blogak

Kaixomaitia

Munarrikolanda II

KOLDO

Ezin dut zalantzati agertu. Ezin dut hiritar alperraren itxura eman. Laurarekin ligatzea kimera dela dakidan arren, behintzat hippyen garaiko ekipajeari gorazarre egingo diot. Dena eman behar dut, nire onena. Gora. Konbentzimendu osoz. Zuzen. Bidezidorrak egiten dituen norabide aldaketei kasurik ez. Ni zuzen. Laurak itaunduz gero mendiak honela igotzeko ohitura dudala esango diot. Nire prakak meheegiak dira eta ginarraren arantzek hankak ziztatzen dizkidate. Hobe markako eta usain oneko jaka eta praka batzuetan diru apurra gastatu izan banu. Ezin dut orain gelditu. Ez daukat minik. Goraino. Ito beharrean. Tinko.

Agirremendi, dio nire GPSaren gezitxoak. Honela aipatu diot Laurari. Tramankuluak urrutiko mendi hura Serantes dela dio eta honela errepikatu diot neskari. Astunegia ari naiz izaten. Isildu beharko nuke. Hainbeste hitz egin dut non, munarrien inguruko zeozer aipatu didanean, gure berbak gurutzatu eta ez diodan piperrik ere ulertu. Buruarekin baietz egin diot, aspaldi ikasitako amarrua.

Hau da lokatza! Eta polainak kotxean. Kaka zaharra… tenteltzat hartuko nau, duda barik.

Han atzean zuhaitzen artean izkutatzen den gailurra Munarrikolanda omen da; beste behin tramankulua lagun. Hau hasierako platerra baino ez da izan orduan. Erritmoa moteldu beharko dut, ezinbestean.

Laurak ez du urik gura izan. Eta nik errukitasuna eskertu diot.

LAURA

Lokaztutako zonaldean zureak eta bost ikusi dituzu. Momentu kritikoa ere igaro duzu eta eskua luzatu dizunean eskertu duzu. Koldoren esku epel azal leuna lagungarri egin zaizu, oso.

Hasiak zarete elkarrizketa zentzudunagoekin. Tipo interesgarria da, atsegina, urduritasun puntu horrek aldiro irria margotzen dizu ezpainetan; berak ikusterik ez duen arren. Zure etengabeko galdera zaharkituei erantzunez sekulako errepasoa egin dizu, hainbatean galduak zenituen lagun eta ezagun askoren bizitzak berreskuratuz. Ibonen inguruan ez da nahi zenuen beste luzatu.

Bere hitz jarioak ibilaldia atsegin egiten du. Egunak, Euskalmetek aurreikusi bezala, beroa dakar. Eskertzekoak dira eukaliptoen artean barreiatzen diren haize ufada xumeak. Harrituta zauzka horrelako eguraldiarekin mendizale zailduek daramatzaten gailu eta jantzi mordoak.

Bere begiradak ere harrituta zauzka. Hitzekin esateko gai ez den zerbait dario, Leteren barruruntzko hura, agian. Benetan da interesgarria, Koldo.

Titi-zorroa bere lekuan jarri duzu, deseroso daukazu, txikia geratu zaizu, nonbait.

KOLDO

Igoera kriminalaren osteko geldiuneak lasaitu nau. Haize bolada batekin batera, Laurak jertsea jantzi du. Biak gaude erosoago honela. Bidea erabat zelaitu da. Eguzkia atsegin dut.

Elkarrizketa eramangarriagotara jo beharra nuen eta, halabeharrez, aspaldiko kontuak berreskuratu ditut. Ikastolako kontuak hasteko, gero ez dakit noren bizitza errepasatu diot, eta beste haren maitasun kontuak, herriko jaietako pasarteak, lagunen arteko besarkadak eta labankadak. Tira, txapa antologikoa eman diot. Isildu zaitez behingoz, arranopola!

Txirrindulari bikote bat gurutzatu zaigu. Aupa! ozen batekin agurtu ditut. Piriniotako gailur eskuraezin eta malkartsu batean ez gaudela kontutan izanda, ozenegi akaso. Fitipaldi hutsa naiz. Ozenegi, rediós! Dena dela, txirrindulariek nire bakarrizketa beste bide batetik bideratu dute… egia esateko, ez dakit zehazki nondik, Laura jertsea kentzen ari delako berriro ere.

Ufa. Jainkosa.

Aurrera egin du. Praka motzen azpian kuleroek, estu, eperdiaren bihurgune guztiak nabarmentzen dizkiote.

Bere parean jarri naiz. Baina orduan bere bi begiek nire bi begiekin egin dute topo. Honela ez naiz sentsuzko ezer esateko gai.

Ezin diot aurpegitik behera inora behatu.

Zer dabil sujetadorearekin aurrera eta atzera?

Titipuntak gogortu zaizkio?

Hankartean kilikak nabari ditut. Ezin egon. Desira. Lasai… egon lasai hankarte maitagarria; egon lasai, mesedez. Faborez. Arren. Otoi.

Eskura nituen aukera guztiak aztertu eta lurrera begiratzen tematu naiz.

Lurra da orain nire territorio libre bakarra.

Hareharrizko zidor hauek berdin-berdinak dira guztiak. Lokatz beilegiz kakaztuak. Putzu gehienak guztiz arre daude; hobe honela, halako batean Lauraren isla ikusi baitut apur bat garbiago egon den horietako batean. Ez dut bidea ezagutzen baina aldi berean ezin dut denbora guztian lelo baten moduan GPSaren laguntzaren bila jo.

Galdu egin naiz.

Jainkosak, ohi duen errukitasunez, hartu beharreko bidea atzean utzi dudanean, batere ez dit esan. Hain da bihozbera Laura.

LAURA

Munarrikolanda. Eguneko tontorra, ikurrina eta guzti. Mendizale petoa zara. Koldok zure bigarren tontorra dela jakingo balu… tira, hilerriko tontor aldapatsuarekin hiru dituzu. Azken momentuko gora-behera, atzera-aurrera eta ezker-eskuin bitxiek neka-neka eginda utzi zaituzte.

Maskaraz libratu eta arnas luzea hartu duzu, azkenik. Koldo begiratu duzu. Berak ere maskara kendu du. Zuri so dago. Serio, edo. Keinuka, agian. Segundo pare batez luzatu duzue begirada. Arraro xamar. Pentsakor, edo. Zeinen ondo zahartzen diren batzuk.

Bat-bateko danborrada zure bularrean. Ai, ama! Ce n’est pas possible!

Getxoztarrak izaki, zuen askatasuna baldintzatzen duen mugarri geodesikoan eserita dago Koldo. Zu Berangoko mugaz haratago; legez kanpo, agian. GPSarekin tematu da. Gero bere Mary Poppins moduko zorro erraldoia ikertu eta mandarina bi eskaini dizkizu. Koldo, dagoeneko, lagun duzula iruditzen zaizu. Ibonen laguna, berez, Ibon bera baino ezagunago.

Barruruntzkoan arakatu duzu. Egiari zor, ez dakizu haurtzaroko Ibon idealizatu hartaz deus ere ez. Ez duzu bere ahotsa gogoratzen ere. Duela hogei urteko Ibon hura duzu gogoan. Aspaldiko eszenek osatzen dute zure maitalearen izaera. Zaila da zu ezagutzea, Ibon. Sorotan Bele etorri zaizu burura. Irudi baten izkutatzen zera, Ibon, iraganaren oroimenagatik.

Nobiarik badaukazu?

Horrela bota diozu, daga baten moduan, gordin. Zure barruruntzkoei askatasun osoa esleituz. Nahi gabe, hausnartu gabe. Eroa, Laura.

KOLDO

Maskara kendu du. Sudur harroa agerian, azkenean osorik, ezin perfektuago. Ametsetan baino dastatu ez ditudan ezpaina haragitsu bigun heze horiek… ufa. Bista lausotu zait. Hankartean presioa. Hankartean munarria.

Nire bi begiek bere bi begiekin egin dute topo. Talka. Hankak dardarka hasi zaizkit. Ezpata-dantza penagarria. Mandarina guztiak lurrera jausi zaizkit. Malabarretan ere, kale. Kamisetarekin garbitu eta fruta bi eskaini dizkiot. Ez du begirada alderatzen. Halako hozkirriak gorputz osoa zeharkatu dit. Zertaz doa begirada jasanezin hau?

Nobiarik dudan itaundu dit.

Totel bihurtu naiz. Soinu bat isuri dut. Berbarik ezin ahoskatu.

Ez…

Ezetz esaten saiatu naiz.

Baina bere mingaina eztarriraino sartua nuen daborduko.

LAURA

Ez diozu erantzuna emateko astirik eman. Iztartea busti-bustia zenuen eta titi-zorroak eztanda egin behar zizun. Musukatzea, demasekoa. Eskua zakilean paratu diozu, zart, doazela pikutara zure barneko kate eta beldur guztiak.

Erotasun puntu egokiarekin itzartu zara gaur, Laura.

KOLDO

Ametsetan egon behar dut.

Hankartean plantatu dit eskua.

Arnasteko gelditu denean bururatu zaidan lehenengo memelokeria botatzeko astirik ere ez dit eman. Vule vu avec mua, edo holako zerbait. Hobe honela.

Jainkosa nire gainean jesarri da.

Ametsa edo errealitatea den ebazten astirik galdu barik bere kamiseta estuaren barrutik sartu dizkiot eskuak, biak ala biak. Sujetadorea lehenengoan askatu diot. Kremailera jaitsi dit. Nik bere prakak alboratu.

Ametsa da.

Goraka eta beheraka hasi da. Txiri-txiri, hasieran. Zoro baten moduan, berehala. Garrasia ere bota du. Aienea. Zarata gorgarria. Orroa. Irrintzia. Zer dakit nik.

LAURA

Bere zakila barruan gozatzean kanpora atera dituzu atera beharreko zalantza guztiak.

Letek aipatzen zuen espirituaren argitasun hura, zeozer izatekotan, hauxe da. Askatasuna, zeozer izatekotan, hauxe da.

Norberaren askatasunaren muga, baina, besteena ez urratzean omen dago eta, hor nonbait, amodioa egiten zeundetenean gerturatu diren bi mendizaleen askatasuna baldintzatu duzuela ematen dizu.

Doakiela, hemendik, erotasun puntu egokiarekin itzartu denaren barkamen eskaera.

jatorrizkoa ikusi

2013-2021
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07