blogak

Katebegia

EAJ, “espainiar demokrazia”-ren indar homologatzaile nagusia

EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzar.

Espainiako Erresumako Gorteetarako hauteskundeak izateko zorian gaudela –ez ospatzeko zorian–, “espainiar herritarron” osasun politikoa Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dagoelarik (UVI), honatx bizi dugun panoramaren nire analisia.

Spain, spam –zabor poltsa– begitantzen zait. Tira, herritar guztiak zabor poltsan sartzea ez da bidezkoa, alabaina, ezin dut buxatu erromatarren konkista garaitik datorren Hispaniatik eratorritako izenak ezpainetara igoarazitako goragalea.

Espainiar Inperioa suntsitzen ari da. Iraganeko Más se perdió en Cuba edota Los últimos de Filipinas esaldien antzekoak ezpainetaratuko dira etorkizunean. Demagun, hogei urte barru: “Va valer la pena haver sofert la dermatofagia / Merezi izan zuen dermatofagia jasan izana”, erranen dute katalanek.

Anartean, mendez mende eraikitako Espainiak –espainiar jendarteak historian bi aldiz Errepublika aukeratu zituen, bigarren aldikoa Francoren Alzamiento Nacional-ak deuseztatua, 40 urteko diktaduraren eta 40 urte luzeko “demokrazia”-aren ostean– ezin du sistema demokratikoa gauzatu. Ez erresumak, ez estatuak ez herritarrek.

1936ko Gerra Zibilaren ostean, AEBek espainiar diktatura homologatu zuten legez, halaxe homologatu ere Europar Batasunak (EB) egungo espainiar demokrazia. Gu, euskal herritarrok, gero eta europarragoak izaki.

Pertsonek egiten dute historia, baina gurean, konparazionera, Jose Antonio Agirre eta Iñigo Urkullu lehendakariek ez dute berdin egiten –alderdi berekoak izanik ere–, edota ez dute berdin egiten ere Urkulluk eta Juan Jose Ibarretxek.

“Espainiar demokrazia” izaterik ez, eta eskuin bakarra zena hiru alderdik ordezkatuta dago egun: PP, Ciudadanos eta VOX. VOX omen da faxista, demokratikoa ez dena. Alabaina, beste biek ederto betetzen dute haren praxia. Horretan dudarik ez dago, ezta espainiar gehiengoarentzat ere. Esaterako, PSE-EE, PSN edota PSC bozkatzen duten gehienek halaxe pentsatzen dutelakoan nago, alta, PSOEk “ezinbestean” betetzen du frankisten espainiar praxia .

Horraino gaitza. Eta gaitz erdi, jendarte katalana bederen indartsua baitago. Izan ere, Euskal Herria ez dago Kataluniaren heinean. Katalan Herriak (Països Catalans) nola Euskal Herria hala. Euskal Herrian EAJren Euskadi gailendu da. Botere eta izate bakarra. Hauteskundez hauteskunde, EAJ garaile EAEn betiere. Euskadiko euskal herritar gehiengoaren konfluentzia –ideologia suerte guztien botoa– EAJn batzen da. EBk “espainiar demokrazia” homologatua behar duen legez, Espainiak halaxe EAJ behar ere. EAJ “espainiar demokrazia”-ren indar politiko homologatzailea baita. Ez bakarra, bai nagusia.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07