blogak

Katebegia

“Anarkismoa ez da inoiz homogeneoa, zorionez, beraz, seguru nago katalan anarkismoaren barruan ere hainbat jarrera egon direla prozesu honetan”.

Asel Luzarraga musikari libertarioa (Unai Aranzadik Mundakan egindako argazkia).

ARGIAk “Anarkismo Euskal Herrian” gaia ekarriko du hizpidera urriko Larrun hilabetekarian. Hainbat lagun libertario solastatu ditugu kari horretara. Anarkismoak Kataluniaren historian izan duen eragina jakitun, hiru galdera hauei erantzun diete solaskide horietako batzuek:
Honatx, Asel Luzarraga idazlea eta Punkamine taldeko partaidearen erantzunak.

Katalunian bizitzen ari den prozesu independentista dela eta, zein dira gakoak hori horrela izateko?
Oso zaila da Euskal Herritik horri erantzutea, bizi izan dutena bizi gabe, are gehiago azken 5 urteak, prozesuak indarra hartu duen boladan, Buenos Airesen egonda.

Urrundik ikusita, esango nuke hiru osagai elkartu direla: kasu askotan iragan frankista daukan katalan burgesiaren premia bere ustelkeria ezkutatu eta independentismoaren banderari helduta jendearen grazia irabazteko; oinarrietatik, herritik sortu eta ondo antolatutako mugimendu irudimentsu eta sendo bat; eta Espainiako alderdi nagusien jarrera itxia. Burgesia horren lehen urratsa Espainiatik irteteko proposamenik egiten ez zuen Estatut bat onartzea izan zen. Uste dut Espainiako alderdiek Estatut hori lurperatzeak jendearen sumina piztu zuela. Hor ikusi zuen atea katalan burgesiak herriaren sumin horrekin bat egin eta prozesu soberanista baten atzean babesa bilatzeko. Orain Mossoak ere heroi bihurtu dira, atzo bertan egurra nola banatzen zuten ahaztuta.

Dena dela, jende askok nahi zuen erreferenduma, eta poztu egiten naiz haiengatik. Beste estatu kapitalista bat eraikitzearekin aski izango ez duten horiengatik batez ere.

Katalunian tradizio libertarioak pisu handia izan du historian. Nola baloratzen duzu anarkismoaren ekarpena prozesuan?

Anarkismoa ez da inoiz homogeneoa, monolitikoa, zorionez, beraz, seguru nago katalan anarkismoaren barruan ere hainbat jarrera egon direla prozesu honetan.

Gogoratzen naiz aurreko erreferendumean, esaterako, anarkista askok Ez-Bai plataforma sortu zutela: “Ez Estatuari, Bai independentziari”. Seguru nago azken erreferendum honek hainbat zalantza sortuko zizkiola nire lagun anarkista gehienei, independentzia bai, nahi dutelako, baina katalan Estaturik ez, inondik ere. Hala ere, eta herritar askoren sentimenduarekin bat eginez, hor egon dira parte hartzen eta bozkatzen. Seguru nago, ordea, erreferendumaren aurkako anarkistak ere egongo zirela Katalunian, baina esango nuke ez diotela aktiboki oztoporik egin nahi izan, alde batera geratu direla, nolabait.

Zergatik eman da prozesu hau Katalunian eta ez, adibidez, Hego Euskal Herrian?

Euskal Herrian EAJk ez dauzka CiUk izan zituen premia politikoak oraindik ustelkeria kasu larririk ezagutu ez delako eta krisi ekonomikoa ondo makillatzen jakin dutelako. Euskal Herrian Espainiako alderdiek Ibarretxe plana zeritzona lurperatzeak kontrako erantzuna ekarri zuen: EAJk paretik kendu zuen Ibarretxe, bide horrek porrot egin zuela adieraziz, eta Urkullu jarri zuten buru, Estatuarekin zintzo jokatzeko prest beti. Eta gizarte bake moduko bat zabaldu da ETAk betiko su-etena iragarri zuenetik. Ezker abertzaleak gizarte mugimenduen indarra sakabanatu du, sozial demokrazia politikoki zuzenerantz egin du. Ikusi dudanagatik, ahaztuta, baztertuta sentitzen dira haren oinarri izan ziren asko, presoak, kasu.

Gure kasuan oso zaila da, bestalde, anarkismoaren ekarpenaz hitz egitea, ikusezinak baikara. Ez dagokigu guri Estatu berri bat eraikitzeko inorekin bat egitea. 2012an “Estatua dependentzia da, anarkia independentzia” kanpaina egin genuen. Dena dela, polita litzateke holako aukera bat edukitzea frankismoaren jarraipen honi aurre egin ahal izateko.

 

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07