blogak

Katebegia

“Gure munduan kokatutakoa eta eskuak zikintzen dituen literaturan sinesten dut”

“Maitasun keinu bat besterik ez” liburua, Hasier Arraiz irakaslearen lehen liburua da.

Hasier Arraiz saiogilea (Gasteiz, 1973). Argazkia: Dani Blanco

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hasier Arraiz saiogile gasteiztarrak “nazio kontakizun berria” proposatzen du Maitasun keinu bat besterik ez liburuan: “Etenaldi batean gaudela onartu behar dugu, hortik ateratzeko abiapuntu bakarra da”, esan digu. Ertz eta ildo askotariko saioa da. Elkarrizketa bi partetan  atondu dugu. Hona liburuaren gaineko solasaldia:

Maitasun keinu bat besterik ez liburuan, nazio kontakizun berri bat egitea proposatu duzu. Ez da kontu berria. Duela 60 urte berpizkunde modu bat izan zen. Orduko egoera politiko, sozial eta kulturalaren inguruko zure ikuspegia ezagutu nahi genuke.
Garai hartaz hitz egiteko, ETAri buruz hitz egiten hasi behar dugu. ETA bere garaiaren alaba izan zen, beste mugimendu iraultzaile batzuk jaio ziren garaian jalgi baitzen mundura. ETA gauza izan zen mundu hura irakurtzeko, eta euskal ikuspegi batetik bide berri bat urratzen hasteko. Kultura eta politikaren arteko harremana oso bizia izan zen orduan. Hartara, euskal kulturaren berpizkundea izan zen, adierazi molde ezberdinekin. Eragile haietatik asko ETAn zeuden, edo haren inguruan eta gertuko ezkerreko taldeetan. Eferbeszentzia garaia izan zen, Euskal Herria munduko beste herrialde ukatu eta zapalduen parean jarri zen.

Zure liburua irakurrita, herri honek Pizkunde berri bat behar du.
Bai, eta hori gauzatzeko geure buruan sinetsi behar dugu. Duela 60 urteko Pizkundea (edo Berpizkundea) sekulakoa izan zen, baina oraingo idazle eta sortzaileak egiten ari direna ere sekulakoa da. Kontua da dimentsioak aldatu direla. Egungo kultura sortzaileak mundu mailako eskalan jokatzera eta lehiatzera behartuta baitaude. Zenbat musika entzun zitezkeen orduko Euskal Herrian? Zenbat entzun daiteke gaur egun? Zenbat liburu irakur zitezkeen orduan eta zenbat gaur egun? Neurriak aldatu dira, baina horrek esan nahi du gaurko sorkuntza apalagoa dela?

Liburuan post-postmodernitatea termino erabili duzu. Nola zehaztu modernitatearen osteko modernitate garai hau?
Iragan garaian neoliberalismoa izan da ezaugarri nagusia, eta orain neoliberalismoa bera bilakatzen ari da, are gauza okerrago bat bihurtzen ari da, alegia. Lehen galdetu didazu “mundu bakarra al dago?”. Ez. Mundu asko dago, baina mundu guztiek mundu honetan bizi nahi dute. Mundu honetara datoz, bidean bizia galduz bada ere. Hori da potsmodernitatearen osteko ezaugarrietako bat, paradigma nagusietako bat. Orain arte ikusi dugun “demokrazia liberala” ere desagertzeko zorian dago, –sistema onena ez bada ere, ez nuke desagertzea nahi– izan ere, datorrena okerragoa baita, benetan ikaragarria. Tirano berri batzuk botere sistema osoa beren eskutan bildu nahi dute, gizarteko ahulenen kontra erabiltzeko, inolako oposiziorik gabe. XX. mendearen hasieran antzeko zerbait gertatu zen, baina orduan botereen arteko banaketa handiagoa zegoen. Egun hori botere osoa esku gutxitan biltzen ari da eta zeresanik ez dago, joera hori arriskutsua da oso. Gure gaurko dilema nagusia hauxe da: zer egin dezakegu horren aurrean? Bada, guztiok egin behar dugu pauso bat gutxienez aurrerantz, idazleek, arte egileek eta sortzaileek oro har, baita haien irakurleek eta segitzaileek ere bai.

Maitasun keinu bat besterik ez  liburuan, idazle belaunaldi bati, zureari, nazio kontakizun berri bat egitea proposatzen diozu. Iratxe Esparza kritikariak liburuko planteamenduarekiko desadostasuna adierazi du, Politikaren eta literaturaren arteko autonomia hizpide, zure proposamenaren bidez, “literatura tresna politiko bihurtzen dela” dio.
Kritika horrekin ez nago ados, nik ez baitut planteatzen literaturak tresna politikoa izan behar duenik. Aldiz, nik diot, historikoki –Atxaga eta Txillardegiren arteko eztabaida gogoan–, literatura guztiek, euskal literatura barne, beren mundua adierazi eta ulertarazi behar dutela. Nire gusturako, filosofiatik edo zientziatik egin ezin diren azterketak, fikzioak egin ditzake, askatasun osoz espekulatu dezakelako. Literaturak lagundu dezake mundua adierazten eta ulertzen, nik ez diot gehiago eskatzen. Literaturaren autonomia modu hertsi batean defendatu dutenak, postmodernismo garaian asko eta asko ziren, neoliberalismoari aurre ez egiteko bilatu duten inhibizioan geratu dira, konformismoan izan ez denean. Hau da, “nik bakarrik, artea artearengatik bakarrik egiten dut, eta horretan geratu nahi dut”, esan ohi dute. Jarrera errespetagarria da, baina ulertu behar dugu hori ere jarrera politikoa dela. Halere, literatura gisa nik nahiago dut gure munduan kokatutakoa eta eskuak zikintzen dituena.

Zuk proposatzen duzun idazle belaunaldi horretako idazle guztiek betetzen dute zuk proposatukoa?
Uste dut, haien artean aldaketa eta bilakaerak izan direla. Atxagak autonomiaren jarrera defendatu zuen garai batean, Txillardegi izan zuen parean, intelektual oso ideologizatua eta politizatua, militantzia politiko zehatz batekin. Atxagak berriz, literaturaren autonomia delakoa defendatu zuen. Baina, Atxagak ere, denboraren poderioz, errealitatean oinarritutako narratiba sortzea lehenetsi zuen. Une batean Obabakoak atzean uztea erabaki zuen, mundu imajinarioa, eta Gizona bere bakardadean eta Zeru horiek idatzi zituen. Gerora ere, beste liburu batzuen bitartez, erabaki du errealitatean parte-hartzea modu zuzen batez, liburuen bitartez.

Batzuen ustez, Atxagaren aurreneko eredua da balio duen literatura.  Hizkuntza berri bat sortzen duena, besteak beste!
Badakit eztabaida hori hor dagoela. Eztabaida literarioak dira, iritzien araberakoak eta iritzi guztiak errespetagarriak dira. Esaterako, nik liburuan Kirmen Uriberi aitortu diodan nagusitasuna merezia ote den, eta abar. Eztabaida dago, eta hori berez ondo dago, argudioak eta kontrako argudioak izan dira, baina nik argudio horiek, eta entzundako eta irakurritako beste batzuk ere, guztiak subjektiboak iruditu zaizkit. Neureak bezain subjektiboak behintzat.

Garai batean autonomia aldarrikatu zuten idazleak baino idazle engaiatuagoa al da Kirmen Uribe?
Bilbao-New York-Bilbao nobela idatzi zuen Kirmen Uribe ez, literaturaren autonomiatik gertu zegoen, inhibiziotik gertu, baina bigarren eleberrian (Musshe) aurrerapausoa eman zuen, ohartu zelako mundua aldatzen ari zela, eta berak ere idazle gisa bere jarrera aldatu behar zuela  mundu berri horren aurrean. Horren lekuko, hirugarren eleberria da (Elkarrekin esnatzeko ordua), berean askoz konprometituago da errealitatearekin.

Idazle belaunaldi bati “imajinario kolektibo berria sortze beharra” aditzera eman diozu.
Nik ez dut haien bizkarren gainean zamarik bota nahi, ezta konpromisozko ardura izatea ere. Baina haiek idazleak eta intelektualak diren aldetik, haiek dituzte, nire miresmenetik, gaitasuna eta talentua ekarpenak egiteko. Eta ez idazleak bakarrik, haiekin batera ere ari dira belaunaldi kideak diren beste diziplina artistikoetako sortzaileak: musikariak, bertsolariak, margolariak, eskultoreak, zinegileak… Horien izenak denok ditugu gogoan.

Batzuentzat konpromiso handiko eskaera da, agian.
Nik ez diet ezer eskatzen, aspaldian haien kabuz egiten ari direlako. Kirmen Uriberen azken nobelaren tesia da, “gatazka hau ez zen hasi ETArekin”. Berak ez du horrela esaten, baina nik esan dezaket, eta nik ere horrela pentsatzen dut. Ez da bakarra. Unai Elorriagak (Iazko hezurrak) eta Harkaitz Canok (Twist, Fakirraren ahotsa) beren nobeletan hori eman dute aditzera. Uxue Alberdik ere Jenis Joplin nobelan gaia landu du. Lanak ezberdinak dira eta denek kontakizun desberdinak eginez, euskal gatazkari buruzko kontakizunen kontakizuna sortzen laguntzen dute.  Ez dira bakarrak.
Kuriosoa da, bitxia, beste aldean ez dago halakorik, gatazkaren beste aldean Fernando Arambururen Patria dago. Besterik ez. Hori da kontakizun bakarra. Beren ustez, herri honetan gertatutako bakarra hori da. Nahi baduzu bai, eta nahi ez baduzu ere bai! Nik euren “nazio bakarra” eta gure “nazio anitza” nabarmenduko nituzke. Gu hemen, Euskal Herrian, prest gaude kontakizun bakarra baino gehiago daudela onartzeko, batzuetan kontrajarriak, baina errealitatetik hurbil daudenak. Haiek aldiz, gurea ez. Espainian ez dute hori onartzen.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07