blogak

Katebegia

Hautsa harrotzeko poesia (… edota beste bat apalategirako)

Izendegi hutsa- 2018ko Ernestina de Champourcín saria jaso zuen.

Izendegi hutsa

Fito Rodriguez

XXIX. Poesia Lehiaketa, 2018,
Ernestina de Champourcín.

Lerro-burua probokazio hutsa da, liburua izendatzeko era hutsa, bere hautsa inarrosteko manera. Izanik ere, ezin uka, tankera honetako liburuak kartoi kaxetatik apalategira igotzen dira eta gehienak, edergailu gisa eta hautsa biltzeko “sortuak” dira.

Liburuak adierazi gabeko hitzaurrea dauka: Txirrita-ren DENBORA, LEKU, ZERU TA LURRAK, IZAR TA ILARGI, EGUZKIAK… izenburukoa, Koldo Izagirrek paratua. Zer gehiago adieraz dezaket, bi izen horiek adierazitakoaren ostean? Idazleak adieraziarekin aski, nik uste.

 

Alabaina, liburua apalategitik jaisten laguntzeko, liburuen hautsa kentzen dugunon “ardaila” edo “bozgailua” behar omen da. Horra, beraz, nire jarduna edota plagioa!

Toponimia [hots izendegia] oso lotuta dago mitoari, erabilera morala agerikoa da batzuetan, iluna beste askotan”, diosku idazleak.

Gure berbaldian – ardailean errime esanda–, zernahi topiko erabili ohi  dugu –elemenia ele, leunki esanda–. Nire ondorengo belaunaldikoen mintzamoldean tipikoa, mitikoa bihurtu da, hots, bihurtu dute. Honezkero ez dute bereziten zer den tipikoa zer mitikoa. Haientzat sinonimo hutsak dira. Gaur egun, tipikoaren eta mitikoaren bitarteko hutsean ospetsua gailendua da, famatua alegia.

“Autokontzientzia bat sor liteke toponimoetatik, hala irakasten digute kantariek”, diosku idazleak. Demagun kantariak poetak direla.

Erran nahi baita, Fito Rodriguez orain arte filosofia irakaslea eta saiogilea, –hitzaren supiztaile maiseatzailea,berbadun jostaria, ardailaren maisua– poeta heldu zaigu. Filosofiari laga barik, toponimiarekin “estropezu egin du” eta poesia ondu du jaiotzez gasteiztarrak. Hitzaurre-rik jarri nahi izan ez duen –nirea da interpretazioa– idazleari kasu eginez, herri hizketaz harago, bertsolariaren “Denbora, leku, zeru ta lurrak, izar ta ilargi, eguzkiak…”-z harago –nirea da interpretazioa–, Araban gaindiko topos-etik topos-era eraman gaitu poetak. Topikoetatik harago, topiko tipikoak eta mitikoak harrotu ditu.

“Herri jakintzatik edo ezaguera sakonetik gurbil gintezke toponimiara”, dio poetak. “Beharrik, ez garamatza etimologiaren eta historiaren bideetatik”, gehitzen du idazleak. “Eskerrak” gehitzen dut neronek.

Etimologiaren eta historiaren bideetatik eraman beharrean, hatsanka eraman gaitu gasteiztar donostiarrak. Egiaz harago, hegian barrena eraman gaitu. Easoko (H)Egia auzokokoa baita Rodriguez. Bornaetxea izan ere.

Luzamendutan ibili barik, amaitzeko, toponimoak toponimo, honatx batto:  perla bitxi poetikoa, Izendegi hutsa-ren elemenien artean, batto.

Egilatz      

Hizkuntzak, maldan behera ez amiltzeko,

hitz jarioaren neurria behar du,

hitzak neurritu,

isiluneak kalibratu,

norberak bere neurkerara egokitu.

 

Post Scriptum: Egia latza dugu liburuen hauts astintzaileok –inarrosle harrotuok, suabe erranik–.

 

Hitzaurrea-ren egile Koldo Izagirre idazlea eta liburuaren idazle Fito Rodriguez poeta.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07