blogak

Katebegia

Bortxatzaileekiko Justiziaren “tabula rasa”

Esku morea erasoei. Euskal Herriko lema, demarako tema.

Maria Ortega Zubiateren “Garrasi eta protesta artean hartu dute Roman Polanski zuzendaria Parisko Cesar sarietan” posta irakurri ari nintzela, Dani Agirreren “Sugearen mila hozkadak” artikuluarekin akordatu naiz.

“NBAko mito gorenekin mahaian esertzea lortuta ere, Kobe Bryantek ez zuen agortu nerabe zenetik erregai erabili zuen neurri bako anbizioa. Gailurrean zela, andre baten isiltasuna erosi zuen bortxaketa kasu batean”, zioen Agirrek

“1975ean bortxatu zuela salatu zuen emakumeak, Valentine Monnierrek, gutun bat kaleratu du, Polanskiren azkeneko filma sari horietan egotea salatzen. Film horretan bere burua biktimatzat azaltzeko “lotsagabekeria” egin duela esan du, 15 urte besterik ez zituenean bortxatu zuela azpimarratuz”, dio Ortega Zubiatek.

Gizona naizen aldetik, bortxatzaileen genero berekoa izaki, bortxaketak direnean erraiak (*) nahasten zaizkit: “To, potentzialki horietako bat haiz”. Eta halaber, totem bihurtu zaidan esaldia gogoratu ere bai: “Potentzialki denok gara hiltzaileak –edo bortxatzaileak, kasurako– eta prostitutak, eta ez du inporta zein klaseko edota zein nazionalitateko garen”.

Potentzialki denok gara bortxatzaile, baita emakumeak beraiek ere bai. Alabaina, eta estatistikari zor –ez egiari zor– bortxatuak emakumeak dira, eta bortxatzaileak gizonok. Ziur aski, datu hori ez da ehunetik ehunekoa. Baina, baietz %99,99koa dela. Hain ziur!

Nire beste totem batek berresten dit idatzia: “Deus ez da absolutua. Absolutu bakarra jainko da, eta bera ez da existitzen”. Baina, hara existitu, existitzen du, eta arra da.

Arra da. Diruduna da. Ospetsua da. Entzute eta erreputazio handikoa. Izan daiteke jatorri judutarreko edota beltza, izan Roman Polanski edo Kobe Bryant. Eta esan bezala, dirudunak izan gabe badira ere bortxatzaileak, “jende normalak”. Donibane Garaziko Lizeoko ikasleak, konparazione.

Alabaina, bortxatzailea bereizten duena –arra eta emea izateaz gain– ez da klase honetako eta arrazako horretako izatea, bereizten duena da  justiziak dirudunekin erabiltzen duen tabula rasa.

(*) Bortxaketek barrua inarrosten didate, eta badago haien gainean idaztea galarazten didan zerbait. “Moralaz jarduteko” bertigoa.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07