neguan irakurria nuen liburua, alabaina…  Enigmak enigma, norekin egin zuen topo Josu Goikoetxe poetak Gernikatik Bilbora bidean? Erantzuna liburuan, naski!

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07