blogak

Katebegia

BURUtaPENAK: utopien eta distopien arteko Ekuadorrean bizi gara, Interneten (VII)

Eguneroko langaia dugu lengoaia: “Lengoaia gure hitz goaia”. Hitz jokoa da. Ur goaia zena hitz oldea bihurtu dugu. Lengoaia horregatik langaia. Imajinazioa behartu gabe, honatx esaldia: “Koronabirusa oldeak hitz oldeak ekarri ditu”. Itoitz-eraino! Itotzeraino!

Jokoak joko, hizkuntza behartzen dugu sarri. Konparazione. Hona indar-net-en aurkitua:

“Ekuadorra pasa du Iñigo Astizen Kixoteren lurraldera egindako bidaia kronikak”,

Lekutan dago Kixoteren lurraldea. Aro Erdiko Mantxa eta egungoa alderatzerik ba ote? Kixoteren eta Santxo Panzaren imajinazioak, nork berea, eta gureak ez dute antzik hain ziur. Prefosta, euren bizipenak fikziozkoak ziren gureak egiazkoak. Bai ote?

Koronabirusa oldeak Ekuadorra pasa al du? Ezkorrenak ere onartuko luke hala izatea.

“Ekuadorrak pasa al du koronabirusa?  Bai. Pasa eta gogor jasan ere:

(Indar-net berriz ere)

“Ekuadorko Guyaquil hirian gorputegiak eta ospitaleak kolapsatuta, kalean agertu dira gorpuak”, idatzi du Lander Arbelaitzek ARGIAn.

Ekuadorren dago Kito
jendea jendeak itto
Ekuadorren dago Kito
jendea jendeak itto…

(Abesten zuen Gozategik)

Hasmentan, berrogeialdia zenbaki hanpatua iruditu zitzaigun. Koronabirusak aise beteko du gure konfinamendua.

Mundua ez-lekua da gaur egun, Kixotek eta Santxo Panzak bizi zuten utopiak eta gureak ez dute elkarren antzik. Kixoteren “errealitaterik eza” zen, gurea “errealitate geza” da.

Utopien eta distopien arteko Ekuadorrean bizi gara. Utopien garaia joan da eta distopien garaia heldu.

Koronabirusa garaiak 1984, Fahrenheit 451, Bai mundu berria edota Laranja mekanikoa eleberri distopikoak gainditu ditu.

– “Errealitateak fikzioa gainditu du” erranairua zaharkitua da honezkero! Txit erraza da, txoil merkea!

– Akaso hau da ocasoa! Hitz joko erraza berriz ere. Hitz bortxatua. Gainbehera hitza baino indartsuagoa izaki akaso. Agian! Beharbada!

Ez ginen ohartu, agian, askatasuna eta utopia hitz kidekoak direla.

Ez ginen ohartu, beharbada, norberaren askatasuna amaitzen dela hurkoaren eskubidea hasten denenean.

Hitz batez: ongizatea zer ote?

“Utopiarik ezean, ibiltzeko distopiak ere balio behar du”, zioen Hasier Arraitzek Berria-n atzo.

Ez dakit zer pentsa! In-pentsa-n (*) ari naiz. Hitz bortxatua hori ere.

(Indarnet ostera ere)

(*) Inpentsamentismo: egungo gizartean nagusi den inpentsatzeko joera, hots, pentsamendua delegatzekoa.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07