blogak

Katebegia

“Eragile batzuek behiek trenari nola, halaxe begiratzen ziguten”

Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea eta Antxeta irratiko presidentea da Agus Hernan.

Agus Hernan, Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea eta eleduna elkarrizketatu dugu.

Foro Sozial Iraunkorraren sorrera, testuingurua eta nondik norakoak hobeto ezagutzeko, baita Euskal Herriko bake eta normalizazioaren prozesua hobeto ezagutu aldera, solaskidearekin hasieran izan genuen jarduna ekarri dugu orrialde honetara.

“Eragile batzuek behiek trenari nola, halaxe begiratzen ziguten”

“Foro Sozial Iraunkorra 2016an sortu zen. Hastapenean, Lokarri eta Bake Bidea ziren eragile nagusiak. Lehenengo bi foro sozialak 2013 eta 2014n antolatu ziren.

2015ean, Lokarri desagertu zen. Umezurtza gisako bat gertatu zen bake eta normalizazioaren bidean, herri ekimenen inguruan.

Edonola ere, Bake Bideak, Gernika Batzordeak, Antxetak eta –Lokarrik sortutako– Uharan elkarteak dinamika berreskuratu zuten. Gaia Eusko Legebiltzarrean blokeatuta zegoela gogoratu behar da. “Presoak”, “biktimak” eta oro har, “bizikidetza” hitzak entzuten ziren Legebiltzarrean. “Zoru etikoa” finkatzeko beharra zegoela entzuten ere, baina ekintza zehatzik ez.

“Zoru etikoa” kontzeptua –normalizazio politikoa finkatzeko terminologia orobat– hizpide eta eztabaida gaia zen gizartean. Beraz, lehenengo Foro Soziala antolatzea erabaki genuen, eta Gernikan, 2016ko urtarrilaren 3an egin ere.

2016ko urtarrilaz geroztik, ETAren armagabetzearen inguruan hitz egiten hasi ginen Foro Sozial Iraunkorrean. Foroan ez zeuden eragile batzuek behiek trenari nola, halaxe begiratzen ziguten.

Gaia blokeatuta zegoen, guk aldiz, gaia euskal herritarren eskuetan zegoela pentsatzen genuen. Neurri eta zentzu batean, Eusko Jaurlaritzak eta gizarte zibilak bazuten hori aurrera eramatea, baina gaia blokeatuta zegoen.

ETAren armagabetzearen asmoa bideratzeko bilerak egin genituen, eta Aieteko Adierazpenaren seigarren urtemugan, emaitzak aditzera eman genituen berriz ere Gernikan.

Gerora ageri izan den bezala, begi-bistako arrazoiengatik Bake Bideak eta bakegileek bideratu zuen ETAren armagabetzea”.

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07