blogak

Katebegia

Ez adiorik Mariano. Gugan zaude!

 

“Mariano Ferrerek 2004 urtean hartu zuen erretreta, baina aurrean egon da hil arte”.

Goizean goiz jaiki ohi zen –5:30ak aldean– Gipuzkoa Plazako Rosi-ren kioskora joan, eguneko egunkariak hartu, Garibai kaleko Herri Irratira joan eta El kiosko de la Rosi saioa ontzen zuen. 1978tik 2004 bitartean arrasto sakonak eta oparoak zabaldu zituen kazetaritzaren eremuan. El kiosko de la Rosi, 1971n  hasitako Radio reloj saioaren segida izan zen. Anartean, Egin-eko lehen zuzendaria izan zen, baita El Mundu-ko iritzi saileko arduraduna ere hainbat urtez. ETBn ere saio bat zuzendu eta aurkeztu zuen.

Mariano Ferrerren kazetari ibilbidea deskribatzeko paragrafo motza duzu hori. Bere biografia osoa hemen duzu. Halaber, nork berea eraiki ohi du urkoaren gaineko ibilbidean. Hona hemen gaineko zertzelada zenbait:

– Mariano Ferreren kazetaritza moldeaatzo edo herenegun goizean” egina balitz bezala gogoratzen zait, eta aldi berean, hitzez hitz egunero erretratatu zigun mundua duela mendeko batekoa izan oten zen begitantzen zait.

– Irudipen bat: egungo irrati estandarren saio batean segundo guztiak programatuta daude, ez dago hitz edo musika nota bakar bat inprobisatuta. Mariano Ferreren irrati saioetan denborak ez zuen konta, bere berezko gogoetatik kontatzen zuenak zuen munta. Bere mahaia egunkari eta paperrez gainezka imajinatzen dut oraindik ere.

– Irratia izan zen Mariano Ferreren bitartekoa. Ekaitz politiko latz baten garaian hazi ginen belaunaldiko askorentzat itsasargia. 1980ko hamarkada gatazkatsuan, lagun batek honela erran zidan: “Mariano Ferrer apartekoa duk. Baina, kontziente izan behar diat berari egunero entzuten hartzen dudan ‘arriskua’-z. Kontuz hartu behar diat bere ikuspegiaren eraginez, iritzi-kide erabatekoa ez bihurtzea”. Ez nauk ziur lagunak hori esan zidan, edo nik lagunari esan ote nion.

– 1990eko hamarkadan kazetari bilakatu nintzen. Ohi baino “berantago” iritsi nintzen lanbide honetara. Iparraldetik bueltan netorren. Mariano Ferrer zen nire iparra. Terrenoa haztatzen hasi behar eta honako galdera egin nuen ingurumarian: “Zer iritzi duzue Mariano Ferrerren kazetaritzaz?”. Arrapostua: “Ona. Baina ez da guretarra”. Erran nahi baitzen, ez zela “jatorra”.

– Berbarako eta adibide gisa: gatazkaren zurrunbiloaren osteko errelatoa idazten ari garen honetan, gogoa lausotu ohi zaigu sarri. Izan ere, gaur egun hain gara denok “jatorrak” ezen eta duela 20-30 urte guztiok baikinen “feminista” aixkide.

– Eta adiskide, kontua ez da aspaldikoa, 2015eko urriko ARGIAko Larrun-ean, euskal gatazka hizpide Ferrerrekin izandako solasaren lerro-buruak honela zioen: “Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio”. Bada, pentsa, gatazkaren alde bateko komisarioei hala nola euren akolitoren bati ez zitzaion Ferreren analisi politikoa gustatu. Eta puntu pilota!

– Mariano Ferrer kazetari independentea eta espiritu kritikoa, gatazkan inplikatutako alde guztiekiko neurri bereko iritzi kritiko zaila ematen saiatu zen kazetaria, Euskaraldia-n eta giza eskubideen aldeko ekimenetan engaiatua ikusi dut azken bi hamarkadetan. Euskararekin “borroka latza” eraman zuela begitantzen zait. Izan ere, “Mariano Ferrer komunikatzaile aske eta bikain hura” euskaraz maila eta modu berean publiko agertzea “inposiblea” bihurtu zitzaion. Bere azken ametsak euskaraz egin ote dituen nago, alabaina.

Azkenik, hona Mariano Ferrerengandik kazetaritzarako jaso nuen aholku egokiena, tira kazetari ororentzat egina: “Nork bere estiloa eta moldea landu behar ditu. Zure lanak zure marka izan behar du, edo hala izan dadin ahalegindu”. Bai horixe! Egun, gure ofizioan, areago irrati eta telebistan, denborak eta espazioak gero eta estututa, gero eta igualagoak egiten zaizkit
kazetarion jitea eta zeinua.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07