blogak

Kaixomaitia

Ni naiz, zu ere bazara

Egongelara bueltatu nintzen hiru garagardo gehiagorekin. Sofan postura ongi hartuta zeuden Lur eta Ekain, eroso. Zentzugabeki eroso egoten gara gure sexu berdineko konpainiekin.

Kontatzen jarraitu nien, Mallorcatik iritsi nintzen egunean nola Idoia aireportuan zain nuen. Autora bidean, protokolo barnean dauden “kaixo” eta “zer moduz” xume batzuk gurutzatu ostean, ateak itxi eta jaiari hasiera eman genion. Esku bat lepora eta bestea zakilera luzatu zizkidan. Nire zakila indar handiz igurtzia eta zimikatua izaten hasi zen gure mingainek elkar agurtzen zuten aldi berean. Bost axola zitzaizkigun lehenbiziko eguzki printzak, parking inguruan zebilen jendeak, denak. Nire bi hatz zuzenean bere klitoriaren bila jarri nituen, hogeita hamasei urteren ostean oraindik trebetasun handirik gabe. Hitzak ahaztuta, ixa bat irudikatuta eserlekutik eserlekura, arnasestuka, haragi bero, fereka, isuri eta onomatopeia bitxiak nahasten hasi ziren giro lurruntsu horretan. Musika guk jartzen genuen, ez zen irratiaren beharrik.

-Goazen atzeko eserlekuetara – esan zidan Idoiak belarrira xuxurlatuz. Eta hortxe prakak bizkor kendu genituen, bero gehiagoren egarri.

Beira tintatuen segurtasun faltsuan nire gainean ipini zen, begi txuriko zaldiko, bere eskuekin nire buruko ile motzetik indartsu tira eginez…

-Ze ona! Ze ona! – bota zuen Lurrek nire hitzak bat-batean eragotziz. – Zeinen emakume lizuna! – jarraitu zuen irriz. – Zeinen lizuna… – jarraitu zuen, bere ahots tinbrea apurka eta zorionez txikitzen zelarik.

Ekainek eta nik ez genuen ezer esan.

-Besteren bat kontatuko diguzu Aitor? – galdetu zidan Lurrek. – Ez zinen ezkonduta dabilen andre batekin geratzen ibili? Zer moduz harekin?

Garagardoari trago luzexka bat eman nion. Ni ere nahiko eroso sentitzen nintzen nire gertakizunen berri emanez. Publiko ona izan dut beti koadrilako zakila-kideen artean.

Oihaneren egoera deskribatu nien, haren argazkia telefonotik erakutsi ondoren. Hiru urte bereiztuta daramatzan zazpi urteko mutil baten ama eder eta jatorra. Geratu garen guztietan ostirala izan da, bere bikote ohiak hilean bi asteburu zikin ematen baititu bere semearekin. Oihanek eta nik musika mota berdina gustuko dugu, hori txortan egiterako orduan zoragarria da. Musika eta beste substantzia batzuk amankomunean ditugu ere, beraz, ostiral batean hasten dena, normalean, gandera arte luzatzen da. Bere etxean hasten da dena, egongela zabal horretan. Kandelek eta ardo botila batek hasiera ematen diotele henbiziko gorteatze dantzari. Ez dugu elkar ukitzen, solasaldi lasai bat izaten dugu sofan eserita edo bere biniloei begira. Laztanek eta muxu txikiek hitzak desagerrarazten dituzte. Begiak itxi egiten ditugu tarteka ere, inoiz alfonbrara erori zaizkigu ardo tantak. Musika lasaiak gutxi irauten du, egongelatik logelara pasatzen gara ateak zabalik eta lau hankak lurrean eduki gabe. Azkenekoan nahiko basatia izan zen dena; berdin zuen gure gorputzak Kama-sutrako zein orrialdetan zeuden, izerdi artean elkar jotze jarraitu konplize bat eduki genuen.

-Dena bien gozamenaren barnean? – galdetu zidan Ekainek.

-Bai noski – erantzun nion. – Denok hortxe dugu gure alde basati hori, bururik galdu gabe.

-Kar-kar beste bat! Zeinen emakume lizuna amatxo maitea! – berriro Lurrek.

-Utziko diozu tentelkeriak esateari Lur? – esan genuen Ekain eta biok bien artean eraikitako esaldian.

-Baina zuek biek zer duzue? Ez duzue ikusten emakume horiek sexua asko gustuko dutela eta bizpahiru gizonekin zitak izaten dituztela sasoi berean?

-Zu ergel bat zara Lur, berdin dit zenbat garagardo edan dituzun – bota zion Ekainek.

-Ez petraldu motel! Lagun artean gaude eta! Konta iezaguzu besteren bat Aitor mesedez, zoragarriak dira zure istorio guztiak!

Bazen kontatu nahi nien gertakizun bat.

-Inoiz Itziarrez hitz egin dizuet ezta?

-Bai! – esan zuen Lurrek. – Koldo horrekin askotan ibiltzen dena ezta? Jatorra da tipo hori.

-Horixe bera – erantzun nion. Itziarren izateko era asko gustuko nuela helarazi nien. Oso ongi elkar ulertzen genuen ohean eta ohetik kanpo, beti eroso sentiarazten ninduen eta irri asko egiten genuen elkarrekin.

Ikusten dudan aldi oro, barneak mugitzen dizkidan zirrara nabaritzen dut sabelean. Ile luze beltz, begi eder, irribarre amaigabea, praka gorri horiek.

Osteguna zen, azkar iluntzen duen ostegun sozial horietako bat. Sabela betetzen ez duten pintxo parea eta graduazio ezberdinetako zenbait edari izan ziren bederatzi pertsonen eta nire gau hartako afaria. Itziarren etxera jo genuen denok, oraindik goiz, gauerdi partera. Beroki guztiak besaulki baten gainean utzita, oinutsik, argi horiko egongelan, lagun arteko berotasun horrek ez zuen preziorik. Bi zigarro, bi ahotan, zorionez kontrako izkinetan. Gitarra abesti batzuk egon ziren, pasadizo dibertigarri ugarieta seriotasuna mantentzeko beste bi. Kolore guztietako hidratazioa, litxarkeria poltsak mahai gainean eta begiradak. Ahozko informaziotik askoz haratago doazen begirada horiek, sua sor dezaketenak, egongela oraindik eta gehiago berotu zezaketenak, guztion artekoak. Goizeko ordu biak heldu ziren eta jendea tantaka etxea uzten hasi zen. Txorrota zabaltzen denean zaila da ixtea, beraz, gero eta jende gehiagok alde egin zuene gongela atsegin hartatik, Koldo, Itziar eta ni bakarrik geratu ginen arte. Ez genuen egoeran erreparatu ere egin, solasean jarraitzen genuen eten gabeko irri zoragarrian. Hartan, isilune eroso bat sortu zen, irribarrea oraindik aurpegian marraztuta genuela hirurok. Itziarrek musu eman zion Koldori, ziur aski Koldok zigarro zapore eta litxarkeria nahasketa apur bat nabaritzeko adina. Ni hirugarren segundotik aitzin jokoz kanpo sentitzen hasi nintzen eta trago luzebat eman nion esku artean nuen izotzik gabeko kubatari. Haien arteko musua eten eta Koldok oso sakon begiratu ninduen, begi marroi-berde horiekin, ezpainak oraindik listuarekin distiratsu. Bere ezpainak nire ezpainetara hurbildu zituen eta gure mingainen umela eskaini genion elkarri.

-Egon, egon, egon–gailendu zitzaidan Lur.–Ez zara egiazki ari ezta?

-Utziko diozu istorioa kontatzen mesedez? – bota zion Ekainek.

Esan bezala, Koldo eta ni sekulako musu goxoan murgildu ginen, Itziarrekin izandakoa baino askoz luzeagoan. Itziar, Koldoren lepoan mingaina eta hortzekin hasi zen jolasten eta bere ezkerreko eskua nire garondoan sentitzen hasi nintzen, laztantzen, hor zegoela esanez. Koldoren atorra askatzen hasi nintzen bere sabel beroa sentitzen. Koldo eta ni musu luzea musu laburrekin amaitzen ari ginela, Itziarren lepora bota nintzen. Itziarrek sabaira zuzendu zituen begiak eta Koldok nire prakak askatu zituen nire zakila ahora sartuz.

-Baina, baina, baina, zer gustu txarreko txantxa da hau? – berriro Lurrek bortizki nire hitzak eragotziz. Oraingoan haserre zirudien, sofan jarrera bilatu ezinik. – Serio ari zara Aitor? – Luzatu zidan, horrela, hain huts. Entzun ez banu bezala egin eta istorioa kontatzen jarraitu nuen.

Bat-bateko irri xume espontaneoa sortu zitzaion Itziarri eta segidan zutik jarri zen, alfonbra erdian. Botila eskuetan hartu eta dantzan hasi zen,“Quelqu’un m’a dit” abestiarekin koreografia ederra sortzen. Bere mugimendu guztiak hipnotikoak ziren eta barne barneraino eragiten zuten, egoera osoki bizitzen eta gozatzen ari zenaren seinale. Baita ni ere. Koldok nire zakila ahotik atera eta prakak eta kaltzontziloak leunki jaisten hasi zitzaidan, buelta erdia ematera emeki gonbidatuz. Hitzak, hain beharrezko eta hain alferrikako. Musuak gerrialdean nabaritzen hasi nintzen, eroso, lasai, erlaxatua, hodei baten gainean banengo bezala. Nire uzki inguruan jatorri ezezaguneko hezetasuna sortzen hasia zen, eta sarrailaren inguruan giltza ate joka, ingurua inoiz baino labaingarriago…

-Aski da! Aski mesedez! – Lur garrasika hasi zen berriro ere. – Baina zer da hau Aitor? Zertaz ari zara? Zu marikoia zara edo zer? Ez dut ezer ulertzen.

Sofatik asko mugitu gabe eta nahiko lasai begietara begiratu nuen nire txiki-txikitatik zen ikastolako laguna.

-Lur maitea, uzkia, gorputzeko beste hainbat leku bezala, zonalde erogenoa da, nerbio amaierez betea. Bere estimulazioak plazer handia sortzen du eta noizbait probatzera animatzen zaitut. Koldorekin oso gustura egon nintzen, Oihane eta Idoiarekin bezala. Orain, zer da haserretu eta mintzen zaituena? Zer ari nauzu bortizki deitzen? Zer naizen galdetzen didazu? Ezer Lur, ez naiz ezer ni neu baino. Marikoia? Zuk nahi duzuna lagun, hala, zertaz pairatu behar dut nik eraso merke hau?

Lur isilik geratu zen. Segituan garagardoa ahora eraman zuen mututasuna disimulatu nahian. Sabaira begira jarri zen.

-Zeinen ongi Aitor – bota zuen Ekainek. – Zoragarria da gauza berriak ezagutu eta zirrara ezezagunetan nabigatzea.

Nahiz eta nahiko jarraian beste gai batzuk berrartzen saiatu ginen, ondorengo orduan Lur nahiko herabe eta barnerakoi azaldu zen. Momentu batean sofatik jaiki eta bere berokia zegoen aulkira eskua luzatu zuen, orduan bota zituen bere azkeneko hitzak:

-Beno koadrila, etxera noa bihar goiz esnatu beharra daukat eta. Elkar ikusiko dugu.

Bere atzetik atea itxi eta beste isilune bat sortu zen, erosoa oraingoan, Ekainek hautsiko zuena:

-Zorionak Aitor, nik ere antzeko harremanak izan ditut eta orain arte ez naiz koadrilako beste inorekin partekatzeko gai izan.

-Zorionak? Bai zera! Ekain, zenbat urte daramatzagu bizi eredu askatzaileen alde jarduten gure etxeko ataria inoiz garbitu gabe? Aski da. Aski dugu.

Ekain sofatik jaso eta sentipen handiz besarkatu ninduen.

-Eta ni zer naiz?–galdetu zidan Ekainek.

-Ezer Ekain, ez zara ezer, dena baino.

Besarkada apurka-apurka indargabetu eta banantzen joan ginen. Elkarri begiratu eta zoriontasun batean irri egin genuen biok. Adostuta bagenu bezala, ni hozkailura abiatu nintzen bi garagardo gehiagoren bila eta Ekain sala hartako ispilu handiaren aurrean geratu zen, zutik, hari begirada kendu gabe. Sukaldean bi botilak zabaldu eta gero, hitz hauek antzematearen irudipena izan nuen, xuxurlaka bere ahotik:

-Ni neu izango naiz beti, zu ere bazara.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07