blogak

Katebegia

Egiantzeko Imanol (eta gure banitatearen sutzarra)

Nobela Imanol kantariaren bizitzan oinarrituta dago.

Harkaitz Cano (Lasarte, 1975).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Fakirraren ahotsa

Harkaitz Cano

Susa, 2018

Intro

Hamar urte luze dira Hendaiara gonbidatu genuela Harkaitz Cano, Literaturaren menturan saioa kari. Belarraren ahoa eta Neguko zirkua liburu arrakastatsuen auran mintzarazi nahi genuen. Gonbidatuak, ordea, gure nahikeriak zapuztu zituen eta literaturaren inguruko “beilaldi gaua” proposatu zigun. Leku saindutzat –eleberria aldarean betiere– dugun literatura profanatzeko gonbita luzatu zigun. Zoratu ez ezik, liluratu gintuen. Halakoxe da Lasarteko idazle “donostiar”-tua, jende-sorgintzaile gisakoa.

Twist kaleratu zuen 2011n. Euskal gaztakaren kontakizunean murgildu zen hezurretaraino. Zeberio eta Sotoren –Lasa eta Zabala tolosarren– gorpuzki inguruan eraikitako istorioak “ahoa bete hortz” utzi gintuen, neroni ahoa bete hortzekin geratu nintzen behintzat. Hots, ez nintzen deus esatera menturatu. Ene uste makalerako, Twist-en bidez, “eskutik joan zitzaigun gatazka”-ren gainean bere begiradaz argi egin ez ezik, literaturaren lurraldea ongarriz ihaurri zuen.

Fakirraren ahotsa eleberriaren gainean ganorazko zerbait esaten hasi aitzin, Twist nobelako pasarte hau ekarri nahi dut, lagungarria delakoan: “Oraindik ez dakizu zer bilakatuko zaren, Soto? (…). Bilakatuko zara martiri guztiak bezala hasieran herriaren adredalina. Eta bilakatuko zara martiri guztiak bezala gero herriaren anestesia (…). Herria, hitz hori erabiliko dut oraingoz. Apurka-apurka ohitzen joan zaitezen (…) Martir guztiak bezala hasieran herriaren adrenalina, eta gero herriaren tuberkulu zatar horren anestesia (…).

“Adrenalina” eta “anestesia” berbak, hitz “egokiak” euskal gatazkak sorrarazi dituen jende-aldarteak adierazteko. Imanol ez zen “herriaren martirra” izan, “herriaren madarikazioa”-ren agertzailea baizik. Nolanahi izan zen ere, horiek horrela, nik azaldutako egia hori, egia faktikoa izan daiteke. Badira bestelako egiak ere: egia abstraktuak, egia emozionalak. Badira egia kontatzeko ipuinak, baita nobelak ere. Halakoxea Fakirraren ahotsa.

Fakirraren ahotsa nobela Imanol (Larzabal Goñi) kantariaren bizitzan oinarrituta dago. Eta berau ulertzeko ezinbesteko iruditzen zaizkit sarrerako egilearen eskaintza: “Lurgain ez den Larzabali, fikziozko Imanol posible egiteagatik”. Baita Patti Smith kantari eta poetaren aipu hau ere: “Sendatu nahi ez duen zauri batek kortejatu egiten gaitu lehenbizi, eta gero, iseka egiten digu”.

Imanolen inguruan zabaldu zen zauriak iseka eginen digu haren garaikideoi bizi artean, zauria berarekin lurperatu baitzuen.

Bizardunen mundua

Nobelak zazpi atal dauzka. Lehenean eta azkenekoan salbu, Imanol edo Fakirra da istorioaren ardatza. Imanol: gitarra eta ahotsa, mailua eta igitaia bailiran, mundua aldatu –demagun, hobetu edo askatu– nahi izan zuen erromantikoa. Kosta ahala kosta, jabetu zen gitarra eta ahotsa bitartekoak baino ez direla, baita egokiro erabili ezean traba bihurtu daitezkeela ohartu ere.

Intro eta Capri C’est Fini (Bonust track) kapituluetan, lehenean eta azkenean,     istorioaren idazlea agertzen da, baita, protagonistarekin batera nobela zeharkatzen duen pertsonaia bakarra ere: Jean Pharos. Bera da Fakirra-ren eta Imanolen izate artistikoa hobekien ezagutzen duena. Pharos da engaiamendu politikoaz harago edo honago, Imanol kantaria estimatzen duena. Pertsonaia honen izaera, irudiz ez dagokio pertsona erreal bakarrari. Pharos bat baino gehiago izan daitezke Pharos-en baitan. Bidenabar errateko, hainbat pertsona ere bazirela izan, Imanol-enean.

“Imanolen bizitza profanatu dut”, erran zuen Harkaitz Canok liburuaren aurkezpenean. Beraz, ez dadin inor asaldatu gaztigatuta dago. Harkaitzen Fakirra ez da Imanol, ez dezala inor Larzabal bilatu, Lurgain da Imanol hau. Alabaina, Fakirra  (71 o.) ispilu aurrean jartzen denean, Imanol ikus dezakegu: “Sugar atzemanezin bat”. Baita ikusi ere, 216 orrialdean: “Berez beldurti samarra da Imanol, eta, honenbestez, beldurti gehienak bezala, Gauza oso ausartak egiteko gai”.

Imanol Antigua auzoan jaio eta hezi zen. Hiriburu izan nahi duen herri auzo bateko semea. Etakidea zen. Erbesteratu behar izan zuen, eta areago hezi zen Parisen. Franco hil ondoren itzuli zen, baina ez zen Donostian sekula egokitu
–ezta Euskal Herrian ere–. Bere jarrera politikoa zela medio espainolista afrantsesatu estigma bizkarreratu zuen betiko.

Protagonista Fakirra da, baina protagonistaz harago –erreala ez den neurri berean, egiazkoa izan daiteke– herri honetako azken 40 urteko historiaren ispilu diren kontakizunek mamitzen dute nobela. Alegia, nobelagileak pertsonaiez harago, haien garaia ederki erretratatzen du, bere nobelagintzen ohiko eta funtsezko ezaugarria. Berbarako, bizi-bizirik dagoen “gure historia berria”-ren parte diren pertsonak erretratu ditu idazleak, baita euren habitata ere, Donostia kasu. Donostiako Armarriak Fidelidad, nobleza y lealtad omen dio. Honela ebatzi du idazle kontalariak. “Hiru hitz, gauza erdia esateko”. Donostiari buruzko deskribapena (177 o.) apartekoa da, bertako pertsonen jitearen adierazgarria (249 o.)

Nor izan zen Imanol?

Imanol nor izan zen fikzionatu ahal izateko 30 lagun inguru solastatu omen zituen Canok. Haatik, elkarrizketatutako duen inork “bere” Imanol aurkitzea espero badu, jai du. Agian, “haragizko” Imanol ezagutu ez genuenok abantaila dugu euren aldean. Pertsonok lagun bakoitzeko “pertsona bat” eraikitzen baitugu gure gogoan.

Imanolen inguruan eraikitako istorioren harian hauxe jaso dut Fakirra-ren ahotsean: “Nork geratu nahi du tonto erabilgarri bezala? Nork bere bizitzaren narrazioarekiko kontrola izatea horixe baita: argazkirako norbere soslairik onena hautatzea” (187. orri). Imanol amiñi gehiago ezagutzeko hauxe ere jaso dut Fakirra-rengandik: justizian sinesten zuen gizon xaloa zela, eta inozoa. “Historiako galtzaileen batailak alderantzikatu zitezkeela” sinesten zuen gizon xaloa. Moises eta Ulisesen arteko menturazaletzat zuela bere burua. Martuteneko espetxetik Sarri eta Piti-k protagonizatu zuten ihesaren gainean idazleak kontatutakoaren harian, horixe nire juzkua.

Ez da samurra sortzaile –artista– izatea, nork bere egoa bezatzea, eta harrokeria eta handikeria menperatzea, hitz batean: banitatea. Imanol ez zen Georges Moustaky, ez Paco Ibañez ere. Eta haien gradura igo nahian, edozein kristau eta antikristau legez, Imanolek ondokoa “mesprezatzen” zuen –Ainara Irazoki, kasu– edota ez zuen ikasi lagun hurkoa aintzat hartzen –Tatiana, kasu–.

Lucas, Bekaintiro, Teklas, Seiko eta enparauek piztu eta –Arakis-ek, derragun Yoyes-ek– biziarazi zuten sua. Eta Imanol Fakirra izan arren, fakirren eite eta ahotsa izanagatik, ez zuen “sua kontrolatzeko ahalmenik” izan. Imanol fakirren moduko aszeta zen. Fakirraren ahots paregabea zuen, baina ez zeukan mirakulurik egiteko ahalmenik. Fakirra gai izaten da kalte eta minik hartu gabe sutan ibiltzeko, bere buruari zauriak eragiteko, edo arnasarik hartu gabe denbora luzez egoteko. Imanolek fakirren ahots antzeko bat edota itxura antzeko zituelako izendatu zuten Fakirra, besterik ez. Suarekin jolastu zuen eta erre egin zen. Errea ez izateko gizon santua izan behar –ez Imanol ez Fakirra ez inor, ez da santu ordea–. Tira, hori da nik nobelaren harian ehundutako beste aburu bat.        

Ez epikak ez lirikak salbatzen dute inor  

Bizardunak kapituluak zabaltzen du nobela, eta beste lau kapitulutan errenditua da. Imanolen alter ego, Fakirraren ahotsa nobelako pertsonaiak, Imanol Lurgain pertsonaiak antzo, bizardunak dira, garai bateko estetika baten adierazle. Lucas, Seiko, Bekaintiro, Teklas, Bixar, Arakis… dira beste pertsonaia batzuk. Imanol etakidea izan zen garaiko kideak. Bizardunen garaikoen ostean, Imanol kantari profesionalaren aritu zirenen musikari eta lagunen gainean eraikitako pertsonaiek osatzen dute nobela. Horien guztien atzean dauden pertsonak ere elkarrizketatu ditu Harkaitz Canok, alabaina, zaila eta neketsua da asmatzea nor den pertsonaia bakoitzaren atzean dagoen pertsona. Arakis ez zen bizarduna, baina pertsonaia gakoa da istorioan.

“Gure gatazka”-ren bi gertakarik markatu zuten nagusiki Fakirra-ren bizitza: Martuteneko ihesak eta Arakis-en hilketak. Fakirra bietan inbolukratu zen. Lehenbizikoa gertatu izana denok eman genuen ontzat, bigarrena ez. Nobelagileak modu estilistiko ezberdinez fikzionatu ditu gertakari erreal horiek. Ihesak hartu zuen –edo eman genioen– jite epikoari mitifikazioa kendu dio. Hilketaren kasuan, berriz, hilketak inplikatu zuenari ihes egiteko nahia eta ezina, maisuki kontatu digu idazleak. Kontakizunak behin-betirako gatibu bihurtu gaitu.

Alabaina, zenbat nobela dago Fakirraren ahotsa-n? Zenbat irakurketa, Imanol areago ezagutzea posible egiten digun nobelan. Nola irakurriko dute nobela, Fakirra-ren alboko pertsonaiak beren burua antziruditzat hartzen duten pertsonek? Nola irakurriko dugu berriz, Imanol ezagutu gabe, haren bizitza eta gure bizitza zeharkatu zituzten gertakari berak bizi genituenok? Gertakariak berberak izanagatik, modu berean bizi ote genituen? Nola irakurriko dute haren kantak baino ezagutu ez dituztenak? Nola irakurriko ere, hark kantatu zituen letrak ezagutzen edo ulertzen ez dituztenak?

Errealitatea iristea ezinezko den aldetik, errealitatera hurbiltzeko balio zaigu literatura. Alta bada, agian, ez ipuinak –egia emozionalak– ez poesiak –egia abstraktuak– ez zaizkigu egokienak. Agian, horregatik, ipuinlari bikaina den poeta Cano nobelagileak nobela generoa hautatu du errealitatea islatzeko.

Gure historia gatazkatsu berria kontatzeko beilaldi ugari beharko ditugu. Gatazkaren esparrua profanatu eta berau protagonizatu zuten pertsonen aiurria lardaskatzea ez da samurra. Beharbada, nobela bakoitzeko beilaldia bat beharko dugu, gure harrokeria sutzarrean kiskaltzeko. Fakirraren ahotsa ez da samurra, izan ere, nobelak biziaraziko arima errairen aiurria profanatzea ez baita inoren gauerdiko eztul herabea.

Nobelan bi pertsonaia mota gailentzen eta kontrastatzen dira: etakideak eta  musikariak, artistak. Badira ere, etakideak eta artistak izan gabe, munta handiko pertsonaiak: familiakoak eta lagunak. Etakidea izan, artista bihurtu eta lagunik gabe geratu zen Imanol Larzabal. Nolanahi izan zen ere, Fakirra nola Imanol kantaria izan zen oroz gainetik. Alta bada, ez epikak ez lirikak salbatzen dute inor. Bera definitzeko, sano egokiak dira berak kantatzen zituen eleok:

Herio latza hüllantzen ari hiz / Dolürik gabe orain nitarat / Othoitzen hait ixtant bat ützi nezak / Ene azken adiuen egitera.
Hori bera da denen ixtoria / Heriuak bardintzen nahi txipiak / Zeren ilüsione bat bera da / lürren gaineko gure paisajia”

 

 

 

 

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07