blogak

Katebegia

Giza kondizioa islatu zen Iurretan, Joseba Sarrionandiaren jaioterrian

Ezkerretik eskuinera; Jose Angel Irigaray, Iñaki Totorikaguena, Victor Sunyol, Ainara Munt Ojanguren, Pelo Eltzaburu, Jexuxmai Lopetegi, Santi eta Jordi Panyella.

Joseba Sarrionandiaren Poesía hilda dago?/La poesía está muerta antologia,
És morta la poesía? doinuetan  aurkeztua izan zen Iurretan iragan ostiralean eta Donostian larunbatean. Idazlearen jaioterrian aurkezten zen lehen aldia.

Ekitaldiak Jose Angel Irigarayk gidatua izan zen eta Ainara Munt Ojanguren eta Víctor Sunyol itzultzaileek parte hartuko dute.

Iurretako Iñaki Totorikaguena alkateak eta Pol·len Edicionseko Jordi Panyellak berba egin zuten hastapenean. Víctor Sunyolekin sakonetik hitz egin zuen Sarrionandiaren poesiaz. Jexuxmai Lopetegi eta Santiren kantuek girotu zuten ekitaldia.

Honatx zertzelada zenbait:

– Iñaki Totorikaguena alkatearen hitzetan, une berezi batean heldu da És morta la poesía liburuaren aurkezpena. Kataluniako politikoak epaitzen ari diren garai latz honetan, Joseba Sarrionandiaren poema baten itaunak are oihartzun ozenagoa hartzen du: “Zer da justizia?”.

– Jose Angel Irigaray-ren aburuz, Katalunia eta Euskal Herriaren arteko zubiak ahuldu dira, eta kultur alorrean bereziki zubi gutxi daudela azpimarratu zuen.

Jordi Panyella editoreak euskaraz egin zuen, harrigarriro. Berarentzat eta Pol·len Edicions argitaletxearentzat ohorea Joseba Sarrionandiaren hiru liburu katalanez argitaratu izana. “És morta la poesía?”ezagutu ondoren, poesia gehiago argitaratzeko nahia adierazi zuen.

– Ainara Munt Ojanguren-en berbetan: “Sarrionandiaren itzultzailea izatea ustekabea izan da niretzat. Víctor Sunyolen laguntza ukan izan ez banu, ez nintzen ausartuko”.

Víctor Sunyolen berbetan, gaztelaniaz hitz egin behar izatea kontraesana da berarentzat. Euskal Herriak eta Kataluniak jasan duten kolonizazioaren garaipena. Hala ere, gaztelaniaz behin baino gehiagotan trabatu zenez, ironiaz hauxe erran zuen: “Ohartu zarete, ezta? Ez naiz guztiz kolonizatu hala ere!”.

Jexuxmai Lopetegi emozionatu zen Sarrionandiaren kantak aurkeztean. Ez diren gauzak poemaren harian, hiru garai azpimarratu zituen Iurretako poesiaren bilakabidean:

1. Pott Bandarekin literatura deskubritu zuenekoa. Euskal eta kanpoko poetek –Fernando Pessoa, Arthur Rimbaud, T. S. Eliot, Dylan Thomas…–  ostertza zabaldu zioten.
2. Kartzelaldian eta erbestean bizi izandakoaren ondorioz, herri honen trauma eta drama islatu dira bere poesian.
3. Esperientziak eman dio Iurretako poetari gradu gorena. Sarrionandiaren poesia giza kondizioaren isla da.

Santi kantari katalanak ipini zizkion Sarrionandiaren poesiari katalanezko hitzak eta doinuak.

Etorkizunean Gaubeila gehiago egiteko prest adierazi zuten parte-hartzaileek.  

Azkenik, Víctor Sunyolen pasarte bat:

Exageratu gabe, Sarrionandiaren Es morta la poesía? antologiak irakurle asko adiskidetu dezake poesiarekin. Asko eta askori poesiaren dimentsio ezezaguna eskaini diezaioke, bai bere formarengatik bai bere funtzioarengatik. Areago, poesia irakurle ez direnak hurbilarazi ditzake poesiara, eta ez poesia “biguna” edo “erraza” delako. Aitzitik, goi-mailako poesia izanagatik ere,
giza kondizioa ukitzen duen poesia delako,

Katalanek Sarrionandiaren poesia lehenago ezagutu ez izanaren arrazoia jakina da. Ezagutzeko zailtasunak izan ditugu bere erbestea dela kausa. Orain, bere poesia deskubritzean, tamalez, denbora asko alferrik joan dela ohartu gara. Dena dela ere, Victor Sunyolen hitzetan, hemendik aurrera, zorionez, ezin izango dugu “poesia poetentzat da”  premisa indarge hori erabili.

Santi kantari katalana, Victor Sunyol poeta ondoan duelarik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07