blogak

Katebegia

Hainbat galdera sartzean

EH Bilduko Arnaldo Otegi eta EAJko Andoni Ortuzar parez pare, PSE-EEko Rafaela Romero tartean.

La rentrée terminoa gero eta erabiliagoa da Euskal Herrian. Iparraldean oso arrunta da, euskaldunek “sartzea” erabili ohi dute. Hitz “arrotz-arraro” samarra izan arren, emeki-emeki oihartzun eta lekua hartzen ari da Hegoaldean ere.

Sartzea arrunt erabilia da Iparraldean eskolarako itzulera adierazteko. Konparazione, Seaska Ikastolaren inguruan, bai iaz, bai aurten, eta erran dezagun beti eta betiko, euskaldunen eskola sartzea zalapartatsua izanen da. Eta bai. Adibidez, aurten, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak Frantziako Hezkuntza Ministerioari hogeita bost irakasle lanpostu berri eskatu dizkio, alta, horietatik bost baino ez dizkio onartu. Afera eternoa da. Nola eginen dute ikastolek Frantziako Estatuak euskal irakaskuntza itotzeko asmotik demokrazia fariseuko honetan salbu jalgitzeko?

Badira ere, literaturaren edota zinemaren inguruko sartzeak. Horiek Frantzian gehiago Espainian baino. Nork bere jitea. Badago ere sartze politikoa, Frantzian biziki sonatua, gero eta sonatuagoa ere Espainian. Euskal Herrian gero eta entzutetsuagoak dira sartze politikoak, Iparraldean nahiz Hegoaldean.

Frantziako Estatuan, adibiderako, Emmanuel Macron presidentearen eta lehen ministro Édouard Philipperen Gobernuak Irabazien Zerga ordaintzeko sistema berria indarrean jarriko du 2019ko urtarrilaz geroztik. Le prélèvement à la source de l’impôt sur le revenu edo Irabazien Zergaren ordainketa diru iturritik kobratzen den unean ordaindu beharko dugu. Soldatapekoa bazara zure nagusiak eginen du, eta jubilatua bazara, Erretreta Kutxak. Langile autonomo edo laboraria bazara administrazio fiskalaren bitartez eginen duzu. Galdera: nola ordainduko dugu mugaz gaindiko langileok, transfrontaliér(e)s deituek, jatorrizko erarako zerga?

Sartzea zalapartatsua ari da izaten Katalunian ere. Pedro Sánchez Espainiako presidenteak onartu du katalan gehienek eskatutako erreferenduma. Alabaina, Espainian zaharrak berri dira kurtso politikoaren hasieran, erreferenduma ez baita katalanek Kataluniako Errepublika eraiki ote dezaketen ebazteko, ez horixe. Erreferenduma izatekotan, Espainiako Erresuman segitzeko izanen da. “Bai” ala “Bai”. Horretarako galdera egin behar al da? Hori lotsa! Francoren gorpuzkinak!

EAEn, EAJ eta EH Bilduren arteko ezkontza, mugatua ageri da berriz ere. Zertarako euren arteko eztei-bidaia, Euskal Herria Burujabera joan ahal izateko ez bada? Betiko galderak.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07