blogak

Katebegia

Albisteak hobeto ulertu eta moldatzen ikasi aldera

 

Gasteiz, 1955. Filosofia eta Letretan lizentziatua. Hezkuntza Zientzietan doktorea.

“Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak

Fito Rodriguez

Utriusque vasconiae argitaletxea

Hasteko eta behin, argitaletxeaz ele sorta:

“Fake news”-ak ez dira atzo goizekoak liburua Utriusque vasconiae argitaletxearen azkena da, berau itxi baita. Paulo Iztuetak orain aste batzuk itxiera iragarri zuen Ainhoa Larrabe Arnaizek Berria-n egin elkarrizketan. Elkarrizketan, hala berean eta besteak beste, “pentsamendu propiorik gabeko herria herri hila da” adierazi zuen Iztuetak.

Egia esan, Utriusque vasconiae-ak ez du tankera horretako argitaletxe batek behar duen atxikimendua ukan. Egiari zor, ez euskarak eta ez pentsamenduak ere, ez dute herria –herria deitzen dugun– aldetik sostengu aski jaso ere. Gaur gaurkoz, ez da antzematen euskalduntasunak behar duen  tornuia. Edonola ere, eskerrik asko Paulo Iztueta eta Jokin Apalategiri –egitasmoaren egile nagusiei– hogei urteko jardueraren ondoren ondu duten uztarengatik, baita gainontzeko lagun, eragile eta egileei ere.

Eragile izan ezik, saiogile oparo  da Fito Rodriguez. Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak  saiakera Ideiak saileko 11. liburua da, eta berau  argitaratu aitzin, idazle honek bost zituen plazaratuta sail berean. Gainerako sailetan emanak, bestalde. Egiari zor hau ere, saiogile honek ez du –nire uste apalean– behar eta merezi duen arreta jaso. Ez da bakarra, bistan da. Arrazoiak hamaika dira. Luze joko luke horiek aletzeak. Bego oraingoan.

“Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak saioa hizpide, hainbat hausnarketa:

– Liburua txikia da, baina gotorra. Antzinako kultura eta usadioetatik abiatuta, berri faltsuen fenomenoa –fake news, zurrumurruak eta esamesak…– aztertzen du. Halaber, nazioarteko –ahozko nahiz idatzizko– pentsamenduaren eta literaturaren berri ematen digu, atzokoa eta gaurkoa eman ere.

– Gezurrezko notizien inguruan ikas dezagun aldera, egileak aro modernoko pentsalarien lanen erreferentziak ematen ditu liburuan, baita hizkuntzan adituek lengoaiaren gainean egindako gogoetak ekarri ere. Notiziak daukan muin semiotikoa ikasiaren beharraz emtean digu aditzera Fito Rodriguez irakasleak. Ene ikaspena: “Hitzek adierazten dutena taxuz ikasi ezean, nekez osatuko dugu errealitatea. Erreala edo egia”. Hala egia, alegia.

– Hona liburuaren tesia: “Gizarte baten adierazle dira zurrumurruak”. “Zurrumurruek sinesgarriak izan behar dute, errepikatuak eta aurreikusitako gizarte-estereotipoei oinarria ematen diete”, diosku Rodriguezek. Ikasi batez, ez dirudi duela bi milurtekoaren jendartean zurrumurruek zeukaten garrantzia eta berean zabaltzen zuten arrastoa gaur egungo esamesen aldean hain diferente izango zirenik.

Orduko ur uherretatik egungo lohiak, hots, zurrumurru haietatik egungo fake news-ak. Zer aldatu bada? Bada, XX. mendean munduaren izaera aldatu bazen, XXI.an, eta azken hamar urteetan bereziki, izaeraz batera bizimoldearen abiada aldatu da. Teknologia gero eta “aurreratuari esker”, sare sozialen –internet bidezko twitter, facebook, wattsapaz…–  bitartez berriak, notiziak eta albisteak heldu nola halaxe doaz, ziztu bizian joan ere.

– Ba al dago informazio duina eta egokia taxutzerik? Soluziorik ba ote? 2000 urtetan soluziorik izan ez duenak ez du, bada, epe laburrean edo ertainean –hamarkada edo mende batean– izanen ezta? Espero dezagun, aldian aldiari dagokion moldean, berriak hobeto ulertzen eta berauek moldatzen ikastea. Ikasiko dugula, hots. Tira, niri kasu egin beharrean, liburua irakurtzea gomendatzen dizu(e)t.

– Behin eta amaitzeko, egilearekin izandako solasaldia irakurtzea proposatzen dizu(e)t halaber. Halaber, Paulo Iztuetaren “pentsamendu propiorik gabeko herria herri hila da” erranairu gogoan, hauxe gehitu nahi dut: “Pentsamendu propiorik gabeko norbanakoa ez da pertsona… Ez bere buruaren jabe, amiñi bat bederen!”.

* * *

“Fake News”-ak ez dira atzo goizekoak liburuaren gainean gehiago jakin aldera:

Egiaz eta errealaz, Fito Rodriguezekin

Fito Rodriguez: ETB, “ETBatzokia” da

Zer egin? Nola jokatu “Fake News”-ekin?

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07