blogak

Katebegia

“Bere indar guztia erabiltzen duen etsaia ezin da garaitu loreak eta irriñoak eskainiz”.

“Anarkistek herri katalanaren guztizko independentziaren aldeko borrokan beren teoria eta praktika komunala ekartzen dute, auzolanean, asanbladatan, autogestioan, okupazioetan eta ateneoetan parte-hartzen”.

ARGIAk “Anarkismo Euskal Herrian” gaia ekarriko du hizpidera urriko Larrun hilabetekarian. Hainbat lagun libertario solastatu ditugu kari horretara. Anarkismoak Kataluniaren historian izan duen eragina jakitun, hiru galdera hauei erantzun diete solaskide horietako batzuek:

Honatx, Comunidades sin Estado en la Montaña Vasca liburuaren egile Itziar Madina Elgezabal eta Sales Santos Vera bikote libertarioaren erantzunak.

Katalunian bizitzen ari den prozesu independentista dela eta, zein dira gakoak hori horrela izateko?
Hasteko eta behin, Procés delakoa gobernu katalan nazionalista batek bultzatua dela azpimarratu behar da. Milaka ustelkeria kasutan murgildua, bere polizia autonomikoak egindako beste hainbeste jazarpen errepresibo tarteko, eta inkestetan nahiz boto-ontzietan beherantz joera zalua duena. Beheranzko joera horrek, herriaren sostenguari dagokionez, ez diete eragiten soilik gobernatzen ari diren CDC eta ERCi, CUPri ere eragiten dio. Izan ere, espero zen bezala, hirugarren honen hautesleei ez zaie batere ongi iruditu burges, zanpatzaile, eskuindar eta ustelekin lerrokatzea, hainbesteraino ezen apurtze zorian egon zela aurrekontuei sostengu emateagatik.
Zer gertatu da denbora hain laburrean, instituzioetan eta hauen gestoretan maldan behera zihoazen, eta horrelakoak gertatzeko? Izan ere, neurri neoliberalak aplikatzen lehenak gobernu horren gidari politikoak izan baitziren, Katalunia plaza bortizki hustea agindu zutenak. Nola ote posible, bizkarra eman zien jendarteak, hain justu ere, 2011 urtean Parlament-a inguratu zutenek, une honetan eurengan konfiantza izatea eta besarkada batean biltzea?
Bada, abertzaletasunari oles eginez. Bestela, zer dute komunean Govern honek eta kaletarrek? Zapalduek eta zapaltzaileek? Bada, balizko aberri komun bat, hor nonbait. Hartara, denok gaude barku berean, behekoek goikoak defendatuz eta justifikatuz, beren esplotatzaileak. Izan ere, antza, uneon, politikariek, poliziek, enpresariek, burgesek eta zapaltzaileek kasua komuna baitute. Jokaldia perfektua atera zaie hauei. Izan ere, lapurtuak, esplotatuak, egurtuak eta jazarriak izateaz nazka eginda zeudenak, beren borrero, politikari eta poliziak ozenki txalotu dituzte, orain hilabete batzuk pentsa ezinak ziruditen irudi surrealistetan ikusi ditugu orain berri.
Dena ahaztu da. Nazionalismoaren jokaldia primeran atera zaio prestigio gabeko eta usteldua den katalan gobernuari eta bere aliatuei. Izan ere, une honetan, katalan herria batasun politiko benetakoa balitz bezala agertu baitigute.

Katalunian tradizio libertarioak pisu handia izan du historian. Nola baloratzen duzu anarkismoaren ekarpena prozesuan?
Prozesuaren xedea estatu propio bat osatzea denez gero, anarkismoak ezin du inolako ekarpenik egin, printzipioen bateraezintasuna dela eta. Nola nahi den ere, Embat erakundeko, CGTeko eta CUPeko militante batzuek, beren burua libertariotzat jotzen dutenak, bakarka, procés delakoa sostengatu dute. Izan ere, anarkistek herri katalanaren guztizko independentziaren aldeko borrokan beren teoria eta praktika komunala ekartzen dute, auzolanean, asanbladatan, autogestioan, okupazioetan eta ateneoetan parte-hartzen. Prozesu hau martxan jarri baino askoz lehenagotik gainera.

Zergatik eman da prozesu hau Katalunian eta ez, adibidez, Hego Euskal Herrian?
Hemengo lurretan Katalunian eman den autodeterminaziorako erreferenduma antolatzeko, hau da, euskal erakundeetan, hemengo CDCk –EAJk bere burua ikusi beharko zuen konbergenteek bizi izan duten tesituran. Hau da, euskal negozioa kudeatzeko aukera izan bitartean, ez da arriskatuko autodeterminazioaren aldeko abenturatan.
Halaber, Sortu-ren estrategia politikoak jeltzaleak instituzioetako aulkietatik kentzea helburua dauka planteamendu erreformisten bidez. Euskal Estatua arazoen soluziobide bakar modura planteatzen dute, independentziaren alde borrokatzera animatu beharrean, eta kasu askotan, horrek honekiko atxikimendua gaitzetsi du. Ez da ideologia baten aldeko funtsezko lana egin, gure ingurumari hurbilena eraldatzeko, ez lan mundutik ez lanaren komunitatetik.
Benetako aldaketak behetik gora emango dira, instituzioetatik at, eta hauek gure bizitzaren egunerokoan burutu behar dira, herriz herriko eta tokian tokiko sinergiak elikatzeko. Batzarrea berreskuratzeko auto-eraketa sustatu behar da elkarrekiko lanaren eta auzolan komunitarioaren bitartez, eta aldi berean hauxe ere ongi jakin: bere indar guztia erabiltzen duen etsaia ezin dela garaitu loreak eta irriñoak eskainiz.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07