blogak

Kaixomaitia

Zortzigarren leihaketa (XV eta XVI)

Zortzigarren  leihaketa  (XV  eta  XVI)

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

15

Asteazkena. Doinuz jantzia. Inside Llewyng Davis.
1961, New York eta “Coen” anaiak; ezer gutxi esateko. Eta hori gutxi balitz, Oscar Isaac (Llewyng Davis) filmaren protagonista. Tankera honetako filmek, eta kasu honetan, are gehiago, gidoilariak nortzuk diren irizpide izanik (ordurako errekonozimenduaren domina bularrean erantsita zuten, esaterako, “Fargo” eta “El gran Lebowski” filmeei esker), berebiziko garrantzia eman ohi diote argazkigintza eta soinu arloari. Eta luzemetrai hau ez da atzean gelditu (Oscar sarietan izendapen bana izan zituzten). Hala, hau guztia kontutan izanik, film osoan zehar oilo-ipurdia jartzen duten folk kanta itsaskorrekin ahaztu gabe, produktuaren emaitza bikaintasuneraino goratzen da; etengabeko orgasmo artistikoa.
Garai hartako folk musikarekiko erabateko miresmena eta errespetua sentitzen dutenentzat bideratua, egungo musikaz identifikatuta ez, eta iraganera jauzi egin behar dutenen barruak asetzeko intentzio osoz sortua. Haientzat, opari bat; dosi txiki bat. Eta batez ere, musikari peto-petoentzat, intrumentua soinean hartu eta kalera irteten direnentzat, nork bere arrazoiak medio; batzuek, xoxak irabazteko, beste batzuek, aldiz, intimidadeak soinu bidez oinezkoei oparitzeko, besteen egunak alaitzeko asmoz. Hortaz doa filma. Inkonformista klubak bultzatuta, pasioa amets bihurtu eta “zergatik ez” behin eta berriro errepikatzea. Geldiezina zarela sentiarazi, eta bidetik biltzen dituzun zartako guztiak pilatu eta lurpean hondoratu beharrean, munduari atzaparrak erakutsi eta ezbeharren aurrean sekulakoa egiten zarela adieraztea. Hau da Llewyng Davis-en bizitzako pasartea, eta milaka eta milaka musikagileren errealitatea. Gutxi batzuek lortuko dute entzunak izatea, gehienak, ordea, ez. Bidean isilaraziko dituzte, kandela baten sua poliki-poliki itzaltzen den bezala. Baina, mundua ez dago artistak eta haien kantak galtzeko moduan, pilota bat egin eta zakarrontzira saskiratzeko; ezin dugu onartu.
Behin eta berriro errepikatzen digute begirada etorkizunean jartzearen garrantziaz, atzerapausorik ez bidean. Aldiz, 30-40 urte barru, tankera honetako filmak grabatzea adosten dutenean (beti egongo da norbait), “Justin Bieber”, “Selena Gomez” edota “Rosalia”-ren bizitzak islatu beharko dituzte. Eta orduan, guk geuk egingo dugu barre. Edo negar, ez dakit. Film hau oroituko dugu, eta iraganean preso geltzeko motibo dexente genituela jabetuko gara.

16

Osteguna. Euskal itsaslabarra. Oreina.
Oso euskalduna, oso gurea. Agian, ez da kasualitate hutsa, eta filmak izango ditu zenbait ezaugarri gure zilborretara begiratzean antzekotasun handiz ikuskatzen ditugunak. Agian, ez gara pelikulako pertsonaietatik asko aldentzen, edota agian, bai. Batek daki. Munduan, zorionez, izaera adina pertsona daude, nork bere onura eta gabeziak uztartu, eta haiekin bizitzen ikasi duelarik. Film honetan, odol bereko senideak izan arren, talka egiten duten bi nortasun berezi bezain interesgarri (barruak giltzapean gordeak dituzte, eta ezer gutxi dago ikusgai) dira istorioaren abiapuntu. Emigrante bat tarteko, zer esan handia emango duena, ziur; pertsonaien hirukia osatzen du. Eta oreina, noski. Oria ibaiaren ertzean, periferian, kokatzen den baserri bateko sarreran zintzilikatuta; lepoa, burua eta adarrak. Ortzimugaren tankerakoa, bi mundo, eta bi errealitate ezberdin bereizten dituen alegiazko ormigoizko harresi sendo bat; zeharkaezina.
Ixiltasun ituna gailentzen da, elkarrizketa gutxi, drama motela, aldiz, bizitasun handiz, une zehatzetan. Oso zehatzetan. Honi kontrajarriz, eta hizketan ez bezala, filmak fokua natura irudietan bideratzera bultzatzen gaitu. Neke handiz lortutako paisaia zirraragarriak behatzeko oparia, Oria padurak atsegintzen gaituen iragan industriala eta erabateko natura bizitasuna alderatuz. Hori gutxi balitz, pabilioi zaharrek agertokiari sinesgarritasun puntu hori gehitzen diote. Giro hotz eta iluna. Beraz, barne emozio eta sentsazioak bilatzera gonbidatzen gaituzte, zentzumen guztiak, osotasunean, irudiak aztertu eta ingurumenak eskaintzen dizkigun soinuetara ardazteko praktika gisa planteatzen da.
Eta nola ez, bertako filma izanik, ezin dugu musikan urri eman. Maila erakutsi behar da. Pelikulak etengabe jaurtitzen dituen planoak, “Itoiz” kantariak abestuak, errazago barneratzen dira; ia seaska kanta balitz. Hala ere, eta inoiz hura gutxiesti gabe, ez da filmak jaurtitzen duen hots esanguratsuena. Beste bat dago, zaratarik ateratzen ez duena, baina ondo ulertuz gero, barruraino heltzen dena: Integrazioaren aldeko oihartzuna.

 

Jarraitu irakrutzen: Zortzigarren artea (XVII)

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07