blogak

Katebegia

Gaukariaren zainetako odol ibaiak sorterriko errekan du sorburu

“Ni ez naiz hemengoa”, kartzelan idatzi zuen, saio hau berriz, Kuban.

Habanako unibertsitatean, irakasle lanetan.

Bizitzea ez al da oso arriskutsua?
(Habanako gaukaria)
Joseba Sarrionandia

Pamiela, 2018

“Bizitzea ez al da oso arriskutsua?”, itaundu digu Habanako gaukariak. “Riobaldoren hitzak dira”. Bibliomantzia-tik eskuratutako azken aipua da. Iturri anitzetatik ekarri ohi digun beste ur tanta bat da. Ohikoa emaria idazle honen saioetan. Oraingoan, apika, “ni ez naiz hemengoa” berrestera dator, Kubatik heldu dena.

Ni ez naiz hemengoa saioa gogoan. Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Sarrionandiaren bestelako liburua da. Inguru erreal batetik ari zaigu lehen aldikoz, Habanatik. Aldi batez, inguruko jende errealak ageri dira literatura genero legez sailkatzen zaila den liburua. Nolanahi den ere, Abisua aitzin-solasean liburuaren jiteaz zuzen eta artez gaztigatu digu autoreak.

Habanako gaukaria-k bere-bereki so egiten dio bizitzari eta literaturari, asaldatzeko artefaktu paratu digu irakurleon eskuetara. Hauxe izaki literatura: “Bizitzearen arriskuaz ohartarazteko jarduera”.

“Literatura idaztea eta irakurtzea exilio moduko ei da”, diosku Kubako iurretar idazleak. Sarrionandiari exilio politikoa iraganeko “kontua” bihurtzen ari ote zaion begitandu zait. Horregatik edo, diot, liburu hau bestelakoa dela bere obran.

Bibliomantzia armairu baitezpadakoa da idazle ororen jardueran, eta Sarrionandiarenean  ezinbestekotzat. Nire iruzkin lan honetan, idazlearen Bibliomantzia baliatuko dut tarteka–marteka –betiere partziala eta nire nahien araberakoa–.

Urtarrileko 1ean abiatu eta maiatzaren 31n finitzen du gaukaria-k lur gaineko –edota hiriko kaletan barreneko– osaturiko entsegua. Etxez etxe, atariz atari, atalez atal, txatalez txatal. Ez alferrik, bibliomantzia baitezpadakoa izan arren, bizitzea ezinbestekoa baita literatura egiteko.

Bibliomantzia: etorkizuna liburuen bitartez igartzeko artea.

*  *  *

Urtarrilekoak: Bizitzak zentzua izanen du, baldin zentzudunak bagara. Batzuk bestetzuk baino lehenagoa heldu gara, eta beste batzuk beranduago etorriko dira. “Bizitzan ez da ezer hasten ez ezer amaitzen”

Gure ama-aitarekiko izan ginena, deblauki azaleratzen ari da geure semea-alabarenean.

Irlak daude euria egiten duelako. Irlak mugarik behar ez duen lurraldea da. Kuba, horregatik eta besteak beste, ez da irla, artxipelagoa da. Kuban baina, ez dago mugarik turistentzat.

“Literatura ez da inolaz ere albiste pilatze azeleratu eta amaigabea. Literatura iruntzitara egiten da. Idaztea elkartasun proposamena da”. Orain arte halatsu izan da. Egun, alta, tabletak dira bibliomantzia gutiziatsuenak Etorkizunean, bihar-etzi-damu, literatura gehienbat dinosauro-en bazka izanen da.

Literaturaren definizioa: Besteen miserien eta pozen ikusmirak sortzen duen sentsazio atsegina.

*  *  *

Otsailekoak: Idazlea semearekin pasean doa, eta landetako “atramade”-z akordatu da. Semeak: “Zer ardura zaizkit niri, aita, zure ume-denborako atramadak!”. Atramada: Orotariko hiztegian, “ziburu” legez ekarria. Eskoriatzan “zirigu”. Sakana aldean “paxixe” . Zaldibian “arpaso”. Leku eternoa desiratzen diot. Bibliomantzia-n egon dadin luzaz.

Asteasuko Joxe Arregi gogoan:  “Ez da erraza tortura kontatzea. Intimitate bat da”. Horregatik –edota beste arrazoi askorengatik–, Sarrionandiaren intimitateaz gutxi jakin izan dugu orain arte.

Dependentzia errealagoa da, independentzia baino. Hori agerikoa da politikan eta gure egunero bizitzan, baita politikotzat jotzen ez ditugun espazio intimoetan ere.. Etorkizuna irreala da, baina jendea erreala da. Beraz, independentzia erreala bihurtu daiteke.

Bibliomantzia (João Guimarães Rosa): “Munduko inportanteena eta ederrena hauxe da: pertsonak ez daudela amaituta, beti aldatzen ari direla”.

*  *  *

Martxokoak: “Ezin gara izan mundu guztiaren kontzientzia”. Iraultza sozialistaren –edozein iraultzaren– aldeko akritikoek egiaren erdiaz estaltzen dute gezurraren beste erdia. Kuba ulertzeko bertako gaztelania funtsezkoa da. Botila hitza, berbarako. Botilak nepotismoaren mesedeak dira, jendeak ere botilak  dira. Iraultza sozialistaren aurretikoak eta ondokoak dira botilak, giza kondizioari dagozkio botilak. Koherentzia nekez botilatzen da gizabanakorenean.

Bibliomantzia: “Jakintza liburuan egon daiteke, dibertsioa paketean”. Kubatarra eta dibertsioa, elkarren ondoan doazen letrak begitantzen zaizkit. Kolonizatu herriek kolonizatzaileen berezko hizkuntza sortzen dute. Euskara habaneroa ere sortu da joan deneko 40 urteotan. Kuban, hamar zenbakia hamal duzu.

Paketea: audiobisualen bilduma, liburuaren ordezkoa.

Despolitizazioa: “Jende gehiena politikaren esferatik apartatuz joan da”. Euskal Herria, berriz, politika herritarren zioa izan dadin, herkideak ez ezik, erkideak  beharko dira.

“Turismoa neokolonialismoa da”. Egungo turistak behialako kolonialisten jarraitzaileak gara.

Autoreak Elixabete, Pilar eta Lurdes izan zituen buru 1977an: Garmendia, Iparragirre eta Auzmendi. Emakumeen paradigma zartatzen hasi ei zen orduan.

Euskaldunok dependentzia eta heterogeneotasuna seinalatzean ezin gara inozoak izan. Botere egitura globala da, ezin dugu mundu osoaren kontzientzia izan, kudeatu ditzagun –aldez edo kontran– indarrean diren egiturak. “Egitura politikak aldatu nahi dituenak ondo antolatu behar ditu helburuak eta indarrak, aukerak eta baldintzak”. Eduardo Apodakaren Bibliomantzia lagun du autoreak. Konklusioa: Lenin gaurkotu beharra dago.

Herri eraikuntza: “Egin” ala “izan”: Egin egunkaria izan zena, orain nekez bada ere, Gara/Naiz da. Axioma: “Nazioa ez da zer garen, baizik zer egiten dugun”. Bilakabide arraroa herri eraikuntzarena.

Iraultzaileaz beste zinemazale da saiogilea: Zapataren aldekoa Zine Qua Non. (103.o): Herritarrok politikari zintzoak nahi ditugu, baina, ez dago holakorik.

*  *  *

Apirilekoak: “Bizitza, barregarria ez balitz, tragikoa litzateke”. Idazleak Bibliomantzia-n hornitu eza ezik, kaleko Biblia-n hartzen du)arnasa. Kalean galtzeko arriskua dago, bizitzea arriskutsua da, kale batzuk ez dira inoiz amaitzen. Lagunak bai. Idazleak uhartean izan duen idazle lagun bakarraren ibilaldia amaitu da: Daniel Chavarria.

Epikaz harago, lirikak lagundu du idazlea: bere zainetako odol ibaiak sorterriko errekan du sorburu.

“Desoreka politikoak oreka demografikoaz konpontzen dira: iraultzaile bakoitzeko hiru polizia”:  Iraul ezinean, iraun

*  *  *

Maiatzekoak: “Etxean eserita geratu behar zenuen, ipurdia aukitik altxatu gabe” (Bohumil Hrabal). Gaukaria-k hausnarkari dirau. “Biolentziarik gabe dena posible dela, gezur hori bera ere apenas entzuten da ja”. Nazio komunikazio moduan definitzeko beharraz ohartarazi digu jende-hausnarkariak.

Erakunde gizajaleak: Erakunde guztiak zerbaitetarako antolatzen dira, baina jendearen zerbituan egon beharrean, jendea erakundearen zerbitzuan amaitzen da ororen buruan. Itauna: “Nor ez da ba izan erakunde gizajaleren bateko kide?”. Geure harrokeria armatuaz ere ari da idazlea.

Politika: Norberaren baitako mamuak uxatu beharrean, erkideak eta herrikideak uxatzeko mamua bihurtu da/dugu politika”.

Anartean, literatura paradoxa da. Bibliomantzia: “Ezin gara izan mundu guztiaren kontzientzia”.

  1. S.: Iruzkin hau interesatua da, politika guztiak legez. Aresek (Arístides E. Hernández) ederto ilustratua. Asun Garikanok editatua.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07