blogak

Kaixomaitia

Zortzigarren artea (IV)

Zortzigarren  artea  (IV)

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

4

Kafea egin berria. Irakitan. Hala du gustuko Markok. Barruak berotu daitezen. Ahotik sartu, eta gorputzeko txoko ezkutuen tenperatura altxa dezan. Bada bero nahikoa gotorlekuan, berogailua piztuta dago eta. Duela hamar minututik. Oinak ere biluztu ditu jada, eta galtzerdiak albo batean zintzilikatu. Usaina ekiditeko. Xehetasunak asko zaintzen ditu. Tokian eseri da, eta kafe-ontzitik edalontzira etzan du edangarria. Kea, ugari. Aurpegira zuzenean. Begiak babestu ditu. Amak oparitu zion edalontzi hura erdiraino beteta. Berataz gogoratu da. Azken boladan nahiko hotz mantendu dute erlazioa. Ideia kontrajarri asko. Gehiegi. Muturreko izaerak, bi ertzetan. Distantzia luzea. Aldenduta daude, neurrian. Hobe da horrela. Ez du sekula Markoren lanbidea onartu; ez orain, ez inoiz. Asko aldatu beharko luke. Ogibide hura alde batera uzteko mila eta bat bider eskatu arren, semeak ez du amore ematen. Errespetu faltak, bata bestearen segidan. Ez ditu haren interes eta gustuak aintzat hartzen, guztiak zapuzten ditu. Behinola, amak herriko enpresa esanguratsu batean lanpostu bat eskuratu zion. Ordenagailu parean. Lasai. Garbi. Nahieran. Kontaktuak ditu. Andere sonatua da herrian. Goizeko bederatzietan bertan egon behar zuen. Ez zen agertu. Hurrengo egunean gehiago ez itzultzeko eskatu zioten. Gutun bidez. Ama sutan jarri zen. Bere ustez, ez zebilen semea bide zuzenetik gidatzen ari. Ezin izango zuen paparrik atera. Etxeko lotsa bihurtu zen arte. Uneko sostengua, soilik, ekonomikoa da. Izan ere, zinemako lana miresgarria den arren, ez ditu 700 euroak gainditzen. Hilabete amaierara heldu ezinik ibiltzen da, eta amorrua sortarazten dion arren, amaren laguntza ezinbestekoa zaio. Zorionez, ez da dirurik falta Markoren etxean. Inoiz ez da falta izan. Udatik, ama kostaldeko etxean dago. Gabonak bitartean egonen da, urtero. Itsasoko haizeak azala leuntzen baitio, haren esanetan. Lekeition. Euskal kantari batek idatzi zuen bezala.
Ez du horretan pentsatu nahi. Burua astindu du. Aldetik aldera. Baditu oraindik zenbait minutu, ikuskizuna hasi aurretik. Aldizkaria atera du mahai azpitik, apaletik. Noizbehinka, une solteetan irakurtzen den horietakoa. Kontu interesgarri aunitz kontatzen dituen horietakoa. Gehienak, ezagutzen ez direnak. Sorpresaz. Hobekiago barneratzen dira. 24. orrialdea. Kolpez ireki du. Zoriz.
“Bada italiar Alpeetan, urte batzuk atzera, behin eta berriro errepikatzen den istorio bat. Krudela bezain kuttuna. Bihotza ukitu, eta era berean, lur planetan bizitzeko eskubidea kolokan jartzen duena. Presena Glaziarra protagonista. Lombardia eta Trentino artean kokatua. 2.700 eta 3.000 metro bitarteko altitudea ezaugarri izanik. Baina, aldiz, ez dira haren neurriak aldizkariak bertaratzeko izan dituen arrazoi eta motiboak. Ikusgarriak badira ere, onerako, badago beste kontu bat, txarrerako. Izan ere, Presena Glaziarra hil zorian dago, eta aldaketa klimatikoak bultzatuta, mundu honetan bizi beharreko azken urteak esku batez kontatzen ditu. Kontrajarriz, hilketa iragarri berri duen honetan, handik eta hemendik bizirauteko irtenbideak abian jarri dira. Urtaro ahulena uda izanik, izotz guztia izugarrizko oihal batzuen bidez estali, eta hein handi batean eguzkiak bortizki jaurtitako izpiak leundu eta moteldu egiten ditu. Beroak erraldoia mehatxatu du”.
Paraleloki. Zine aretoari antzeko kontu bat gertatu zitzaion. Duela lau urte, zehazki. Los odiosos ocho, Deadpool, La habitación, Tarde para la ira, Un monstruo viene a verme, El hombre de las mil caras, La llegada, eta Que dios nos perdone. Ez du jainkoaren inguruko hitzik aditu nahi. Existituko balitz, ez luke halakorik onartuko. Hauek zinemak emandako estreinaldiak. Martxoko plangintza egina zeukaten, eta zintak bidetik zetozen. Alabaina, antza, bidegurutzeren batean kontrako bidea hartu zuten. Gorenak aholkatuta. Bultzatuta. Behartuta. Derrigortuta.
Aste batzuk lehenago, susmoa zebilen. Zerbait entzunen zen. Zurrumurrua. Ostera, ukabilkada zuzenean urdailera zihoala ohartu ziren. Eta, konturatu orduko, beltzunea sabelean marraztuta. Arnas gabe. Saihetsak aztoratuz. Udalak, diru gabeziak medio, herriko kultura gune esanguratsuenetariko bati pertsianak zerratzeko agiandua plazaratu zuen. Egun batetik bestera. Marko eta gainerakoei mundua gainera erori zitzaien. Ez zuten halakorik espero. Azkenaldian, zale kopurua behera zihoan, desegiten. Kirol jarduera euri azpian bezala. Berdin. Ordea, gutxiengoa betetzen zen, areto erdia. Eusten zion, tinko. Pultsua erdigunean zegoen. Aldiz, bolbora gisa, dirua xahutzen zebilenaren lelo-pean, akordioak onartu ez, eta giltzapetua izan zen. Kultura bahitu zuten. Bortxatu. Iraindu. Mehatxatu. Presena glaziarra moduan, hau ere oihal handi batez estali zuten. Ilunean. Gerizpean.
Zorionez, kultura gabeko herri batek nekez egin dezake aurrera. Eta, behingoz, ohartu ginen. Jendea kalera irten zen. Herriko bultzada eta babesa ezin hobea izan zen. Inoiz espero ez ziren aurpegiak ikusgai gelditu ziren. Eta zuk ere zinema atsegin duzu? Galdetzen zion Markok bere buruari. Harrituta. Ez zen zinema hutsa. Ideia bat baizik. Goraipatu eta indartu beharreko mugimendu bat. Indibiduo gisa ezinezkoa. Jendetzarekin, posible. Hala ulertu zuten. Gaztetxoek, nerabeek, helduek, eta zaharrek. Guztiok bat eginik. Izan ere, kultura guztiok ukitzen gaituen kontu bat da. Zuzenean edo zeharka. Manifestaldiak tarteko. Ekintza antolatuak. Eta palomitak lurretik, udaletxe parean. Protesta bezala. Aho batez. Bi aste iraun zuen itxialdiak. Konfinamenduak. Martxoko azken bi asteburuetan filmak proiektatu ziren. Markok ez ditu zehatz-mehatz gogoratzen. Ostera, erretinan badu gordea irudi bat. Inoiz ahaztuko ez duena. Jendea kanpoan geratu zen, eta astelehenetan beste sesio gehigarri bat ezarri zen. Haientzat. Herriarentzat. Guztion artean lortu zutena omentzeko.
Atsegin oroitzen zituen garai haiek. Begiak busti zitzaizkion. Ezustean, ametsa errotik moztuz, Maitek kabinako atea jo du. Eta ireki. Gradu gutxi batzuk. Burua agertu zaio ate izkinatik. Kanpoko portalea ireki behar duela esan dio, adi egoteko. Jakinarazpena. Markok erlojuari begirada bota eta zortzietarako hogei minutu eskas gelditzen direla ohartu da. Buruarekin onarpena eman dio. Eta lankidea sarrerarantz abiatu da.
Maite. Amor, gazteleraz. 20 urtetxo. Astelehenetik ostegunera Bilbon bizi da, Zazpi Kaleetan. Leioan Psikologia gradua ikasten dihardu. Ostegunetan, berriz, etxera bueltatu beharra du. Lanera. Ikasleen festak mozten dizkio. Eta min egiten dio. Markoren ustez, ez du larri iraungo postuan. Gabonetatik bueltan kanpoan ikusten du. Ez gaitasun faltagatik. Ez horixe. Lanerako balio du. Bizipen ugari hiriburuan uzten dituelako. Atzean. Galduta. Bizi beharreko etapa da, halabeharrez. Bien arteko harremana erosoa da. Ez zuziriak jaurtitzeko lain, baina egokia. Pelikulak irauten duen orduez batera egon beharra dute. Komeni zaie. Sarritan, Markok zigarroak pizten ditu, aparteko beharrik gabe. Kanpora irteteko. Haize pixkat hartzeko. Harengandik arnasa hartzeko. Markok azpitituluak, edota narratzaile bat behar duela dio. Hitz egiterako orduan. Gaur egun Internetetik erosi ez ote daitekeen galdetzen dio, edozer eskuragarri dagoen garai hauetan. Eskaintzaren bat aurkituko luke, arakatuz gero, Black Friday delako horretan. Iraintzen du. Bromaz. Maiteren kontraerasoa ez da makala. Psikologia praktikak baliozkotuta izan beharko lituzkeela dio. Markoren inguruan jorratu dezake tesia eta; “30 urte, eta ez naiz aurkitzen”. Deituko lioke. Bromaz.
Markok izan zuen Maite bat bere bizian. Lucia izenekoa. Ankaz gora jarri zion bizi hura. Baloia gasolinagatik aldatu zuten garai hura. Korapilatu nazazu bizia, esaten zion. Beharra zuen. Ondoren ohartu zen, gehiegi nahasi zela. Etxera bueltatzeko ogi apurrak txoriak jan zituztela. Berandu zela. Kosta zitzaion. Hiru urte luzez iraun zuen. 19 urteetatik, 22 urteetara. Lehen amodioa. Oroitzean, erlearen ziztadak, oraindik ere, azkura egiten dio bihotzean.
Arte Ederrak ikasten zebilen. Argazkigintza, batez ere, pasioetako bat. Ugari zituen. Asko, gehiegi, Markoren oso antzerakoak. Onerako, eta txarrerako. Biluzik argazki bilduma bat sortu zuten, elkar. Luciaren aitonak zuen baserriko ganbaran. Gau hartan kontrola galdu zuten. Nor bere onetik aterata. Sexua. Sexua. Eta sexua. Argazki batzuk deskribaezinak dira. Ederrak. Ostean, kiskali egin zituzten. Errautsen artean desegin ziren, ekainak 24ko gau hartan. Gradua amaitu, eta Eusko Unibertsitateak beka bat gauzatzeko aukera eskaini zion. Bertan jorratutako lan apartagatik. Merezimendu osoz. – Notizia ona eta txarra dut esku artean, zein nahiago duzu?- Esan zion Luciak Markori maiatzeko egun eguzkitsu hartan. Belarretan etzanda zeuden. Larre zabal batean. Bizikletak alboan, botata. Markok burua altxa, eta ona erantzun zion. -Beti ona aurretik-. Urtebeteko beka onartu ziotela azpimarratu zuen, irribarrez. -Eta txarra?-. Gehiago arduratzen zion. -Florentzia-. Erantzun zion.
Hegazkinean zihoazen. Mediterraneo itsasoko jainkoak ziren. Lainoen gainetik, eguzkiaren azpitik. Italiar hiria jomuga. Markok ez zituen burdinazko txoriak atsegin. Ezegonkorrak zirela argudiatzen zuen. Airean dago. Ezerezean. Zer uste du ba honek. Pilulak hartzeko gomendatu zion lagun batek, baina Markok ezezkoarekin ebatzi zuen eztabaida. Nekez aitortzen zituen ahuleziak. Ordea, damutzen hasia zen. Bizkarra tente, lepoa eserlekuan itsatsita, begiak itxita eta hatzamarrak ur-jauzi gisa. Tantaka. Itsasoa okerragoa litzateke, itsasontzi baten gainean, errepikatzen zion bere buruari, behin eta berriz. Lasaitzeko asmoz. Iraganean, ordu txikitan, telebistan ikusi zuen dokumentalaz gogoratu da. “Itsasoaren Artea” izena zuen, oker oroitu ez bazuen. Arrantzaleak sakonera urriko hondoetara abiatzen dira, arraiek behe aldean jaten baitute. Lurzoruaren parean. Alabaina, altxor preziatuenak ere mugak ditu, oztopoak. Izan ere, inguru horietan, denboraleak gogor astintzen du. Etor zaitezte nigana, esanez. Arriskua merke, nonahi. Orduan, itsasontziak tango moduko zerbait dantzatzen du. Itsasorekin eskutik helduta. Parez pare. Hainbatetan, estropezu egin, eta oina zapaltzean, haserretu egiten delarik. Amorru luzeenek orduak eta orduak iraun dezakete. Harroa da, oso. Bitartean, zira horiak alderik alde. Edozein egur zati heldu, albotik sartutako olatuek horren baitan hartu ez dezaten. Uretara jausiz gero, akabo. Kristal hotsak entzunen dira, ekaitzak kolpatuta. Trumoi handienak timoia soilik utz dezake. Barealdian, gainontzeko atalak itsasontzian aurkitzeko arazoak. Aurkitzen badituzte. Egur zati askok itsasoko marean jolastuko dira datozen urteotan. Usteldu arte. Urteko hilabete guztiak izan ohi dira gogorrak itsaso zabalean. Beti zerbait. Glaziarrak. Zikloiak. Behe-lainoa. Eguraldi txarra. Horrela, behin eta berriz. Hasi eta amaitu. Hasi eta amaitu. Hasi eta amaitu.
-Nahi al duzu?- Galdetu zion Luciak. -Bai, mesedez- Erantzun berak, berehala.
Begirada bakar batekin antzeman zuen egoera. Eskutik heldu zuen. Biak bustirik, biek bat eginik. Begia kliskatu, ezpainak mihiarekin umeldu eta behatzarekin jarraitzeko agindua egin zion. Lucia aurretik. Bi metro atzerago, Marko. Ezagutuko ez balira. Disimuluan. Jolasean. Korridorea zeharkatu, eta neska komunera sartu zen. Lehenago, irribarre kuttuna oparitu zion bikoteari. Atea itxi. Segundo gutxira, Marko bertan zen. Alboetara begiratu, eta inor ez zela jabetu ikusirik, ez zebilen azafatarik inguruan, atea birritan kolpatu zuen. Haien kodea. Tok-Tok. Bat-batean, portalea ireki, eta beso batek Markoren kamiseta bularretik heldu zuen, barrura tira eginez. Gogor eutsi zuen. Lehendabizi, sorbaldatik. Ondoren, lepotik. Zuzenean ezpainetara, bi trenek frontez txoke egingo balute. Eztanda piztu zen. Luciaren ezpainetako gorriak kolorea galdu zuen, Markoren masailek pailazo batena ziruditen heinean. Lepoan hortzak inkatu zizkion. Eta segidan, mihi puntek jarioa hasi zuten. Petrinak kendu zizkioten elkarri, bi metro karraturen bueltan, malabarista plantak eginez. Minutu baten ostean, barruko arropek zentzua galdu zuten, erabat. Markok neskaren ipurdi masaila heldu, eta pultsuan aireratu zuen. Eskuak zabalik.
Bostekoa emanik. Besoko giharrak tenkatu ziren, zainak esnatuz. Berehala igartzen zitzaizkion. Konketaren gainean kokatu zuen. Ezpainak banandu gabe. Hotza zegoen, oso. Ez zuen axola, barruko beroak balantza orekatzen zuen. Izterrak ireki zituen, paradisuko giltza eskaini zion. Konfiantza. Intimitateak oparitu zizkion. Markori begiak ireki zitzaizkion. Kolpez. Ile bakar bat ere ez. Markok ezta ere, uda amaiera zen. Hasieran, muturrarekin. Mihia dantzan. Jarraian, listu pixkat behatz puntara bota eta goxo-goxo ferekatu zuen ingurua. Lucia ametsetan aurkitzen zen, goia jota. Erabat. Ur jarioa itzela zen, inoiz aurretik ikusia. Markoren burua gogor kolpatzen zuen, tarteka, ileari tira eginez. Uneren batean mina sentitu izan balu, ezerezean gelditu zen. Gozamena handiegia zen. Ondorengo beltzuneek deskripzio gisa balioko lukete. Pasartearen oroimen bezala. Azalean txertaturik. Aste batzuez bada ere. Unea iritsi zen. Bi gorpuak lotzeko momentua. Bat egiteko momentua. Arima bakarrean fusionatzeko momentua. Marko Luciaren barnean. Lucia Markoren barnean. Itsasontzi batek glaziarrak puskatzen dituen moduan. Martxa beheratuta. Leun. Astiro. Igurtzi bakoitza azkena izango balitz sentituz. Sartu irtenak, etengabe. Hasieran, martxa aurkitu nahian. Ostean, erritmo biziz. Ezkerreko eskuarekin bularra helduta, titi-puntak mimatuz. Eskuinarekin, suabe, klitoria laztanduz. Luciak oihu egin nahi zuen. Ozen. Hegazkin guztiarentzat. Europa erdiak entzun zezan oihartzuna. Markok ekiditu zuen, ahoa esku batez estaliz. Kosk egin zion. Eta, baxu, barkamena erregutu zion. -Banoa- esan, eta Luciak baiezko keinua aitortu zuen. Hitz haiek jaurti eta segundo gutxiren bueltan, zakila atera, eta zilbor gainean amaitu zuen gertakari zoragarri hura. Begirada elkar mantendu zuten, eta barrez lehertu ziren. Zer nolako panorama. Nork imajinatuko luke.
-Buenos días. Os habla el capitán Gálvez. Estamos aproximándonos a nuestro destino. Dentro de diez minutos comenzaremos el descenso. La temperatura exterior es de 27 grados. Por favor, abróchense los cinturones. Espero que hayan disfrutado del vuelo. – Entzun zen bozgorailuetatik.
Ziztu bizian. Presaka. Bihotza ahotik irtetear. Prakak gora, eta kamiseta lekura. Ordea, irribarrea ahoan. Krisialdi egoera gaindituta, oztopoak puskatuta. Luciak lortu zuen. Markoren aingeruak. Oraindik jakin ez, baina deabru adarrak pixkanaka jaiotzen zebiltzan.
Florentzia. Amaitu gabeko hiria. Artearen hiria. Historia biziko hiria. Turismoa. Aurpegi berriak. Ezezagunak. Italiarrak. Piazza del Duomo. Ponte Vecchio. Boboli lorategia. Jende atsegina. Jatorra. Irekia. Eta ederra. Mutilak, eta neskak. Hatzaparrekin bere baitan hartzen zaituen hiria. Artearen bidetik gidatutako pertsonentzat neurrira josia. Haien sehaska. Abiapuntua. Ikasteko. Trebatzeko. Prestatzeko. Hezitzeko. Ostera, mundura zabaltzeko. Ametsak egia bihurtu daitezkeen gunea. Erdian, Lucia. Iritsi berri.
Etxera bueltan. Orain, Marko bakarrik. Hiru egun bertan igaro ondoren. Sostengu emozional gisa. Kaskoak jantzi zituen. Garaian merkaturatu berri ziren bi disko osorik entzun zituen, hasieratik azkeneko kantura arte. Mumford & Sons (Babel) eta Of Monsters & Men (My Head Is An Animal). Ez zituen hegaldiaren turbulentziak igarri. Ez, behintzat, kasurik egin. Ez zuen horretan erreparatu. Bazuen beste kontu bat buruan, garunaren espazio handiena menpe hartzen zuena. Lucia. Bere lehen amodioa. Alboan izan duena, une oro. Oraingo horretan, distantzian izango zuena urtebetez. Urrunean. Memorian bizi beharko zen, aurretiko bizipenetatik elikatzen. Horiek ere agortzen joango ziren. Desegiten. Ez lehendabiziko egunetan. Asteetan. Hilean. Bai, ordea, urrutira. Eta hori jakina zen. Markok bazekien. Luciak, orduan ez. Inozente samarra zen kontu hauekin. Bidaiaren helburuak ezberdinak ziren bakoitzaren begietan. Batak despedida bezala gauzatu zuen. Ez urtebeteko agurra. Bizi osorako agurra, baizik. Besteak, ostera, parentesi txiki bat. Bizi esperientzia bat. Erlazioa sendotuko lukeen sendagaia. Zoritxarrez, errepide ertzak gorpuez gainezka daude, maitasunaren albo-kalteen
ondorioz, mundu osoko kostaldeko herriko kanposantuak arrantzale euskaldunez beterik dauden moduan.
Zortzi hilabeteren bueltan, Anek idatzi zion. Luciaren lagun minak. Txikitatik. Haren inguruko istorio batzuk entzunak zeuzkan arren, ez zuen zuzenean ezagutzeko aukerarik izan. Bertan, Luciak lagun berri bat ezagutu zuela azpimarratzen zen. Frantziarra. Burdeos. Berak ez zuela hala nahi izan, ordea, guztia korapilatu zela. Distantzia. Afektu beharra. Bakardadea. Kontu batek bestera generamatzan. Finean, bere lekua aurkitu zuela. Aspaldian bilatzen ari zen leku famatu hura. Markori ezinezkoa zitzaiona eskaintzea. Ahaleginak egin zituen arren. Gutun motza. Baina zuzena. Argia. Ikaraz beteriko idatzia. Koldarra. Fundamentu gabekoa, Markoren begietan. Amaitzeko, ezkutitzari erantzunik ez emateko eskatu zion. Arren. Bere bizia egiteko. Zerotik hasteko. Aurrera egiteko, nolabait. Hitz batez, bakean uzteko. Azken hitz horiek azalean erre zitzaizkion. Kandela baten argizari gisa. Gutuna tolestu, lauki txiki bat eginez, eta armairuko zapata kutxa batean gorde zuen. Ez zen hitz horietaz desegin nahi. Presente izan nahi zituen une oro. Ikasketa moduan, akats bera errepikatu ez zezan. Orduan ohartu zen, minarekin gauza anitz egin daitezkeela. Sufritzea. Arrastatzea. Behatzea. Bilakatzea. Eta onartzea. Guztiak bizi izan zituen, gaur egun den pertsona izatera heldu arte.
Gerora jakin zuen Parisera aldatu zela. Bertan ezkondu zela. Argazkiren bat heldu zitzaion. Eiffel dorrearen azpian. Zeru gardena atzetik. Eta eskuak heldurik. Musurik ez, ordea. Lukak, senarrak, margolanak eskegi eta aurkezten zituen amodioaren hirian. Ostera, saltzeko. Arte amorratu sutsuenek ere diru beharra dute bizi irauteko. Ez zaitzatela engainatu. Entzun ahal izan zuenagatik, garesti, gainera. Eliteko jende artean mugitzen zen, Parisko museo ezagunenen partaide izanik. Artearen munduko momentuko izenetariko bat bilakatu zen. Goia jota.
Iragan urteko gabonetan bisitan etorri zen. Aspaldiko partez. Familiarekin egoteko grina sentitzen baitzuen barrenean. Halakoa zen Lucia. Gabon zahar eguna, eta xanpain botilek minutu gutxitan ukitzen zuten hondoa. Bata bestearen atzetik. Kalera irten nahi zuen, familia arteko mahai ingurua motz gelditu zitzaion. Ahizparekin mozkortzeko prestutasuna erakutsi zuen, eta honek baiezkoa. Erregutu ostean. Alaba txikiak amonaren etxean pasa beharko luke gaua. Bihar goizean hartuko luke. Edo eguardian. Batek daki. Taberna bakoitzeko botila erdi inguru. Eta dantzan aritzeko irrikaz. Dantzalekuan ezin sartu. Arima librea aspaldiko partez. Alkoholak buruan gora, behe edalontziek lagunduta. Zigarro bakar bat ere ezingo luke erre, hainbeste alkohol kantitatearekin ahoak eztanda egingo bailuke. Eskuak gora, gerriak alderik alde, eta ileak alboko gazteen bizkarrak kolpatzen. Hauek harrituta. -Nor da ba neska puska hau?- errepikatzen zioten elkarri. Ezustean, ahizpak ukondoarekin kolpatu zuen, xanpain apurra lurrera eroriz. Atera begiratzeko keinu. Marko. Zuzenean Luciarengana. Florentziako aireportutik hitz egin gabe. Zazpi urte, zehazki.
-Inoiz ez zenuke Mediterraneo Itsasoa zeharkatu behar.- esan zion belarrira, goxo, begirada banandu gabe.
-Hala egin nuen, ordea. Zurekin.
-Damutzen zara?
-Ez. Eta bai. – irribarrea oparitu zion. Antzina egiten zuen bezala.
Bat. Bi. Hiru. Lau. Hainbat konbinatu. Oroitzapenak. Bizipenak. Barre algarak. Beldurrak. Sentipenak. Sentsazioak. Amodioa. Haserrea. Konfiantza. Nazka. Ustekabeak. Sekretuak. Tristura. Lotsa. Errua. Plazerra. Harrotasuna. Atxikimendua. Eta lotura. Oraindik ere. Sinesgaitza.
Jabetu orduko, zakila aluaren barruan. Hegazkineko egoera bera. Orain, aldiz, garagardo upelaren gainean. Hotza, oso. Ez zuen axola, barruko beroak balantza orekatzen zuen. Tabernako despentsan, ezustean, paretaren kontra bizkarra jarri eta kisketa apurtu zenean. Pattar botilak inguruan. Ardoa ugari, zapore eta tamaina ezberdinak. Hurrengo egunerako txipiroiak desizozten. Kiratsa. Patata poltsak lurretik. Baita saguen tranpak ere. Izkin txukun bat aurkitu zuten.
-Denbora asko pasa da harrezkero.- Markok. Petrina lotzen zuen heinean.
-Gehiegi.- Luciak. Zigarroa ahoan zuela. Piztear.
-Gerora jakin dut.
-Zer?
-Ezkondu zinela.
-Sentitzen dut. Duela bi urte.
-Goiz xamar, ezta?
-Hala eskatzen zuen momentuak.- bota zuen kea ahotik.
-Soilik, jakitearren. Ezkonduko zinake nirekin eskatu izan banizu?
-Ziur. Baina, inoiz ez zenuen egin.
Hotz galanta ziega malapartatu horretan. Titi puntak gogortu zitzaizkion. Tenperaturagatik, eta egoeragatik. Oilo ipurdia. Berotu zen Markok berokia luzatu zionean. Aurpegiko haragi kolorea bueltatu zen. Isiltasuna nagusi. Jada, ez zegoen askorik egiteko. Eta gehiago luzatu gabe kalera irten ziren. Azken mozkorrak erratzarekin kanporatzen zituen alboko tabernako jabeak. Barailak guztiz lekualdatuta. Jateko ogi pusketa batek asetuko lituzke barneko beharrak.
-Eskertu nahi nizuke.- deitu zuen arreta Markok.

-Zergatik?
-Zurekin ikasi nuelako bikote batean aurkitu nahi ez dudana.
Musu masailean. Orain, lagun moduan. Orain, iraganeko etapa zerratuta. Orain, aurrera egin ahalko luke. Orain, bere bizia eraiki ahal izango luke. Orain, zerotik hasi ahalko luke. Hitz batez, orain, bakean utzi ahal izango luke. Betirako. Ezkutitzean erregutzen zion moduan. Orain, bai.

Jaraitu irakurtzen: Zortzigarren artea (V)

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07