blogak

Kaixomaitia

Zortzigarren artea (VII eta VIII)

Zortzigarren  artea  (VII  eta  VIII)

7

Hutsik. Biluzik. Ez da inor aretoan. Dagoeneko azken despistatuek ere alde egin dute. Bi izanen dira. Betiko legez. Ohitura dute. Pelikula amaitu, gainontzeko zaleei minutu gutxi batzuk eman ospa egiteko, eta lasai asko gelditzen dira eserlekuan. Parez pare. Filmaren inguruko azaleko kritika eztabaidatzeko. Berehala amaitzen dute. Bata edo bestea, lehenago edo beranduago, muturtu egiten baita. Suminduta irten ohi dira aretotik. Markok eta Maitek agurra eskaini, eta hauek bekainak gurutzatuta burua arin altxatzen dute. Haiek ez dute inongo errurik. Barrea irteten zaie. Hasieran, barrutik. Bakarrik geratzean eztanda egiten dute. Ostegunero berdin. Hurrengo astean ere zapuztuta amaituko dute. Ordea, beharra dute. Ezin dira asteko dosi ttipia gabe bizi. Ez dira haserreak. Garrantzi gabeko lagun arteko lehiak, baizik.
Distiratsu. Garbitu dute lurra. Zintak kaxan. Lotan. Biharko emanaldira arte. Dirua salbu. Kutxa gotorrean babestuta. Kodigoa Markok besterik ez daki. Hil zorian ere ez luke esango. Berokiak armairutik hartu eta prest daude. Ilun. Itzali dituzte argi guztiak. Kalera irten eta atea giltzapetu dute. Bi bira. Hauek ere Markoren besapean. Aretoko erregea da. Zaindaria. Fidela. Eskuak praka barruan sartu ditu. Epeletan. Eta besterik gabe, lankideari agur esan dio. Etxerantz abiatu da. Berandu da, eta hotz handia egiten du kalean.
-Marko!- deitu dio Maitek urrunetik. Metro gutxitara.
-Esan.
-Sara.
-Barkatu?- Marko harrituta. Erabat.
-Sara deitzen da.
-Nor?
-Hamaikagarren ilarako zazpigarren besaulkiko neska.

 

8

 

Goizeko ordu biak. Ohean bueltaka. Ezin loak hartu. Gaur ez du filmik jarri telebistan. Ezta dokumentalik ere. Ez telesailik. Gaur ez du ezerk asetuko. Barruko itoaldi egoera desegingo. Ez da terapia eraginkorrik, gaurko honetan. Su-hiltzaileek ere ez lukete urdaileko erredura baretuko. Afaldu gabe sartu da ohera. Gaur, ametsak izango ditu. Gaiztoak. Desatseginak. Noizbait lokartzen bada. Begiak, gutxienez, zerratu ditu. Ahalegina eginez. Behartuta. Agian, errealitatea begietara ez begiratzeko. Ezingo luke. Ez du kemenik. Beldurra, ordea, sobera. Agian, amodio aldi bakoitzak danbatekoa dakarrelako atzetik. Sokaz lotuta. Ezkon berrien autoek latak izaten dituzten antzera. Hala imajinatzen du. Agian, zorteak ez diolako mesederik egin aspaldian. Zor dizkio pare bat. Behintzat. Agian, ez duelako inor alboan. Batek ondo daki zer nolako faborea egiten dion barruko gaitz guztiak ahotik kanporatzea. Espiritu maltzurrak jaurtitzea. Deabrua. Astiro, hesteak jaten dizkizuten zizare horiek. Halabeharrez, kanporatu beharrekoak. Edota, agian, egoera zailen aurrean izanen duen blokeo egoerari beldur diolako. Konfiantza eza. Finean, gaurkoan amets gaiztoak izango ditu. Ziur. Noizbait lokartzen bada.
1940. urtea. Herman J. Mankiewicz. Ohean etzanda, oina bitan puskatuta. Altueran, soka batetik zintzilik. Atsedenaldian. Luzerako doa. Berezi xamarra da, izaeraz. Ordea, ezberdintasun horrek aparteko gaitasuna dakar zainetan. Garaiko gidoilari kuttunena. Kotoi artean. Alkohola gasolina, funtzionatzeko. Idazteko. Sortzeko. Zalantzak sorrarazten zituen. Askoren begietan ezgai. Ezgauza. Askok eta askok ez zuten uste Hollywoodek fidatu zion gidoia egiteko gai izango zenik. Akabatuta zegoela, alegia. Ordea, lokartu aurretik, ideia ikaragarriak izanen zituen. Eta koadernoan zerrendatzen zituen. Hori baita unea. Barruak asetzeko beharra sentitzen dugunean. Erantzun bat eman behar dugunean. Gorpua erlaxatzeko. Dosia. Momentu horietatik sortutako ideiak batu. Elkar korapilatu. Zentzua eman. Eta magia. “Ciudadano Kane”, emaitza. Hurrengo urtean oskarra besapean.
Marko. Neurri berean. Horizontalki ohean. Hankak guztiz luzatuta, eta eskuak bular gainean. Bata bestearen gain. Hileta bateko protagonistaren itxura hartzen zaio. Maiteren hitzak zorrotz behatzen ditu. Aztertu. Behin eta berriz. Noria amaigabe baten soinean egongo balitz. Bueltaka. Amaitzearekin bat, hasierari belarriak ikusten dizkio. Berriz. Bihotzeraino heldu zaizkio berba horiek. Ez da gatz gutxiagoko kontua. Enegarrenez oroitu ditu. Hauek hitzak;
“Sarak zama galanta darama bizkar gainean. Urteen poderioz batu duena, astiro. Ordea, sekula santan ez dut ikusi aurpegi eskas batekin. Kolore zurixka, eta begi-zulo ilunak, bai. Noski. Kenduezina. Gaixotasuna krudela baita. Maltzurra. Gaiztoa. Sorgin sudur luze baten itxurarekin imajinatzen dut nik neuk. Sagar gorri bizia eskaintzen dizun sorgin zital bat. Koldarra, gainera. Ikusezina da eta. Beti ilunean. Aurpegia ezkutatzen du. Gorpua barrutik jaten du, isilik. Zaratarik egin gabe. Ia ohartu gabe.
Baina Sara azkarra da. Abila, oso. Eta garaiz harrapatu zuen. Iletik hartu eta gorputzez okertu zela oihukatu zion. Amorruz. Ezkerreko titi puntaren azpian konkor ttipi bat behatu zuenean. Urduritzen hasi zenean. Gaztearen osasuna kolokan jartzen hasi zenean. Finean, Sararen biziak iraulketa jasan zuenean. Egundoko bira. Egun batetik bestera.
Uda ahaztezina izan beharko litzatekeena, zorigaiztoko amets batean bilakatu zen. Froga bat. Bi froga. Analisiak. Goizean, eta arratsaldean. Plakak. Ebidentzia nahikoak, eta soberakoak, iritzi egonkorra argudiatzeko; minbizia. Bularrekoa. Ezkerrekoa. Eta hitzak berak esanen duen moduan, min bizia. Benetako mina. Aurretik behin ere sentitu ez den mina.
Ebakuntza, berehala. Jakin bezain pronto. Kirofanora. Bi bularrekin sartu, eta bakarrarekin irten. Eta pentsatzea nor edo nor badagoela bularreko ebakuntzak ordaintzen dituenak. Beste zentzu batean, noski. Titi bakarra. 22 urterekin. Hegoak moztu zizkioten. Gaixotasuna kontentu ez, eta gehiago nahi zuen. Ez zen asetzen. Kabroi galanta. Bi hilabete tratamenduarekin. Aste oso bat, egurrean. Ostera, bi deskantsatzeko. Ilea lurrera, eta ileordea burura. Horia, eta kizkurra. Ametsetako bat, behintzat, beteta.
Gorputzak egoki erantzun zuen tratamendua. Onera zihoan. Organo, gihar, hezur, zelula eta odol apurrak batu, eta ukabilkada perfektua jo zioten gaitzari. Justu erdian. Sara birmoldatu egin zen. Osatu. Sendo. Indartsuago. Pitzadurarik gabe. Inork, eta ezerk ez zuen geldituko. Minduko.
Orain, ordutik bi urte igaro direnean, otsoak belarriak tenkatu ditu. Berriz ere. Garai batean lurperatutako pentsamendu malapartatuek bizia hartu dute, eta altxatu egin dira. Orain, serioago. Orain, ez dator txantxetan. Orain, ez du bigarren aukerarik eskainiko. Orain, gelditzeko heldu da. Orain, udazkena da. Orain, benetako mina egiteko asmoz dator. Orain, biziaren bila dator. Berarekin eramateko.
Berriz ere istorioa hasieratik. Zerotik. Abiapuntutik. Hilabete luzeak aurretik. Zalantzak ugariak. Momentuz, lehendabiziko gerra. Bihartik hasita, hurrengo zortzi egunotan. Zortzi borroka. Zortzi liskar. Zortzi haserrealdi. Zortzi errieta. Zortzi buruhauste. Zortzi beheraldi. Zortzi goraldi. Zortzi sorpresa. Zortzi atsekabe. Zortzi disgustu. Zortzi Kimioterapia sesio”.
-Zortzi pelikula!- oihukatu zuen ozen Markok. Barru barrutik. Sabeletik. Bihotzetik. Paretek burrunbatu. Eta oheko lau hankek kulunka egin zuten. Apurtzear, ozta-ozta. Hori da erantzuna. Aurkitu du. Topo egin du berarekin. Ia estropezu ere, emozioak gain hartuta. Arnasa azkartu zaio. Ideia paregabea da. Gehien atsegin duen arloa bultzatuko du. Haren tresna izango da. Arma. Gaitzari aurre egiteko dosi ttipi bezain eraginkorra. Sararen adorea indarberritzeko. Egunean film bat; efektua izan dezake.

 

Jarraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (IX)

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07