blogak

Kaixomaitia

Urrunago gogoa

Mototsa askatu dut eta nire buruari begiratu. Gustatu egiten zait oherakoan nire logelako atea itxi eta ileko goma askatzea, uztea adatsari sorbaldetara erortzen eta erreparatzea ispiluan nola begi biek, dagoeneko erdi-itzalita, begiratzen dioten ile zuri ez-bakan bakoitzari, bere forma hartzen doanean libreki. Eramaten dut eskua burura goxo, eta formaz aldatu, nahastu, dantzatu, gustuko dudan orrazkera informala lortu arte. Honezkero oinutsik eta begirada nire begietan, askatzen dut bakeroen botoia eta egiten diet tira beherantz xuabe, besteren bati galtzak eranzten dizkiodanean bezala, kontuz eta goxo, maitasunez. Lurrean gelditzen da praka parea biharamunera arte. Urte askoan gorroto izan ditut nire zango koipetsu eta lodiak. Orain erreparatu egiten diet, oinetatik zilborraren azpiko ile horiztatuetara luzatzen ditut begiak, eta ahalegintzen naiz luzatzen bidea, beti dago txoko berriren bat deskubritzeko.

Gaur jertsea da, baina beste batzuetan izaten da kamiseta edo alkandora edo blusa txuria, oztopatzen duena nire begien bidaia eta horrekin batera nire pentsamendua, momentuko pelikula mentala. Heldu diot, beraz, bi eskuak gurutzatuaz, eta fuera, lurrera azpiko kamiseta eta guzti. Libreago horrela, arinago. Eta sentsualago ere bai, bide batez. Orain bai, utzi diet begi biei nabigatzen azal ezin zuriagoan barna. Gogoko dut begira egotea ispiluan dagoena beste norbait dela sinesten dudanean. Ni naizela pentsatzen badut ez diot hain jostari begiratzen.

“Sedukzio entrenamendua”. Ispiluan dagoen gorputz biluzia seduzitzea gustatzen zait. Begiradarekin seduzitzea gustuko dudan gorputz biluzi hori. Goxo, senti dadila eroso nire parean, nire begiradapean. Uste dut berez atsegin dudana momentu horretan gorpuzten dudan rola, jarrera dela; nire buruarengan sinesten dut eta konfiantzaz ekiten diot begirada-jolasari. Eskuei ere uzten diet bidaia dezaten nire larruazalean zehar, irri egiten dut jostari eta begietara begiratzen diot uneoro, erosotasun afirmazioaren bila.

Titiburuen posturak abisatu dit hotza egiten duela. Begi-keinu bat egin diot nire buruari. Eta ohera.

Kanpoko tenperatura baxuak barreneko beroa eskatzen duenean, bereziki goxo sartzen naiz ohera. Mihiseak eta neguko manta lodiak estaltzen didate gorputza. Izoztuta ditut oin puntak, baina mantatik kanpo ditut bi besoak. Sabaian begiak. Urrunago gogoa.

Joneren aurpegia etorri zait. Leuna, liraina, serioa. Begiratu egin dit, eta ez-ikusiarena egin diot nik. Bere eskua nire gerrian. Bere hatsa lepoan. Begiak itxi ditut, esku bat mantapera, segidan bestea. Sabelaldea laztandu dut, Jone dela pentsatu. Bere sukaldean nago, atzetik hurbildu zait. Beti eduki du nire taupadak azeleratzeko kapazitate hori. Irriño bihurri bat atera zait. Bere ahotsa xuxurlan, nire zain al hengoen. Bere gorputza nire ipurdia estutzen. Buelta emango nuke eta salto egin gainera baina ez, hau da jolastea. Burua atzera eraman dut, berarengandik hurbilago ahoa. Bi ezpain umel nire lepoan. Beroa. Eskuak dantzan, alua ukitu dit bakeroen gainetik. Eskuin zangoak eskuinerago eman du pauso txiki bat. Bere lepora nire eskua, hurbil hadi gehiago.

Titiburura eskua, eskean alua. Hotzik ez oinetan. Eskuekin larruazal biluzian nabigatzeari ekin diot, lehentxeago begiradarekin nola. Zango biak elkarrengandik iheska. Hator hankarteak.

Elenak bere hanka nire izterrean jarri du. Manta zaharrak tapatzen ditu bion gorputz erdiak. Pantailara begira gaude, baina elkarri. Gure Mikelek muxu eman dio eta joan egin da. Bakarrik gaude, baina lotsa bion erdian. Ipurdia mugitu du nire aldamenerago. Eskua ukitu dit mantaren azpitik. Begiak pantailan nik. Muxu bat sorbaldan. Oinarekin nire hankartean kax-kax. Eskua pijamako jertsearen azpira. Pasioa ezkutuan. Hatzak beherantz. Beroa, baina Mikel hortxe zagon. Irriño bat, hatzak irristadan. Begiak begietan. Ezpainak ezpainetan. Hatzak ezpainetan. Pasioa gugan eta inor ez erdian.

Esku bat goxo izterrak zeharkatuz iritsi da tanga azpira. Xuabe. Luzatu jolasa. Beste eskuak gorputza berotzen jarraitzen du. Burua, lepoa, bularrak, sabela, gerria, ipurmasailak, izterrak… Ukitu, sentitu azala azalaren kontra. Dena da ni baina dena da fantasia. Arnas hotsa eta kilimak gogoan, edo sabelean.

Amets. Kea dario bi ezpain gorrien artetik. Badaki begira naukala, nahita egiten dio putz, bion artetik bidea egingo duen ke zuriari. Hizketan geratu naiz ez-dakit-norekin eta mugitu egin da. Ez dakit non dagoen. Agian hobe pentsatu dut baina ez. “Voldamn”-ari trago. Berotasuna gorputzean. Beste bat. Barra ertzean ukondo bat eta ipurdi erdia taburetean. Esku bat gerrian. Sorpresa aurpegia. Bere ahotsa, begiak, ezpainak, algarak. Ez diot entzun ez-dakit-zer eta belarrira xuxurlatu dit. Umeltasuna lepoan. Eta ezpainetako margo gorria. Disimuloan begi-kliska bat. Joan egin da eta ni atzetik. Lau metro atzerago. Ate ilun batetik tira eta bere begi bien argia. Parez-pare, gertu, bertan.

Ipurmasail batean eskua, bere lepora nik. Lau bular bat. Bi gorputz bat, horma batekin borrokan gorputz bi. Alkohola eta ezpainetako margoa. Ilunean lau begi itxi.

Begiak zabaldutakoan kristalera erraldoi bat, pareta zuria, bi belaun-buru eta adats kizkurdun buru bat tartean. Eskua nire larruazalean. Nire eskua estu hartu nahian gorputz- atal bakoitza. Belaun-buruak elkarrengandik bereizten. Arnasa beroago, bizkorrago. Tanga beltz bat maindiretan galduta. Esku bat izter bien artean. Ezpainak. Manta azpian bi belaun-buru. Hiru hatz urduritu, taupaden erritmora. Oin-puntak bero, ia ohetik irtenda. Izerdia bi bularren artean. Umeltasuna denean, denona baina nirea. Eta presa, iristeko presa, ez-dakit-norako.

Gora eta behera eta eskuin eta ezker eta ertz gehiago. Eragitea, laztantzea, mugitzea, ukitzea, goxatzea, jolastea. Eskumuturrak nekea. Baina segi, arnasa hots. Pentsatu gabeko hitz ahoskatu bat. Beroa, umela, izerdia, desioa. Sukaldeko egurrezko mahaia, Mikelen etxeko sala, Dokako atzeko atea, Sevillako gela zuria, argirik gabeko logela bateko sabaia. Eta aurpegiak, Amets, Jone, Elena, Miren, Lierni. Irristadan hatzak, pixka bat gehiago. Arnasa bero eta hatsa hots. Titiburuak desberdin, bero. Aurpegiak, tokiak, gorputzak, zaporeak, muxuak, zilborrak eta ahotsak. Esku bat baina mila esku. Gorputz bat, nirea. Hortzak elkarren aurka estutzen. Begiak inkontzienteki baina itxita. Eta hatzak indartsu baina urduri oraindik. Jostari baina nekatuta. Pixka bat gehiago. Arnas hotsa. Iritsi nahia. Presa. Desioa. Pasioa. Hots bat bi segundoz ezpain artetik. Eta isiltasuna.

Beroa barruan eta kanpoan. Lurrean manta eta mihise. Ipurdia estutzeari utzi diot eta erortzen utzi gorputzari. Hasperen bat. Nekea. Atsedena. Logela bete irudimen. Logela bete izerdi putzu. Logela bete plazer. Taupadak sentitu ditut aluan eta esan dut aski, lasai zaitez, ez da hainbesterako; eta aditu diot ez-dakit-zeri baietz, agian izan dela hainbesterako eta gozatzeko; bizirik nagoela sentitzeko modu ederra dela. Sabaian iltzatuta begiak. Urrunago gogoa.

Beste mota bateko ametsak fabrikatzeko prest nago orain.

jatorrizkoa ikusi

2013-2022
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07