blogak

Katebegia

Elur z(a)uritua zara, antzaldatua!

 

Koldo Izagirreren antologia bat.

Idazlea liburuaren aurkezpen egunean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Elurra ikusi dut

Xabier Lete
(Koldo Izagirreren antologia bat)

Elkar, 2017

Elurra ikusi dut liburua ikusi dut, baita leitu eta xehe irakurri ere –epilogoa bereziki–. Elurra zuritua, Elurra zauritua, Elurra ezin zuritua, Bizitza zuritua, Ni zauritua… Ezin asmatu titulua. Hara beste bat: Plagio (XL). Elur  z(a)uritua naiz inolaz ere! Antzaldatua! Elurrak zauritu piztia naiz!

Horra hainbat pleonasmo. Plasta halakoa! Zure egoa, zure ni-a. Ni naiz…  poema eta haren poeta are barurrago heldu zaizkizu. Barka nazala liburu honen egile Koldo Izagirrek. Bai, Xabier Leteren obraz behar duzu jardun, ez Haren Antologia bat taxutu duenaz ere, baina are gutxiago zure buruaz. Barka berriz ere. Atx!

Liburua eskuratu gabe, lankideen artean hizpide izan zenuten Elurra ikusi dut. Durango Azokako bazka artean hautan zegoen. Liburuak zekarren karga edota traila ezagutu gabe, hauxe erran zenuen: “Koldoren aitzin-solasa edo epilogoa irakurtzeak asebeteko nau…”. Edo halako zerbait esango zenuen, baita asebete ere liburuak. Oka egiteraino.

Hara gaizto ari zara. Zure bizitzan, zure jakituria motzean, argibide izan zenuen poetarekin gaizto.

Behinola idatzi zenuen, behiala, Xabier Leteren “Haunditzen zeranean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun…” ahapaldia ez zenuela ulertzen gaztaroan, ez ulertzen ez onartzen ere. Gerora bai ordea, eta poetarekiko miresmena areago handitu zitzaizun.

“Argia ez da ikusten” idatzi zuen, bestalde, Gabriel Arestik. Zu, oharkabean, argia ikusten hasia zinen. Bilboz ari zen. Eta gerora Bilbo argitu ei da. “Baina hori ote argitasuna?”, galdetzen diozu zure buruari!

Elurra ikusi dut liburua ikusi duzu eta ikasi duzu. Baina larriki zauritu zaitu, zurituta zaude, zentzua antzaldatua zaude. Eta Koldo Izagirrek du errua. Berriro ere bera. Iza(g)irren hautsa bilakatu zaizu bizigai. Tori pozoia –eta antidotoa, enkaxka, eta bidenabar errana–. Eta bai, badakizu pedante(ki) ari zarela berriro ere.

Zuhaur, zure motzean, uste zenuena ustel, antologiaren polemika mugatua izango zela, alegia, funtsean, zure poeta kuttunetako horren poemak aldatuak, garatuagoak eta eraldatuak ageriko zirela liburu honetan. “Bai zera! Handitu zara, eta artean isiltzen ikasi gabe, egunez egun are ergelagoa bilakatu zara. Eta ohartu ere ez!”.

Antzaldatu da hitza. Ez zara ziur. Buruz ari zara, Hainbat hitz eta pasarte azpimarratu dituzu, oharrak hartu ere, baina traketsa zara. Ez duzu Izagirreren Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz epilogora itzuli nahi. Konprenitu nahi zenuke Lete. Haren fedearen fedea. Xabier Lete konprenitzen lagundu ere. Baina pedante izateaz gainera, Izagirre plagiatzeko beldur ari zara. Ari zara plagiatzen jada. “Euskaldunok ergeltzat hartuz”, idatzia gogoan. Ze zirrara, larria zure zauria!

Behinola poeta elkarrizketatu nuen XX. mendeko poesia kaierak antologia hizpide  –Izagirre, ez Lete–, eta behin ez ezik, bitan itaundu zenion, baita tematu ere, poeta sutan jartzeraino. Hauxe galdera: “…baina, Koldo Izagirre poeta ez dago XX. mendeko poeten artean?”. Eta hark arrapostua eman, eta zergatia. Eta zu deman. Elurretan sua piztu nahian! Kokolo halakoa!

Kokolo halakoa, bazenuen galdetzea zergatik ez zegoen Xabier Lete poeta handia! Ohartu ere nonbait. Los cuarenta principales…  askotxo ziren nonbait, kazetari mozoloa hartaz ez ohartzeko. Agian orain, Bederatzi puntuko bat Xabier Leteren oroiz epilogoaren “ustekabea”-k ez zintuen “egunsentian esku izoztuak” eta “bihotza urratuta harrapatuko”.

Bego. Ez zaitez gehiago luzatu, ez zaitez berriz jaikitzen saiatu. Gerta liteke –batek daki?–  Nihil obstat… honen ondoren, beste norbait jitea, eta obstat-ren bat ipintzea. Horrek baina, libratuko al lizuke zure aldian aldiko nihilismoa-ren zartakoez. Haren ezereza, are ezerezagoa baita zure baitan.

Behinola zomorroa deitu zenion. Lotsabako halakoa! Bego. Eta goian bego bera ere. Edo beherean egon dadin! Berdin!

Eta gurekin beude, Beira eta Rilke. Aresti eta Lasa. Izagirre eta Sarrionandia. Eta Lauaxeta, Lizardi eta Lekuona. Nire XL hiru L santuen artean zegoen. Lekuonak hartu du hirukoan tokia. Eta zuk non hartuko duzu sosegua, non ikusiko duzu argia. Elurra ikusi duzu. Elurretan argia. Baina itsututa zaude. Itsusia ere, itsusi elurretan ageri.

P.S.: Berriro ere oharra. Liburuaz jabetzeko hobeto idatzi dute bi lagun hauek web honetan dituzu. Ni, berriz ere, nire burua agerrarazi baino ez dut egin. Elurrak izozturik.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07