blogak

Katebegia

Gogorapenak maisuki narratutako eromena

 

“Intxaurrondo. La sombra del Nogal” ez da istorioa, historia “naturala” da. Euskal Herrikoa, baita Espainiakoa ere.

Intxaurrondo. La sombra del Nogal.

Ion Arretxe.

Garaje Negro argitaletxea (No ficción).

Fernando Arambururen Patria propaganda nobela irakurri ostean, lagun batek esaten dizu: “Intxaurrondo. La sombra del nogal ez duzu irakurri?”. “Bada, ez”.

Eta “ezagun” nuen liburuaren egilea. Areago, liburua idatzi eta argitaratu aurretik haren berri izana nuen. Baina, liburu kaleratu arte, ez nekien milaka euskaldunen gisara, bera ere torturatua izan zela. Basaki torturatua.  Hara, tortura hitzak basaki adjektiboa behar al du? Demagun, hobe, humanoki torturatua izan zela. Intxaurrondon torturatua.

Ion Arretxeren  aitona Gonzalok zioenez, “intxaurrondoaren itzala gaiztoa da, arima hozten “dizulako”. Eta “intxaurrondoren itzalean lo egiten duena penaz akabatua da”. Arretxe ez zen penaz hil, hamar egunetan (Lege Antiterrorista pean) ez baitzuen lorik egin.

Ion Arretxek minbiziak eraman zuen orain urte bat, minbiziak eraman zuen balizko mundu batera, Intxaurrondotik hurbil dagoen mundura. Liburua leitzen bukatu berri dut, eta hori pena. Gustura ezagutuko nuen Ion, baita elkarrizketatu ere. Kazetarion geurekoikeria, ausaz. Ion Arretxe zendu zen, minbiziak eraman zuen, eta ni penaz laga nau, herriminez.

Garaje Negro argitaletxeari esker argitaratutako liburu hau eskerga da. No ficción sailean ikusi du argia. Enrique Rodriguez Galindo jeneralak kudeatu zuen Guardia Zibilaren Intxaurrondo kuartelaren belztura ageri da poliki-poliki narratua. Intxaurrondo da Espainiako egungo demokraziaren zutabe eta berme tokia, espainiar demokraziaren eredu bizia.

Liburu hau ez da propaganda ahalegina, La sombra del nogal 21 urteko gazte baten testigantza paregabea da. “Hiltzerainoko” tortura jasan zuena eta 50 urte bete arte kontatu ez zuena. Milaka euskaldun torturatuek, artean kontatu gabe, beren barnean gordeta daramaten bizipen komunen lekukotasun itzela.

Hamaika bertute literario dauzka liburu honek. Bat, baliteke ni oker egotea, liburuaren epilogora arte, torturatuak, Ion Arretxek, ez du “tortura” hitza aipatzen. Aipatzen du, Intxaurrondon torturatuta hil zuten Mikel Zabalzaren kasua aipatzean,azken orrialdeetan.

Liburua hain juxtu ere, Mikel Zabaltzaren omenez idatzia dago. Guardia Zibilak eta demokrazia honek oraindik ere etakidetzat daukan Orbaitzetako semea. Ion Arretxe, haren neskalaguna eta lehengusu batekin batera osatzen “omen” zuten ETAko Bianditz komandoko kidea. Demokraziak ez die “omena” ezabatu. Artean, Espainiako Estatuak ez ezein espainiar gobernuak ez baitu ukatu Mikel Zabalza “demokrazia” honek hil zuela.

Liburua, berriz diot, ez da panfleto bat, ez da propaganda nobela bat, ez da fikzioa, ez da  Patria, hitz batean. Ion Arretxek Maribel Belástegui ere eraman zuen bere gogoan, Orain taldeko zuzendaria. Teatroa maitatzen erakutsi ziona. Baita ederki ikasi ere. Areago, Ionek bazekien marrazten, baita idazten ere. Liburu hau lekuko.

Hain da ona liburua. Hain krudela izaki jasandakoa, nola izan daiteke hain ona narrazioa? Intxaurrondoko (maiuskulaz idatzia) itzalpean bizitakoa ez baita fikzioa, hau testigantza liburua baita. Nola egin daiteke irri, hain krudela den esperientzia batez jabetzean? Lantzean behin, niri irribarre jalgi izan zait eta.

Izanik ere, humanoki torturatua eta bizirik jalgi zen pertsona baten lekukotasunaz gain, pertsona horren gazte garaiko herri baten mirail paregabea da liburua. Herri honek bizitakoaren ispilua. Intxaurrondon eta bere ingurumarian bizitakoak beste mundura eraman ezean, eromenera eraman zaitzake ezinbestean. Intxaurrondo. La sombra del Nogal  gogorapenak maisuki narratutako eromena da.

Tortura –izan– da herri honetako milaka pertsonetzako akuilua. Hala izanik ere, ez dezala izan herriminaren akuilua. 60 urteko gatazka gordinaren errelato eta kontakizunaren garaia da.

Intxaurrondo. La sombra del Nogal, Eusko Jaurlaritzako Bakea eta bizikidetzako sailak euskal eskoletan landu nahi duen “oroimenaren errelatoa”-n murgiltzeko ezinbestekoa begitandu zait.

Ion Arretxe oroimenean: Pio Barojaren La leyenda de Juan de Alzate liburua gogoan, Bidasoako Endarlaza oroit, liburu hau ez dadin legenda bihurtu, arren. Intxaurrondo. La sombra del Nogal ez da istorioa, historia “naturala” da. Euskal Herrikoa, baita Espainiakoa ere.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07