blogak

Kaixomaitia

London bero eta heze

Liburuxka ireki dut. Orrialdeek abesti haren hitzak harrapatuak izango zituelakoan, ahoan hortzek egin
didadate kuku. Lixtu geruza heze batek hartu du nire ahoko barrunbea. Mingainaz batu ditut lerdeok eta
era gogorrean irentsi dut. Nire urtebetetzea da eta Euskal Herritik heldu zait Mikelen oparia.

Londoneko kale hutsek oihuka diote lanerako tenorea iritsi dela. Zortziak dira puntu-puntuan eta
Westminster jauregian zelatari egiten dio so hiri industrialari Big Ben ordulari kantariak. Puntualtasun
ingelesaren erakusgarri hasi da kantuan kanpaikadaz-kanpaikada, eta instant berean Erreginaren
auzokide guztien ateak batera ireki direla dirudi. Bat batean, instant batean, kale hutsen oihuak ixildu
eta londondarren zapaten takoien kolpe lehor eta mutuak baino ez dira entzuten metropoliko arteria
guztietatik mugimendu zentripetoan. Citya ordu laurdenean bete egin da eta Thames gainetik, jende
uholde batek hartu du hiriaren erdialdea. Nola ez, eguraldiaren iragarpenaren beharrik ez dago hiri alu
honetan, beti bero, beti umel plazer eta apetak euri gortina baten atzean ezkutatuak.

Logelako leihoaren aurka inmolatu egiten dira Iparraldeko itsasoan kondentsatutako ur tanta suizidak.
Leihoaren bestaldeko hotza entzun egiten da eta izarek etxe barruko bero epela goxotu egiten dute.
Oraindik izara baino ez dut erabiltzen lo egiteko, mantaren pixuak ito egiten nau eta hotz handirik ez da
sumatzen, nahiz eta blai eginda izertzen naizen egunero.

Luzatu ditut gorputz adarrak. Lotsagabeki ukabilek ohe aurreko pareta kolpatu duten arren, eta besoak
gotortuta zeuden kobazulotik ernaldu diren arren, lotsati agertu dira ohearen atzeko aldean goxo-goxo
zetzaten behatzak, hatz errotik puntara hatz bakoitzeko falange bakoitza arteztuz. Besoak ziplo jausi
dira izara artera eta begiak ireki gabe birrezkutatu sargori infernaletan. Sigi saga sugeen antzera izaraz
jantzitako izterretatik kontrako sorbaldara igaro dira nire eskuak lehendabizi. Bihotz taupadak entzutea
ezinezkoa egiten zaidan arren, London hartzen dabilen dutxak gomutra ekarri dizkit Mikelek etxean
pasatzen zituen gau londinenseak, bero bezain hezeak. Gogoratu dut bere herri debekatuko, hizkuntza
debekatuan kantatzen zituela goizero dutxa hartzen zenbait kanta. Nik ezin ulertuta begiratzen nion
ohean etzanda zelatari, adi-adi, komuneko ateak eta markoak nire barrenak eragin zituen gizon horren
erakusleiho bihurtuz.

Bularrei heldu diet eta kolpe batez ireki ditut begiak. Hozka egin diet ezpainei. Derrepentean,
zuziriaren pare disko jogailuari play sakatu diot eta gizon zahar gaixo baten ahotsa, kitarra zahar baten
arpegioa eta Londoneko dutxa amaiezina dira Mikelen gorpuztaile. Gomuta eta errealitatea zirimolan
jolastuz hasi dira batzen, nahasten, orlegitan urdin eta beilegiak bat egiten duten eran.

Maite ditut
maite
geure bazterrak
lanbroak
izkutatzen dizkidanean

Mikel dutxatik irtetzen zenean, toaila gerrian, bapore artean irribarretsu… Jostari ohean sartzen zenean,
kilimen uholdeetan surfean sartzen ninduenean, barre itsasoetan begiak itxi eta arnasik gabe geratzen
nintzenean, momentu haiek erlojuz kanpo uzten ninduten. Arnasa berrartzean eta baso trinkoz
inguratutako perla bilduma eskeintzen zidanean, magnetismoak eraginda bezala bukatzen nuen bere
ezpainetan. Orduan, begiek mundua amatatzen zutenean, laztanek eta plazer beharrek soilik argiztatzen
zutenean – gure gorputzen goxotasuna osoago dastatzea xede -, orduan, bizitzara bueltan nentorren;
orduan, nintzen sexuaren bizi-ahalmenaren jabe.

Orlegian galduta nagoela ezpainari gogorrago heldu diot eta arnastea oztopatzen didaten bihotz
taupaden galopeak sabel gaineko bular azpikoak laztanduarazi dizkit. Kilima inuzenteak hasieran;
erraz, laztan digital bihurtu direnak; azkenik, bularrak osoki esku beroekin heldu, eta titiburuetatik tira
egiteko.

zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten
uzten

Bere babadun esku handi beroekin titietatik heltzen zidanean, bere zakil handituaren indarra
ipurmasailen artean ferekan nabaritzen nuen bakoitzean, begiek euren funtzioa galdu eta mundua
lausoarazten zidanean, ukimena ikusmenarazten zidan, nire larru zurixkarako poro bakoitzeko beginini bat ernalduko balitz. Benetan ikusi ez, baina dena xeheki ikustea sentitzen nuen orduan.

Berotasunak sargori bihurtzen zituen Apolo eder eta sutsuak. Fereka ez zen nahikoa. Kirtenetik
heltzeko beharra eragiten zidan, beti. London nuen hankartean, bero bezain heze, eta eskuan helduta
urrutitik, debekatutako herrialdetik, etorritako marinelaren zakila. Nahiz eta atzetik gainkatzen zebilen,
ez nituen begirik behar izaten Londoneko eguraldipean gizon hura murgiltzeko, poroen begi-niniekin
aski.

Esku batekin estutzen jarraitu dut ezkerreko bularra. Grabitateak, magnetismoak edo libidoak
sortutako bero bulkadak Londonera eraman dit eskua, goizeko zortzirak, lanera joateko orodua.
Zilborra alde batera utzi eta sabel azpikoa helburu duen metro luze ta mantxoa da nire eskua, besoa
sabelean zehar sigi-saga sugeen pare. Helmuga jo du metroak eta lanerako ordua heldu da. Kanpo
ezpainetatik barneratu egiten den zurrunbiloa da nire London, bero bezain heze. Eragin diot eskuari.
Kanpo ezipainak segituan busti dira.

orduan hasten bainaiz
izkutukoa…
nere barruan bizten diren
bazter miresgarriak
ikusten.

Zamari eta cowboy jokoa elkartrukatzen genuen. Batzuetan nik zamalkatzen nuen bera segituan berak
ni zamalkatzeko. Pasuan hasi egiten zena galope bihurtzen zen denbora gutxian, Bentley elegantea
ginen, bi zaldiren potentziarekin nahikoa zuena, irlari bira eman eta sekula ez gelditzeko. Amaiezinak
zitzaizkidan intziriak, heldulekuak, erritmo bizitze eta lasaitzeak, posturak. Denak kitzikatzen gintuen:
gure buru libidotsuen hormona gaindosia ederretzen zuten hile bakoitzaren ehundura, hauek ehunean
batu eta igortzen zuten usaina, gure sexuen kiratsekin batua; bere begiak nire begietan; esku bat
errapetan sujetadore gisa; hortzak agerian arnasestuka bere pelbisaren, neurearen, erritmoan, ispiluan
islatua London utzi Old far Westrn funny night!, Bentley boteretsuan

Euria ari du Londonen eta uholde batek urpean uztear dauka munduko hiriburu zaharra. Bentleyari
zaldien erdia falta bazaizkio ere bere lana ondo egiten dabil. Heze bezain bero, abiada bizian, bularreko
zelula bakoitzaren existentziaren jabe izanda, mundua lausotua daukadala, bat batean, agertu egin zait
begien aurrean eta gorputzeko begininidun poro ireki likatsu guztiek eman didate instant berean ber
kolpe batez nire gorputzeko milimetro bakoitzaren existentziaren bermea. Entzun ditut Bentlryaren
orroak martxek gorago egin ezean, erreboluzionatuta, motorrak ezin gehiago emanda; bero, oso bero
hezetasuna uholde bihurtua.

Entzun dut, eta ohartu naiz. Jefferson jaunak isuri egin du nire aurpegian.

Astelehenero legez dut ohean nirekin. Astelehenero bezala utzi dizkit berrogeita hamar liberak
mesanotxe gainean. Astelehenero bezala erantzi behar izan dizkiot arropak: kaxemir fularra lepo
puztuan kiribildua, Armani jaka beltz pixutsu garestia – kontu handiz! Zure alu zikin hori erabiltzea
baino hamar aldiz garestiagoa da eta! – zetazko atorra zuria, botoiez boti, “Era sexyan egiten duzula
irudi diezaiola, ez dadila konturatu bere bular iletsuak, izerditan dutxatuak, ematen dizun nazka”- nire
golkorako-. trajearen prakak, pintza eran lixatuak. Orbain beilegiz susmagarriki apaindutako
galtzontziloak.

Astelehenero bezala aditu behar izan ditut bere erretolikak, sermoiak, hau eta bestea. Bere andrarekin
izandako eztabaidak… kitzikagarria oso. Etorri da horren ondotik, astelehenero bezala, Mikel herrialde
debekatutik hizkuntza debekatuan kantatzen zuen maitale haren gomuta lanera ekarri beharra, Jefferson
jaunaren amorruek, frustrazioek, haserrek, antsiek ihesbide bat izan dezaten.

Astlehenero bezala, azkar, arineketan jantzi da Jefferson jauna, bere kabuz, mesanotxean erabilitako
kondoia eta zerbitzuaren truke emandako berrogeita hamar euroak utzi dituela. Zutitu naiz ohetik.
Zigarroa piztu egin dut eta gerturatu naiz disko jogailua datzan sinfonier gainera. Play sakatu dut.
Oraingoan benetan irten dira bozgorailuetatik gizon zahar gaixo baten ahotsa eta kitarra zahar baten
arpegioa hizkuntza debekatuan, ulergaitz. Diska gotortua zegoen plastikozko kutxari ein diot so.
Abestia kantatu eta ulertu nahi nuen eta liburuxka ireki dut. Orrialdeek abesti haren hitzak harrapatuak
izango zituelakoan, ahoan hortzek egin didate kuku. Lixtu geruza heze batek hartu du nire ahoko
barrunbea. Mingainaz batu ditut lerdeok eta era gogorrean irentsi dut. Nire urtebetetzea da eta Euskal
Herritik heldu zait Mikelen oparia. Liburutxoak, baina, ez zuen aitatzen zahar hark kantuz zioena,
honakoa baizik:

maite ditut maite
zure bazterrak lanbroak
edertzen dituenean.
Maite ditut maite
zure formak,bihotz eta
taupada amaigabeak
maite ditut irrifarreak,
algarak, kexu,
eta gorroto negarrak
maite dut zu izan
eta nire aurka egite hutsa,
zure izana sendotzen duen oro
nirea osatzean
maite dut…


Mikel Artze

jatorrizkoa ikusi

2013-2024
Blogetan! Blog izarren bila

AZKUE FUNDAZIOA
Agoitz plaza 1, 48015 Bilbo, Bizkaia
Tel. 94 402 80 81 - Faxa. 94 405 24 07