blogak

Katebegia

Analisien analisia

“Eta ez neurokapitalismoak soilik, neurointernetek eta neuro-saresozialek bizi gaituzte, neurokazetaritzak bizi gaitu”.

Zer uste zenuten, iratzartzen zinetenean ez nintzela hor izango?”, gaztigatu zigun Panoramako ilustrazioak. Panorama politikoari irudia jartzen dio astero Adur Larreak. Augusto Monterrosoren “Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí” mikroerralatoak legez, giza historia –mundu erraldoi politikoa– islatu zigun berak ere.

Europako Parlamentuko, Espainiako foru eta udaletako gobernuei buruzko analisiak ilustratu zituen oraingoan. Azken bi hilabeteetako hauteskundeek hamaika analisi eta iritzi iradoki dituzte: “Europan eskuin muturra gora, ez inkestek esan adina”. “EAJ-PSE aliantza indartua atera da. EAJ-PSE nagusi eta eroso”. Podemos kolpatua, EH Bildu pozarren”. Hala ere, “EH Bildu eta Podemos ezkerreko alternatiba osatu ezinean”. “Geldiarazi da eskuin muturra, oraingoz”. “Chivite lehendakari?”. “Independentismoa sendotasunez Katalunian”. “Madrilen dute giltza”.

Gurean idatzitakoez beste, halatsu beste hedabideetan ere, zeinek bere ideologiaren (h)arian. XXI. mendean giza historiaren amaiera heldu omen da? Edo zen? Hots, ideologiaren aroa amaitu zen. XX. mendera bitarteko “gizona” azkendu zen. Azkendu al da? Bestelako pertsonarik jaio al da? Bai ote!?

Ez dut ikusten. Hemen eta munduan funtsean “ideologia” da gailendu. Mundua ideia politikoen –ekonomiaren– arabera eraikia da. Hautatzen ditugun politikarien ideien arabera, eta haiek berriz, munduko ekonomia –eta gerra– ezartzen dutenen arabera, hots, G7aren, FMIren edo multinazionalen aginduen arabera.

Komunismoak porrot egin ostean, ez du soilik kapitalismoak agintzen, ez soilik neoliberalismoak ere. Ez gara soilik kapitalismoaren arabera bizi –kapitalismoaren pean esatea, gehiegitxo zait–. Lenin, Mao, Stalin eta abarren komunismoarenak (Marx alde batera) egin zuen, goiti-behetiko –bertikaltasunak– aginteak alegia. Orain horizontaltasunak libreago egiten omen gaitu. Bai ote? Bai zera!

Anaia Handiak bizi gaitu. Ez imajinatu soilik AEBak, arren –munduko jendarme nagusia soilik–. Agintea duen nonahikoak gara. Ez dugu nagusien beharrik, ez hierarkiarik ere. Nork bere etxean du anaia handia. “Arreba”-ren esperantzan… Neurokapitalismoak bizi gaitu (irakur, Argiako Larrun#242, Gorka Bereziartuak idatzia). Eta ez neurokapitalismoak soilik, neurointernetek eta neuro-saresozialek bizi gaituzte, neurokazetaritzak bizi gaitu.

Europako, Estatuko eta Foruetako hauteskundeak izan dira, baita udalerrikoak ere. Demokrazia herri mailan gauzatu daitezkeen esperantzak bizi nau. Esperantza ere gaitza izan daitekeela jakitun, andreen eta gizonen oinazea luzarazten baitu.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07