blogak

Katebegia

Badago zertaz lotsatu, baita zertaz beldurtu ere

ETAk egindako kaltea onartzea, ez al da egindakoaz “damutzea”?

“Eragindako kaltea onartu du ETAk”. Horixe da apirilaren 20an Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Europako hedabideetan zabaldu den mezua. ETAren agiria, bi testutan heldu da. Batean, Euskal Herriari “eragindako kalteari buruzko adierazpena” helarazi dio. Bigarrena, adierazpenari buruzko argibide oharra da. ETAk egindako mina onartzea ez da harritzekoa, areago, bera sostengatu izan duten herritarrentzat –ETAk Euskal Herria deitzen duenentzat– lasaigarria da. Edonola ere, adierazpenari buruzko “argibide oharra” idatzi behar izateak gatazka ebazteko gaur egun lantzen ari den moduak ez ditu normalizazio politikoa eta bake sendoa bermatuko. Tira, hori da nik ondorioztatzen dudana.

Bi arrazoik edo konstataziok egin dute posible ETAren egungo agiria: bat, politikoki ez duela deus galtzerik ez irabazterik ere. Ez ETAk, ez politikoki historikoki berarengandik gertuen dagoen aukera politikoak. Bi, agiri honen bitartez, euskal preso politikoen etorkizunak hobera egin dezakeela. Hala ere, bigarren hau ez dago bermatuta. Areago, ETA desmobilizatuko da, desegin edota desagertuko da, presoak aterako dira kalera, baina inork ez du bermatzen etorkizunean preso politikoak, biktimak, borroka armatua edo “terrorismoa” izanen ez denik. Ez ETAk, ez estatuek, ez estatuen legearen arabera Euskal Herrian dauden instituzioek.

Xabier Letonak  –ETAren agiria ezagutu aurretik egina– hitz hauekin bukatu zuen analisia atzo: “Hainbeste dago esateko, hainbeste partekatzeko, hainbeste irensteko!”. Nire aburuz, ETAren agiriak ez du dena esaten, ezinezkoa baita dena esatea. Erran nahi baitut, 1958ko, 1968ko, 1978ko… ETA… Egungo ETA al da? Zenbat ETA izan dira sei hamarkadatan?  Egungo ETAk hitz egin al du ETA guztietan aritu direnen izenean?

Gehiago esateko eta partekatzen hasteko, agiria idatzi dutenek ETAren beraren 60 urteko kidegoekin hasi behar dute bizitakoa partekatzen, bizirik daudenekin behintzat. Kidego horietan suerte guztietako herritarrak daude, mota guztietako biktimak, torturatuak, estatuek errepresaliatuak  nahiz ETAk berak jazarriak, baztertuak edota hitz batean “damutuak”.

ETAk egindako kaltea onartzea, ez al da egindakoaz “damutzea”?

ETAk Euskal Herria deitzen duenak has lezake orduan gertatutakoa irensten eta digeritzen. Eta hori egin arren, hori guztia irentsia eta digerituta ere, hori egiteak ez du Legea ezartzeko biolentziaren monopolioa dutenek “eurek eragindako mina eta inposizioa” aitortuko eta onartuko dutela bermatuko ere.

Estatuek –ez berau sostengatzen duten herritarrek ez agintariek– ez dute egindako minez eta kalteez ez “damu” ez dolurik aitortu behar. Euren legeek salbuetsita daude.

ETAk Euskal Herria deitzen duen horrek badu zertaz lotsatu, eta zertaz beldurtu ere. Ostera, zertan dago –edo daude– Euskal Herria horretaz harago eta honago dagokeen Euskal Herria(k). Ba al dago Euskal Herria izaterik Espainia eta Frantzia izanda, edo ba al dago bi estatu hauek –ondoan– izan gabe.

Ba al dago Euskal Herria izaterik –ETAk Euskal Herria deitzen duen hori–  ETA desegin edo amaitu ostean?  Geroak erranen du.

Oharra: goizean errana irentsi eta digeritu ondoan, hauxe ETAren agiria irakurri ondorengo digestioa.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07