blogak

Katebegia

Apaiz sinkronizatu bati esker

“Rocka eta bertsolaritza uztartzen dituen saiakera oparo honek uste asko apurtzen duelakoan nago”.

Rock puntua!

Alberto Irazu

Pamiela, 2017

Liburu esanguratsu honen egile Alberto Irazuk idatzi duenez “bi gauza gertatu behar ziren historia hau kontatu ahal izateko: batetik, euskararen espazio natural baten modernizazioa eta sekulartzea; bestetik, erdararen espazio baten euskaratzea”. Rock puntua! liburuaren funtsa barnebiltzen duen esaldia duzu, nire uste zuloan. Funtsa edonola dela ere, rocka eta bertsolaritza uztartzen dituen saiakera oparo honek uste asko apurtzen duelakoan nago.

Batetik, saiakera gisa ekarria ere, ez da aise berau sailkatzea. Bestetik, liburu honen aurrean bi irakurle mota interesatuta begitantzen zaizkit: liburuaren historia hasten den unean munduan ginenok, –1975 urte aldean koskortuak jada– eta 1990ko hamarkadan munduratuak. Milurteko berrian “euskal rockaren eta bertsolaritza uztartuta modu naturalean bizi dutenak.

Lehendabizikook, rock-ero zaharrok, pentsa dezakegu: “Hara, egia, komeni da memoria freskatzea, irudi baitu orain dela mende erditik gaurrera bizitako eraldaketa modu naturalean eman dela”. Bai zera! Ahaztutako pasarte ustekabeko ederrek osatzen dute liburua. Bigarrenek, rocka eta bertsoa modu naturalean bizi dutenek ere, rock-ero zaharren garaiak bizi gabe, euskal belaunaldi baten transformazioa endelegatu dezakete gure historiaren kronika eta saio honi esker.

Gatazka politikoaren une krudelenak oroitzea eta kontatzea berealdikoa den uneon, liburu honen kontatzeko moldea hagitz egokia izan zait. Elemenia da historia liburuan agertzen diren pertsonak, hitzen, musika eta kantuaren protagonistak diren aldetik “pertsonaiak” ere badirenak. Pertsona bakarra ekarriko dut hona, hartara, gainerako guztiei zor diegun aipamena ordainduta geratzen delakoan.

Nemesio Etxaniz apaiza dugu bera. Apaiza bai. “1951ean atzerriko doinuetan euskarazko hitzak sartzea eta aire arrotz horiekin katuak egitea proposatu zuena”.

Rocka eta bertsoa modu naturalean jasotako gazte horiek, jakin ezazue  “inoiz izandako apaiz sinkronizatuaren jarraitzaileak” zaretela. Ez zuek bakarrik, guk ere, iragan mende erdian jaiotakook –rock, pop, funk, ska, blues, heavy edota rap-en doinuetan eboluzionatu dugunok, bertsoak zortziko handian eta txikian edota puntuka abesten zirela ikasi dugunok, bertso herrena, hankaluze eta hankamotz, baita  eztena, oina eta poto-arenaz jabetu garenok ere– bizitza continuum bat dela berretsi dezakegu liburu hau irakurri ostean.

Izen-abizen bat aipatu dut. Ezin adibiderako toki izenik aipatu gabe utzi ere: Andoaingo Gaztetxea. Okupazioa. Euskaldunok bertsolariaren hitzaren eta rock-eroen erritmoaren inguruan mugitzen bagara egun, belaunaldiz belaunaldi garatu dugun transmisioari eta espazio berrien okupazioari esker da.

Azkenik, izen-abizen bakarrean errenditu ezinik, horra beste bi: Uztapidek eta Xalbadorrek burua altxatuko balute.

 

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07