blogak

Katebegia

Arazo nazionalak eta arazo sozialak ezin bereizi daitezke

Paris, 1977. Antropologia eta historia ikasia da. Eusko Ikaskuntzak Hiri antropologia gaia ekarri du hizpidera 53. Eusko Folklore Urtekaria-n.

53. Eusko Folklore Urtekaria.

Thomas Pierre antropologo lapurtarrarekin solastatu gara, eta hona azpimarratu ditudan zenbait lerro:

“Euskal hiritartasuna eraiki nahi duen herritar batek ezin du estatu arrotzarekin bat egin”.

Hori axioma da, eta hala izanagatik lerroburua bihurtu dugu.

“Zailagoa da euskaldunontzat historian jasandako kolonialismoaren erreparazioa jasotzea, etorkinentzat berea baino”.

Askori exageratua irudituko zaio, baina irakurri Ximun Fuchsen artikulua:

Hona “perla” bat: “Matematika irakasle batek, oker zebilen ikasle bati zera erran zion: “T’es con ou t’es basque?” (Tontoa zara edo euskalduna?). Eta klasea barrez lehertu zen…”.

Kontua ez da soilik Frantziar Errepublikaren izaera Estatuaren baitan txertatua izatea, jendartean ondo txertatuta badago, baita Ipar Euskal Herrikoan ere.

– “Gaurko euskal munduak aniztasuna etengabe sustatzea, erabat naif edo inozo iruditzen zait”.

Ausarta.

– Badira gehiago eta denak oso adierazgarriak. Alabaina, nire usterako, lehen esaldiaren segidan dago euskaldunok kateatuta egotearen arrazoia –edo zioetako bat–:

“Euskal hiritartasuna eraiki nahi duen herritar batek ezin du estatu arrotzarekin bat egin, edo harekin batera jardun. Estatuarekin batera jardun dezake arazo sozialei dagokienean, baina kulturaren eremuan ezin du bat egin”.

Hots, guk geuk gure arazo sozialak gainditu ezean, nekez gaindituko dugu estatu arrotzaren menderakuntza!

Elkarrizketa, 53. Eusko Folklore Urtekaria-k Hiri antropologia-ri eskainitako artikulu sorta baten markoan kokatu behar da. Thomas Pierreren gain, badaude beste egile batzuen ekarpenak. Interesgarriak direlakoan, hari solte batzuk segidan:

Miren Urquijo Arreguik Etnografia ibiliz. Ibilbide generikoak Donostian zehar gaia landu du. Arreguik “gizarte baten proiekzio espaziala bezala definitzen du hiria, praktika sozial baten emaitza baita”.

Igor Ahedo Gurrutxagak Poder y potencia en la ciudad: cuidado, participación y defensa comunitaria-n globalizazioaren eraginpean ezagutzen ari garen hiria- eta auzo-bizitzaren desegituraketa prozesua azpimarratu du.

Isusko Vivas Ziarrustak Bilboko auzo-ertzetako “zauriak” interpretatzen. Muga-espazioen transformazio urbanoa eta eraldaketa estetikoaren eraginak  artikuluan: “Euskarak hirira egokitzeko anbibalentzia ugariko prozesuetan aritu beharko duela”, dio.

Thomas Pierre-Hiraboure Mathey-Cardonellek, gure solaskidea, “Une antrologie de la citoyenneté basque aipatuan, hiritartasunaz ez ezik, herritartasunaz ari zaigu. Euskal nortasuna/hiritartasuna, euskal herritartasuna citoyenneté basque legez endelegatu behar dugula, dio

Xabier Aierdi Urrazaren Open your sormena! Euskara eta hiria. Mugak eta aukerak delakoan, Nerea Azurmendi kazetaria parafraseatuz, bidegurutze edo errotonda batean ote gauden itaundu digu: “Testuinguruak, klase sozialak eta posizio etnopolitikoak elkar topatzen duteneko bidegurutze konplexuan kokatuta baitago euskara”.

Bref: Arazo nazionalak eta arazo sozialak ezin bereizi daitezke.

Bref: Berriz ere, axioma: “Guk geuk gure arazo sozialak gainditu ezean, nekez gaindituko dugu estatu arrotzaren menderakuntza!”

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07