blogak

Katebegia

Glotofobia ez da hizkuntza gutxiaraziekiko herra adierazlea soilik

Probentzako irakasleak adierazi bezala, “azentua ere da glotofobiaren adierazlea”. (Arg: Mikel Asurmendi)

Probentzakoa da Philippe Blanchet, Glotofobia hitzaren sortzailea. Soziolinguistika irakasleak lezio paregabea eman digu Hendaian, artikuluan ageri denez.

Alta bada, toki gehiago merezi duelakoan, hona berak errandakotik neronek ondorioztatutako beste hainbeste lerro:

Behin eta hasteko, bere jarrera goraipatu nahi dut. Bakan entzun diot  frantses citoyen bati, berak errandakoak. Konparazionerako, Frantziako Errepublikaz bere gisara mintzatzen. Bejondeiola! Estimatua.

Estatuak hizkuntza nagusiaz gaineratiko hizkuntzak marjinatzen ditu praktikan. Alta, legeak aukera ematen du hizkuntza gutxituak defendatzeko. “Erregio hizkuntzak” ez dira ofizialak, baina ez daude legearen kontra. Eskubideen eremu labainkorra da, eta horregatik borrokatu behar da.

– Frantzia ez da hizkuntza gutxituen diskriminatzaile espezifikoa eta bakarra, baina bai azkarrena. Turkia da bere gisako beste estatu bat. Beste estatu askotan ere diskriminazioa dago, baina beste hizkuntzekiko jarrera ez da hain erabatekoa, autoritarismoa izanik ere, nolabaiteko errespetua dago.

– Hizkuntzaren arazoa kontu estrukturala da. Frantses hizkuntza erlijioa bilakatu da, sakratua. Frantzian homogeneotasun ideologia dago, berariaz eginda. Frantziar jendarteak beste hizkuntzarik ez balego bezala jokatzen du, besteak “erregional” izendapenaz deitzen ditu. Baina “erregional” izendapen hitza eztabaidagarria da.

– Hizkuntza erregionalak? Interesgarria eta estonagarria da izendapena. Frantzian, erregionalak, etnikoak edo lokalak bezala –indigenak, dira hizkuntza gutxituak. Hauek giza talde batekin lotzen dituzte.

– Hizkuntza gutxituak? Gutxiaraziak. Izan ere, kuantitatiboki eta kualitatiboki hizkuntza menperatzaileek gutxiarazi dituzte. Estatusa hauxe izaki: hizkuntza hau ez da benetako hizkuntza. Ongi litzateke berauek ongi izendatzea.

– Glotofobia ematen da hizkuntza guztietan. Prestigiozko hizkuntzen artean, Quebecen, ingelesa eta frantsesaren arteko harremanetan ere glotofobia bizirik da.

– Bretoiek galo hizkuntzarekiko erakutsi dute glotofobia. Hizkuntza gutxiaraziak darabiltzatenen artean ere badago glotofobia. Noski, glotofobia handiago da hizkuntza menperatzaileen eta gutxiarazitakoen artean, baina, glotofobia horiek ere kritikagarriak dira, edozein kasuan eta egoeran ere.

– Glotofobia ez da hizkuntza gutxiaraziekiko herra adierazlea soilik. Frantziarrek frantziarrekiko harremanetan eta frantsesez mintzo direnean ere glotofobia dago. Parisko banlieu-etako arabiar jatorrizko edota Itsasoz haraindiko Frantziako herritarrak diskriminatuak dira.

– Adibidez: azentua ere da glotofobiaren adierazlea. Eskolan ikasleak proventzalaren mintzoaren eraginez, poema bateko amouroeuse hitza  frantsesez “ontsa” ahoskatu ez, eta irakasleak ez onartzea haren azentua. Horra glotofobia, haurra umiliarazia, isilarazia, azentua dela eta.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07