blogak

Katebegia

Demagun… hizkuntzek ez dutela aberririk izango


DSS2016. eu (Donostia, Europako Kultur
Hiriburua) ekimenaren enkarguz egina da.

Demagun ehun urte barru

Anjel Lertxundi

EIZIE, 2017

Uda giroan irakurri nuen Anjel Lertxundik egoki atondutako Demagun ehun urte barru liburua. Hainbat egileren artean egina, hainbat egileren elkarrizketek eta karta zuriek osatua, euskaldunak eta euskaldunak ez diren idazleen gutun-ez apailatua. Horregatik edo, besteak beste, liburua itzultzaileen idazletza izaeraren errekonozimendua berresteko sortua da.

Liburua, DSS2016. eu (Donostia, Europako Kultur Hiriburua) ekimenaren enkarguz egina da, euskara, Demagun ehun urte barru, bizirik izanen den nahikariaren menturaz.

DSS2016. eu-ko kultur programaren zuzendari Xabier Payak Karta zuri bat hasierako testuan azaltzen duenez, literatura arloari dagokion gutunen ardura Anjel Lertxundiren esku izan da. Horrela hasten da Lertxundiren idatzia: “Heriotzak luze saihetsezina du itzala…”. Euskararen heriotzaz ari da, bereziki. Hizkuntza gutxitu bateko idazle baten idazkia da, guztiz gomendagarria.

Witold Gombrowiczek Czleslaw Miloszi “Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada…”, adierazi zion behinola. Esaldi horrek iradoki zion Lertxundiri liburuaren izenburua. Poloniar literaturaren etorkizunaz ari ziren Gombrowicz eta Milosz idazleak. Euskarazko literaturak kezkatua dihardu euskaldunak, besteak beste.

Lertxundik sei gonbidaturi karta jokoan aritzeko gonbidapena luzatu ostean, nork bere karta ekarri du euskararen etorkizunaren partidara. Idazle horien, baita kartak euskarara ekarri dituzten izenak ezagutzea jokoaren barnean uzten dizut. Zuk zeuk ediren itzazu, irakurle hori!

Lau izenekin salbuespena eginen dut, ez gainerako guztien karta edo gutunen gainetik daudelakoan, hala suertatu izan zaidalako baizik, karta jokoaren zoriaz nonbait.

Adan Kovacsics-ek Zertzelada apokaliptikoak (Bego Montorio idazlearen itzulpena) artikuluan dioenez, Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak liburu zoragarriak eman zion arreta: “Hedabideek, beren kodea propioa landu ordez, hizkera demokratikoa imitatzen dute, eta, are okerragoa dena, hizkera demokratikoari bermea ematen diote”. Testu luzeago bateko (85. orrialdekoa) pasartetxoa baino ez da. Hori irakurrita, kazetaria naizen aldetik, idazteko gogoa eta barrena irauli egin zait aspaldi honetan.

Laugarren idazlea Harkaitz Cano da. Agente bikoitz baten aitorpenak izena du bere karta edo gutun jokoak. Aipatu gabeko idazleen pasarte zenbaiten harian idatzita dago, bere ohiko trebetasunez. Idazlearen aberriaz ari da Cano, besteak beste. Idazle bik –zure esku euren gutunak irekitzea– diotenez, euren aberria “lengoaia da eta ez hizkuntza”. Canok aldiz, bera are idazleagoa dela dio, beste idazle baten itzultzaile ari denean, beste idazlearen larruan sartzen denean. Gero eta gehiago, bere aberria itzulpena dela sentitzen du Canok, ez hizkuntza, ezta lengoaia ere, itzulpenaren ariketa da bere aberria.

Uda joan da. Demagun ehun urte barru buruan iltzatu zitzaidan uda giroan. Areago (h)iltzatu ere, inor gutxik deus gutxi esan duelako liburuaz.

Iruzkin zuri hau jalgi zait, udaminaren ostean. Zuri berriz, balizko irakurle horri, beste hamaika iradokizun desio dizut, idazle hauen guztien karta joko eta gutun trukeen nondik norakoak idoro ahal eta nahi izatea.

P. S.: Udan ere bai, Harkaitz Canoren Gehiago gustatu zitzaidan zure aurreko liburua narrazioa irakurri nuen Berria-ko Udagiroan. Samina ez ezik, bihozmina eragin zidan. Idazle hagitz iaioa da Cano. Istorioa ez zen hemendik ehun urtera kokatua, Demagun ehun urte barru gertatua, gaur gaurko errealitate itzulezina edo saihestezina narratzen du. Hona, narrazioaren pasarte bat: “Barka gordin izatea, baina norbaitek esan behar dizue: aspaldian ez dik inork libururik irakurtzen”.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07