blogak

Kaixomaitia

Nafarroako zulo ilun eta hezeen katalogoa I

Zalantzak nituen izenburuarekin. “Nafarroako zulo ilun eta hezeen katalogoa” izenburuak nahi nuena adierazten zuen, baina luzeegia irizten nion. “Nafarroako zuloak”, aldiz, motzegia iruditzen zitzaidan. “Nafarroako katalogo espeleologikoa” formalegia zen, gatzgabea.

Espeleologia taldeko egoitza Iruñean geneukan nahiz eta, taldekideok, Nafarroako geografian barreiaturik bizi ginen. Nafarroako katalogo espeleologikoa ari ginen osatzen eta izenburua falta genuen. Niri, taldeko izkiriatzailea izanik, katalogoaren testuen lanketa egokitu zitzaidan, izenburua barne.

Oinarrizko testuak idatzita, Maitek lagundu behar zidan zuzentzen eta txukuntzen.

Bezperan idatzi nion, eta Irurtzunen finkatu genuen hitzordua, bere etxean. Maitek kitzikatu egiten ninduen eta berarengan pentsatzen masturbatu nintzen bezpera hartan, nire ohantzearen fantasien tolestura bakartietan. Agerikoa zen katalogo espeleologikoa bigarren mailako helburua zela niretzat, Maiterekin elkartzeko aitzakia baino ez.

Berarekin larrua jotzea nolakoa izanen zen pentsatze hutsak aberetzen ninduen.

Begiak ixtean, Maiteren gorputz biluzia masajeak emateko ohatilan irudikatzen nuen, edo egongelako mahaiaren gainean luze-zabalean etzana gelaren erdian, museoetan bitxirik baliotsuena erakusten den gisan. Begi itxiekin egonen zen, lo antzera, hila antzera. Musika lasaia egonen zen, apal, entzunezin kasik. Luma bat eskutan, zeremoniatsu hurbilduko nintzen beregana, luma nabala bilakatuta gutizien jainkoentzat sakrifikatzera joanen banintz bezala. Lumaren punttarekin Maiteren gorputz horizontala arakatuko nuen sigi-saga kitzikagarrietan. Fereka borobilak eginen nizkion zilborrestearen inguruan. Uzkurtu eginen zen, oilo-larrua paratuko zitzaion.

Luma bihurria titietara zuzenduko nuen eta alderraiko marrazkiak eginen nizkion titiburuak gogortu arte. Orduak egonen nintzen gorputz mortu hura ferekatzen, behatzen. Desiratzen. Soilik eskuraezina dena desiratzen ahal den indarraz.

Garbi-garbi joan nahi nuen Maiterengana, badaezpada, zokorik ezkutuena ere zurrupatua izateko moduan. Dutxa bat hartu nuen joan baino lehen. Luma burutik ezin kenduz, fusila garbitu nuen berriz dutxa beroaren azpian. Mahaspasa baino idorrago joan behar nuen.

Nafarroan hiru mila haitzulo baino gehiago daude, hiru mila zulo ilun eta heze. Osatzen ari ginen katalogo espeleologikoan haitzulo guztien zerrenda agertzen zen, kokapen koordenadekin. Kobazulo eta leize esanguratsuenen topografiaz gain, Nafarroako eremu geologiko nagusien inguruko testu labur zenbait paratu behar genituen. Datu asko eta testu gutxi, beraz.

Maiteren etxean, berehala ekin genion testuen errepasoari, eta berehala bukatu genuen.

-Horretarako honaino etortzea alferrik zela erran nizun telefonoz -desenkusatu zen Maite.

-Ez du inporta -erantzun nion-, ez nuen bertzerik egiteko. Bistan denez, ez nuen larrua jotzeko asmo-beti-presente aitortu.

-Eta, zerbait idazten ari zara? -galdetu zidan deblauki. Gorroto nuen galdera hura.

-Ez. Uste dut sormenezko krisian nagoela.

-Bada, lehengoan zurekin oroitu nintzen.

Ordenagailua berriz piztu eta egunkari bateko bertsio digitala erakutsi zidan Maitek, notizia bat seinalatuz. Titularra irakurri zidan.

-“Narrazio erotikoen lehiaketa antolatu du “kaixomaitia.eus”-ek”.

-Anda!

Notizia irakurri nuen hortz artean.

-Zergatik ez duzu ipuin erotiko bat idazten?

-Sormenezko krisian nago -errepikatu nuen motibaziorik gabe.

-Benga, animatu, nik lagunduko dizut.

Ideia hura apur bat gehiago gustatu zitzaidan. Beti soinean neraman ideiak apuntatzeko libreta atera nuen. Orri guztiak txuri zeuden, aipatu krisiaren lekuko.

-Espeleologian girotutako istorioa izan zitekeen -proposatu zuen Maitek. Baiezko mutua egin nion eta libretan apuntatu nuen proposamena.

Normalki ibiltzen ginen leizeetara joan zitzaidan burua eta hankartea, supituki, hoztu egin zitzaidan.

-Ostia, kobazuloak munduko tokirik ez-kitzikagarrienak dira. Ilunak, hotzak, hezeak…

-Ez dakit, ba… -une batez pentsakor gelditu zen-. Niri bederen, behin baino gehiagotan iruditu zait zakilak ikustea estalagmitetan. Eta meandro aunitzek utero bat dirudite, eta putzu batzuek baginak!

Irribarrea marraztu zitzaidan aurpegian. Egia zen. Sorogainen esploratzen ari ginen kobazuloan, errate baterako, bagina handi baten forma zeukan putzua aurkitua genuen, “baginaren putzua” bataiatua genuena, hain zuzen.

-Esplorazio baten istorioa izan zitekeen -Maitek ideia erauntsiarekin jarraitu zuen-

, egunetako esplorazioa, adibidez, eta bi espeleologo bibakean liatzen dira, laurehun metro lur azpian.

-Ostia ze hotza, hor liatzea ere!

-Tira, ipuin bat da, erabili imajinazioa!

Arrazoia eman nion buruarekin eta botatako ideiak apuntatu nituen libretan.

-Hori da -segitu zuen inspiraturik-, alimaleko hotza izanen dute espeleologoek eta beren gorputzak lotuko dituzte apur bat berotzeko. Hasiera batean besarkaturik baino ez, ondoren, gorputzen beroa gehiago probestu ahal izateko, gerritik goiti biluzik inarrosiko dituzte beren gorputz makilatuak. Ohartu orduko ahoak janen dizkiote elkarri eta eskuak zirrikitu guztietatik sartuko dizkiote elkarri antsietatez. Luze gabe, laurehun metro lur azpian dagoen bibaka besta bat izanen da: muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak…

Maitek mota guztietako keinu lizunak egiten zituen beso, esku eta ahoarekin solastatu bitartean. Ni, bere parean mutu ez lurrerako ez zerurako, ikusten ari nintzena ezin sinetsirik begiratzen nion.

Errandakoa apuntatzeko keinu mutua egin zidan.

Muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak…

-Azkenean neskak atzamar bat sartuko dio mutilari uzkitik eta, mugimendu lizunak eginez, mutilak inoizko orgasmorik basatiena izanen du, konortea galtzeraino kasik!

Maite niri begira geratu zen bere istorioa bukatu zuelarik, nire oniritzia eskatuz nolabait. Nik, moztuta, libretan ezkutatu nuen begirada eta azken ideiak apuntatu nituen.

Neskak mutilari atzamarra uzkitik, mutilak orgasmo basatia (konorterik gabe).

Harri eta zur nengoen. Nire fantasia erotikoetan luma poetiko bat eskaintzen nion Maiteri eta berak Sodoma eta Gomorra bisitatu nahi zituen. Apur bat gorritzen nintzela iruditu zitzaidan, ahalke inozo baten erruz. Txiki egiten nintzela sentitu nuen eta Maiterekin gainkatzeko ez-gai peritatu nuen nire burua.

Luma ttiki bat baino ez dut errepikatzen nuen nire baitan, laku bat husteko ontzi txiki bat baino ez duenaren etsipenaz.

Muxuak, ferekak, felazioak, pajak, cunnilingusak… Zerrendaren errepasoa egin nuen mentalki, fruta erostera joaten denaren antzera.

-Ba omen da honezkero mamadak eta potota-jateak sexua ez direla diona -zirikatu nion Maiteri nire burua cooltzat hartuz.

-Mamada huts bat akaso ez. Potota- edo zakil-jate trakets bat edozein lagunek egin diezazuke ostatu zikin baten komunetan, baina jataldi dotore bat bertze kontu bat da.

Maiteren arrapostuak ustekabean harrapatu ninduen berriz. Jokoz kanpo nengoen.

-Irudikatu zure burua gela epel batean -jarraitu zuen-. Biluzik zaude, etzana.

Norbait sartzen da gelara bat-batean, ez du inporta nor, laguna ala ezaguna, eta, deus erran gabe, dakarren txokolate epela zure gorputzean isurtzen du. Zure hankartea ongi blaitzen dela ziurtatzen du eta, Hanselek eta Gretelek etxeari nola, hala ekiten dio jataldiari; plazerez, desiraz, gutiziaz eta jalekeriaz. Ea nor ausartzen den hori ez dela sexua erraten…

Isilune txikia egin zuen Maitek, pentsakor, begirada urrunean galdua.

Nik nire aldetik, dardara batean kasik, seko zorabiatu behar nuela iruditu zitzaidan, uzkian atzamar beharrik gabe.

-Txokolatea ez bazaizu gustatzen natillekin edo jogurtarekin egin daiteke ere, baina hotzagoa da -erantsi zuen bat-batean Maitek ahots doinu natural batez, legatza labean egiteko errezeta azaltzen ariko balitz bezala.

Jarraian bertze galdera bat egin zidan.

-Geldituko zara bazkaltzen?

Nahasia nengoen eta zalantza egin nuen erantzun baino lehen.

-Ez, mila esker. Goiz bukatu dugula aprobetxatuta, etxera joan eta mandatu batzuk eginen ditut.

Nire erantzuna arraro eta hotz samar aditu zen baina Maitek ez zuen berriz galdetu. Irudi eta informazio aunitz asimilatu behar nituen. Luze gabe, autoan nengoen.

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07