Estatua da gaur egun gizabanakoek eraiki dugun egitura politiko gorena –laino guztien gainetik eta laino guztien azpitik; eliza guztien gainetik eta azpitik–, hala ere, badoa eraldatzen, eiki!
Engoitik (XX. mendeaz geroztik) badira ere egitura supranazionalak: Europar Batasuna, Troika edota Nazioarteko Diru Funtsa, besteak beste. Munduko Osasun Erakundearen funtzioa berebizikoa da uneon. Zer esanik ez, enpresa (lobby) farmazeutikoen boterea.
Besteak beste, horiek ari dira KOVID-19aren peskizetan, txertoa aurkituko duten esparantzan, Koronabirusak emanen duen etekin ekonomikoen arrastotan.
XXI. mendetik aitzina, armen negozioa ez da rankineko lehen afera, farmakoak kontrolatzen dituenak kontrolatuko du mundua.
Horiek guztiek eta beste batzuek ere agintzen dute estatuen gainetik, noski. Baina, uneon, “indar harremana” gizabanakoen eta estatuen artean dago. Eta bistan da, emakumeak eta gizonak ezin garaile jalgi “gerra” mota horretan. Izanik ere, estaturik gabe ezin burua gobernatu bizi du egungo gizabanakoak. Koronabirusa garaian bizitzen ari garen esperientzia ageriko da lehia desorekatu horretan.
Handi-handika, honelako subjektuak “begitandu” ditut orain arteko berrogeialdian:
– 1. Estatuaren arauei nolabaiteko intsumisioa egiten diotenak, nola edo hala “karrikara ateratzen” direnak. Ez ditzagun horiek nahastu, burutik egindako pertsonekin. Hots, bere buruaren oreka galdu dutenekin – gehienak, polizia kaleetan borraz jipoitzen dituzten horietaz ari naiz–.
– 2. Etxean geratzen direnak. Estatuak ezarri dituen arauak bete ez ezik, Aita saindua –Elizako genero nagusia bistakoa da, ezta?– baino zorrotzago betetzen dituztenak. Akritikoak. Adibidez, euren iritzietan, “karrikara ateratzen direnak hurkoarekiko arriskutsuenak dira: probokatzaileak, transgresoreak, furtiboak, terroristak… Komunitatearekiko desleialak, hots”.
– 3. Multzo handiena hauxe da berriz: koarentena “baliatzen” duena bere helburu politiko, sozial (artistiko…) eta ekonomikoen defentsan. Estatuaren barruko masa aktiboa, aldez edo moldez.
Ondorioa: ez dut ezer berririk ekarri. Historiako pentsalariek errana dute dena jada, edo ia-ia dena. Ez nik ordea, antza. Eta hemen nago, BURUtaPENAK ematen.
Alabaina, eta finitzeko:
– Esklabotasuna badago oraindik ere, espiritu esklaboa gure baitan bizi delako da.
– Esklaboa: besteek bere burua aska dezaten espero duena.
– Estatua non beldurra han.
– Zein ote bada, pertsonon ezaugarria gorena?: beldurra.
– Botere (estatu) zaleen nahikeria: “Suzko armak aski ez badira, birusen bitartez kontrolatuko dugu gizateria”.
– Estatuko gizabanakoa nola gizabanakoaren egoera (estatua) hala.
– Koronabirusa heldu aurretik gixagaixoak ginen.