blogak

Katebegia

BURUtaPENAK: Los de Joder! (X)

Ipar Euskal Herrian finkatu zen hegoaldetarra naiz. Hegoaldekoa? “Nongoa baina?”. Mugak behin eta berriz! Euskal Erdikoa ote? (EAEkoa ofizialki). Euskadikoa? Nafarroakoa? Mugak betiere.

Demagun, hala naiz eta, Hendaian bizi den nafar jatorriko guipuzcoano naiz. Zer ote da Hendaia? Simil futbolistikoa erabiliz, Hendaia Gipuzkoako kornerra da. “Kornerra?”. Bai. Kirola ekimen –futbola goi-goian– indartsua da, baita ingeles hizkuntza ere. Hizkuntzek ez dute mugarik!

Mugak muga, jainkoaren mugak legez, Espainiakoak asmaezinak dira. Inperio handia izan zen hura agerikoa da gaur egun ere. Esperientziaz dakit. Estatuko administrazioarekin rollo-ren bat (izapideren bat…) izan dut inoiz edo behin, eta kartaren helbidea horrela idatzita jaso dut etxean: Hendaia (España).

Ez da txantxa, ez ziria ere. Ceuta eta Melilla Espainia direnez gero, Hendaia zergatik ez? Halakoxe da inperialismoaren logika. Espainiar batek atoan esango luke: “Gibraltar ingelesa bada, Hendaia espainiarra izan daiteke. Zergatik ez?”.

– Exageratzen dudala?

Konfinamendu garaion, Hendaiako komunitate espainiarrak eman du bere jokoa –kirola beti buruan–. Alegia, establishment-eko agerkariak ederto profitatzen ari dira berrogeialdiaz: DV, Sud-Ouest…

– “Los españoles que viven (sic) en Hendaya…”.
“Les membres de la communauté espagnole…”.

– Gaixoak!

Sopite deitu alderdian bizi naiz. Auzo tipi batean. Hendaiako bazterrean. Zoriaz eta xantzaz, auzokideak toki-tokikoak dira. Inguruan berriz, espainiar komunitatea jendetsua instalatua da.

Kontzienteak nintzen/ginen haren presentziaren muntaz. Koronabirusak berriz ere, arrunt agerian konstatatu digu. Arrastiriko zortziretan, musika eta burrunba izugarria zabaltzen da por doquier… ingurumarian. Abantzu balkoirik ez dagoen paraje honetan!

Horiek hit parade! Espainiarrak noski!

Ingurumaria Gibraltar bihurtzen da une batez!

Frantziak berak ere ez du izaterik. Euskal Herriak, zer esanik ez! Inperioaren korona-ren perlak ezker-eskuin barreiatzen dira, alde guztietara. Hori birusak!

Auzokide batekin mintzo nintzen bart, espainiar komunitatearen indarraz:

– Mikel, badakizu gu nongoak garen urruñarrentzat, ziburutarrentzat eta donibandarrentzat, badakizu nor garen?

– Ideiarik ez!

– Los de Joder!

jatorrizkoa ikusi

2013-2023
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07